Iparragirre kalearen zati bat norabide bakarreko bihurtuko da, oinezkoentzako bidea egin eta aparkaleku gehiago sortzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/12/22 | Obrak, Zerbitzuak
  • Aldaketa honekin, ibilgailuentzako 30 aparkaleku gehiago izango dira Garmendiola aldapa eta Iparragirre kaleen arteko eremuan.
  • Datorren asteazkenetik aurrera burutuko dituzte margoketa lanak, eta hilaren 27 eta 29 artean, lanek irauten duten bitartean, ezingo da bertan aparkatu.

 

Garmendiola aldapa –Gainberri eskolaren eta Guardia Zibilaren koartelaren arteko bidea– eta Iparragirre kalearen zati bat norabide bakarrekoa izango da aurrerantzean.

Bi helburu izango ditu aldaketa honek: alde batetik, Garmendiola aldapan oinezkoentzako bidea egin nahi da, inguruko bizilagunen eta Gainberriko ikasleen oinezko joan-etorria modu seguru eta irisgarrian gauzatu dadin. Bestetik, aldaketa eginda aparkaleku leku kopurua ia bikoiztu egingo da.

Oinezko bidea Garmendiola aldapan

Gaur egun, aldapa horretan aparkaleku ilara bat dago, eta ez da oinezkoentzako biderik. Sei metrotik beherako zabalera du, eta ez da bateragarria oinezkoentzako pasabidea sortu eta aparkalekuak mantentzea. Hortaz, aldapa horretatik aparkalekuak kenduko dira, oinezkoen bidea egin ahal izateko. 

30 aparkaleku gehiago

Iparragirre kalean ere, 3 eta 4 etxebizitza zenbakietara arte, aldaketak izango dira, eremu horretan aparkaleku gehiago egin ahal izateko. Leku falta izaten da inguruan, eta modu horretara, arazo horri irtenbidea eman nahi zaio.

Gaur gaurkoz 36 autorentzako lekua dago, ilaran. Bada, aurrerantzean baterian aparkatzeko lekuak jarriko dira kalearen erdira arte –Kondeaneko aldaparako bidegurutzera arte–. Hain zuzen, aldapa horretan eta Iparragirre kalearen beste erditik aurrera aparkalekuak sortuko dira, ilaran. Orotara 66 aparkaleku izango dira, horietako bat egokitua.

 

Hori egin ahal izateko, Iparragirre kalearen zati horretan norabidea aldatu beharko da. Orain arte bi norabideko zirkulazioa izan du, baina iparretik hegorako noranzkoan Gainberri parera iritsita moztu egiten da bidea. Orain norabide bakarrekoa izatera pasako da: Garmendiola aldapatik sartu beharko da, Iparragirre auzunera joateko. Ezingo da kontrako noranzkoan joan. Erdibidean, Kondeaneko aldapara doan bidea ere zentzu bakarreko bihurtuko da, jaitsierakoa, alegia.

Datorren astean egingo dituzte aldaketa berriak seinaleztatzeko pintaketa-lanak. Hori dela eta, lanek irauten duten bitartean, hau da, hilaren 27tik 29ra, ezingo da bertan aparkatu.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA