Instalazioetan berrikuntzak egiteko eta komunikazioa hobetzeko neurriak hartuko dituela hitz eman dio Iberdrolak Udalari

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/06/29 | Obrak, Zerbitzuak
  • Iberdrolaren esanetan, datorren astelehenerako Tolosan programatuta dagoen argindar mozketak Auzo Txikia eta San Esteban auzoetako 17 herritarri eragingo die, eta dagoeneko jakinaren gainean daude.

 

Gaur goizean Tolosako Udaleko eta Tolargiko arduradunak Iberdrolako ordezkariekin bildu dira azken egunotako argindar mozketen inguruko azalpenak eskatu eta neurriak hartzeko.

Iberdrolak emandako azalpenen arabera, sare elektrikora erori ziren bi zuhaitzek eragin zituzten joan den osteguneko eta astelehen goizeko mozketak. Astelehenekoa, gainera, irisgarritasun zaileko eremu batean izan zela zehaztu du konpainia elektrikoak, eta horri egotzi dio konpontzeko igaro behar izan zuen denbora luzatu izana.

Mozketek herritar, komertzio eta lantoki askori eragindako eragozpen eta kalteak ikusirik, etorkizunera begira neurriak har ditzaten exijitu du Udalak.

Bada, instalazioetan berrikuntzak eta ikuskapenak egiteko eta Tolargirekin konexio berriak egiteko aukerak aztertzeko konpromisoa hartu du Iberdrolak, baita Udalarekin komunikazio zuzena hobetzeko ere.

Astelehenean, argi-mozketa

Iberdrolak matxura eta bestelako intzidentzien berri ematen duen atarian datorren asteleheneko 11:00etarako programatuta dagoen mozketari buruz galdetuta, konpainiak argitu du mantenu lanetarako egingo den mozketa puntuala izango dela, eta lokalizatuta dituztela eragin eremuak.

Auzo Txikia eta San Esteban auzoetako 17 bizilaguni eragingo diete lanek, eta konpainiak Udalari jakitera eman dionez, dagoeneko harremanetan jarri dira haiekin. Herritar hauei eragingo die:

  • Auzo Txikia: 1, 3 eta 4 zenbakiak, bakoitzean bezero bana
  • San Esteban Auzoa: 63 (bost bezero), 63-1, 63-2, 65, 66, 67 eta 67-1 zenbakietan bezero bana.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA