Iurramendiko eremuan alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzeko lanean ari da Udala

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/07/07 | Obrak, Zerbitzuak

Tolosako udal gobernuak herrian dagoen etxebizitza eskariari erantzuteko lanean jarraitzen du. Iurramendiko azpiesparruaren baitan, urrats bat gehiago eman da. Behin betikoz onartu da Iurramendi pasealekuko birpartzelazio proiektua. Dokumentu hau izanik, onartu beharreko azken tresna urbanistikoa, orain, obra-lizentziak emateari ekingo dio Udalak eremuaren garapenerako obrekin hasi ahal izateko.

 

Birpartzelazio proiektu honen eskutik, administrazioari dagokion eraikigarritasunaren %15aren lagapenaren kontura,  udalak, BOE lursail bat bereganatzeaz gain, 848.022,16 euro jasoko ditu dirutan eta alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzeko erabiliko dira aipatu baliabideak. Hori da udal gobernuaren borondate eta proposamena Tolosako alokairuko etxebizitza babestuen parkea handitzeko helburuarekin. Lehenik eta behin, proiektua idatzi beharko da, ondoren, etxebizitzak eraikitzen hasi ahal izateko.

 

Iurramendiko eremuan, guztira, 114 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da: 23 babestu, 40 tasatu eta 78 libre. 23 etxebizitza babestu horietatik, 15, alokairura bideratuko dira, eta gainerakoak salmentara.  Etxebizitza tasatuen deialdia udazkenean egitea aurreikusten du udalak.

 

Berdegune zabala ere herritarren eskura

Iurramendi pasealekuko eremuaren hirigintza garapenari esker etxebizitza aukera berriak sortzeaz gain, Iurramendiko berdegunea eskuratu eta herritarren eskura jarriko da. Guztira, 61.365,02 metro karratuko espazioa urbanizatuko da eta %89a herritarren aisialdi eta gozamenerako izango den berdegune eta parkea izango da.

 

Etxebizitza alorra, lehentasunezkoa

Udal gobernuarentzat lehentasunezkoa da herrian dagoen etxebizitza eskariari erantzutea eta tolosarrei Tolosan bizitzeko aukera bermatzea. Hori dela etxebizitza hutsak merkaturatzeko ekimenak sustatzeaz gain, legealdi hasiera-hasieratik ari da gobernua auzogune berriak sortzeko hirigintza garapena bultzatzen, udalerriko etxebizitza babestuen parkea handitu eta herritarrei etxebizitza alorrean aukera berriak eskaintzeko helburuarekin.

Gauzak horrela, ondorengo hirigintza garapenak daude abiatuta:  Amarotz (lehen fasean: 111 alokairu babestuko etxebizitza, bigarren fasean 185, 81 babestu eta 104 libre); San Kosme eta San Damian (20 etxebizitza tasatu, 30 libre), San Frantzisko 37 (23 etxebizitza libre), Aldez Zaharra (36 etxebizitza).  Aurrera begira ere lanean dihardu gobernuak ondorengo eremutan: San Esteban, Zubizarreta eta Miserikordia Zaharra.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA