Herritarrei irekita Zerkausiko terraza

Tolosako Udala
2020/07/17 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • 09:00etatik 22:00etara egongo da zabalik, herritarrek aisialdirako edota lasai egoteko espazio gehigarri bat izan dezaten.

  • Herriko eremuen eta horien erabileraren azterketa egin ostean, gune publikoak antolatu ditu udalak herritarren eskura egon daitezen, desinfekzio lanak areagotuta eta betiere segurtasuna lehenetsiz.


 

Herritarren erabilerarako zabaldu da Zerkausiko terraza, 09:00etatik 22:00etara egongo da irekita, eta ordutegi horretatik kanpo ezingo da bertara sartu. Herritarrek aisialdirako edo lasai egoteko gune bat izan dezaten ireki da gunea, jende pilaketak ekidin eta herritarrak Tolosako gun ezberdinak erabiltzeko aukera izan dezaten udara honetan. Terraza zabaldu aurretik garbiketa plana garatu du udalak, herritar eta erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko.

Egoerak hala behartuta, prebentzio eta segurtasun neurri guztiak hartuta ireki da Zerkausiko terraza. Koronabirusak eragindako itxialdia amaituta, herriko guneen azterketa egin du udalak, aisialdirako guneen erabilera zehazteko eta guneen erabilera antolatzeko. Azterketa horren helburua da Tolosako herritar guztiek, modu seguruan, udaz gozatu ahal izatea udalerrian bertan.

Jakina denez, Covid-19agatik garbiketa lanak areagotu egin dira espazio publikoetan eta Zerkausiko terraza zabaldu aurretik sakonki garbitu eta desinfektatu da.

Segurtasun gomendio orokorrak jarraitzea ezinbestekoa izango da terrazan ere, udalerriko gainerako guneetan bezala. Udalak kartelak jarriko ditu jarraitu beharreko neurriekin sarrera eta irteeretan. Musukoa erabiltzea derrigorrezkoa da eta gainerako neurri guztiak errespetatzea eskatzen da.