Hiri azpiegituren mantenu lanak indartu ditu Brigadak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/01/24 | Obrak, Zerbitzuak
  • Hiri altzariak, zoladurak, arketak eta bestelako elementuen konponketa lanak egiten aritu da herri lanetako lantaldea asteotan herri osoan zehar.
  • 2024an mantenu lanetara bideratutako aurrekontu bikoitza izango du udalak.

 

2024. urtea hasi denetik, hiri mantenuko lanak egiten jardun da herri lanetako brigada, Tolosako hainbat gunetan. Denbora luzez hondatuta egon diren hiri altzari, sareta, ubide, baldosa eta zoladurak konpontzea izan da lanen xedea. Trabagarri edo bolardo gehiago ere jarri dira, hainbat puntutan.

Udazken partean, azoka berezi eta bestelako ekitaldi ugarirekin, muntaia eta desmuntaia lanetan zentratu izan da brigada, batik bat. Urte hasierarekin, ordea, lehentasuna mantenu lan horietan jarri du obra lanetako taldeak. 

«Hiri altzariak eta zoladurak konpontzeko zerrenda luzea du udalak, horietako batzuk denboran nahi baino gehiago luzatu direnak. Egiteke asko geratzen dela jakitun gara, baina gure lehentasuna da behar horiei irtenbide azkarragoa eman ahal izatea. Eskaera asko jasotzen ditugu kanal ezberdinetatik. Guztiak jaso eta zerrendatuta ditugu, eta horiei aurre egiten joango da brigada. Bestelako lanak eskatzen dituzten obren kasuan, kontratazioak bideratzen joan nahiko genuke. Hiri altzarien mantenu plana ere osatu nahi dugu», azaldu du Ander Figuerido, hirigintza zinegotziak. 

Mantenu lan horiek gauzatzeko, gainera, orain arteko aurrekontuaren bikoitza izango du brigadak, 2024. urterako.

Urte hasiera honetan, besteak beste, Trianguloan, San Frantzisko pasealekuan, Arramelen, Berazubin, Amarotzen, Zumalakarregin, Izaskun Auzoan eta Lizardi olerkaria plazan egin dituzte obrak. Hurrengo asteetarako, berriz, Nafarroa Etorbidean, Emeterio Arresen, Iurre Auzoan edota Kondeaneko Aldapan egitea aurreikusten dute, beste puntu batzuren artean.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaerak

Tolosan kokatuta egon arren, beste azpiegitura batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak dira. Hain zuzen, horien mantenuaren inguruan hitz egiteko bildu ziren, aste batzuk atzera, udaleko eta Aldundiko Azpiegitura Saileko ordezkariak. 

Tolosako Udalak hainbat eskaera egin zizkion Aldundiari, eta horietako batzuk dagoeneko bideratu edo burutu ditu, esate baterako, Zubi Berriko -Dama Berdeko- biribilguneko zoladura arazoen konponketarena.

Landa eremuko auzoetako errepideetan hobekuntzak egitea ere eskatu du udalak, Aldaban, Uganen, Urkizun eta Bedaion, hain zuzen. Bedaion, esaterako, interbentzio bat aurreikusia du jada Aldundiak, urteetan arazoak ekarri dituen bihurgune batean, 5. kilometro inguruan. Gainerako hiru errepideetan hobekuntzak egiteko azterketa egiteko konpromisoa hartu zuten foru arduradunek.

Aurrera begirako beste zenbait proiekturen inguruan ere jardun zuten. Kondeaneko Aldapan, Berazubira jaisteko bidea hasten den puntuan, espaloia eta errepidea altuera berean daude, eta horrek segurtasun arazoak sortzen ditu. Bi erakundeek elkarlanean espaloia zabaldu eta errepidetik banatzeko azterketa egitea adostu zuten. 

Tolosako erdigunea eta Amarotz auzoaren arteko lotura ere izan zuten hizpide. Tolosako Mugikortasun Planean jasota dauden irizpideak jarraituz, irtenbide bat emateko azterketa sakonago bat egiteko konpromisoa hartu du Aldundiak. 

Olarrain auzoaren inguruan ere bi puntu nagusi jorratu dira. Bata, bidegorriaren egoerarena. Ibaiaren aldera hondoratzen ari da zoladura, eta Aldundiak konpontzeko azterketa martxan jarriko du. Bestetik, Olarrain auzotik Tolosako irteerara doan zubian oinezkoentzako bidea arriskutsua da. Teknikoki ez da soluzio bideragarririk ikusi, eta aukera bakarra HAPOan jasota dagoen oinezko zubia eraikitzea litzateke. Bi erakundeek aukera horren inguruan aukera ezberdinak aztertzen jarraituko dute, puntu horri irtenbide bat eman nahian.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA