Landa auzoen etorkizunari buruzko azterketa Bedaiotik abiatuta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/11/17 | Obrak, Zerbitzuak
  • Landa auzoen etorkizuna bermatzeko eta horiek bizirik mantentzeko helburuarekin, udalak, Bedaio auzoari buruzko Plan Estrategikoa garatzeko prozesua abiarazi du.

  • Tolosako landa auzoek behar eta eskaera antzekoak eta erronka amankomunak dituzte, beraz, garatzen den plana aplikagarria izango da gainerako landa eremuko auzoetan, esaterako, Urkizun eta Aldaban.

  • Plana auzotarren parte hartzearekin garatuko da eta hainbat gai barne-bilduko ditu: etxebizitza, jarduera ekonomikoa, ekipamendu eta azpiegiturak, auzoko antolaketa eta kohesioa eta udalarekin harremantzeko bideak.

 

 

Landa auzoen etorkizunari buruzko azterketa egitea 2019-2023 Legealdi Planean eta 2020ko aurrekontuetan jasotako ekintzetako bat da. Eta dagoeneko abiarazi du azterketa-lana udalak.

Landa eremu zabal bezain aberatsa du Tolosak. Hori dela eta, landa auzoen etorkizuna bermatzeko eta horiek bizirik mantentzeko beharrezkotzat jo du udalak horien inguruko azterketa egitea, auzotarrekin elkarlanean.

Landa auzoek nortasun berezia dute, geografiko herri erdigunetik aldenduta daude. Bedaio, Urkizu eta Aldaban, adibidez, biztanleen zati bat herri kaskoan bizi da, besteak baserri eremuetan. Etorkizunera begira ere, landa auzoek behar eta eskaera antzekoak dituzte, erronka amankomunak. Horien artean:

  • Etxebizitza falta bertan geratu nahi duten gazteentzat.

  • Jarduera ekonomiko falta eta nekazaritza-abeltzaintza ustiapenen gain-behera.

  • Zerbitzu eta azpiegituren falta, adibidez, adineko pertsonen ekipamenduei edota saneamendu sareei dagokienez.

 

Hori dela eta, lehenik eta behin Bedaio auzoari buruzko azterketa egingo da, Plan Estrategikoa eta Ekintza Plana garatzeko, auzoaren beharrak kontuan izanda eta udalarekin harremantzeko bideak ere aztertuta. Bedaio oinarri hartuta garatuko den Plana baliagarria izango da gainerako landa auzoetarako eta aplikagarria izango da, hortaz, Urkizun eta Aldaban, esaterako.

Auzotarren iritziak jasotzea ezinbestekoa izango da eta beraz, prozesua partehartzailea izango da, auzotarren ekarpenak bildu eta auzotarrekin elkarlanean Plan Estrategiko garatzeko.

 

Faseak eta epeak

Hiritik at aholkularitza enpresa arduratuko da Bedaioko etorkizunaren inguruko hausnarketa eta azterketa egiteaz.

Prozesuak 4 fase izango ditu:

  1. Aurkezpen saioa: auzotarrekin aurkezpen saio irekia egingo da bertan lanaren nondik norakoak, metodologia eta epeak azaltzeko. Era berean, auzotarren lehen ekarpenak jasoko dira eta landu nahi diren gaien inguruko ideiak ere bai.

  2. Elkarrizketak: auzoko izaeran murgiltzeko eta auzoko beharren eta etorkizunari buruzko informazio eta iritzi desberdinak jasotzeko elkarrizketak egingo dira.

  3. Saio tematikoak: aurreko saioetan jasotako informazioa oinarri hartuta 4 saio tematiko egingo dira ondorengo gaietan sakontzeko: etxebizitza, jarduera ekonomikoa, ekipamendu eta azpiegiturak , auzoko antolaketa, kohesioa eta gobernantza.

Saio hauetan gai horiekiko lanketa zehatza egingo da proiektu posibleak identifikatzeko.

  1. Batzarrak: saio tematikoetako emaitzak jaso eta aztertu ostean, 2 batzar egingo dira informazio onetsi eta lehenesteko, ekintza plana zein udalarekin harremantzeko eredua zehaztu eta onartzeko.

 

Covid19aren ondorioz, elkarrizketa eta saio batzuk modu telamatikoan egin ahal izango dira eta presentzialki egiten diren saioetan segurtasun neurri guztiak beteko dira.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA