Larramendiko behin behineko biribilgunea egonkortzeko lanak Gabonen ondoren

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/12/15 | Obrak, Zerbitzuak
  • Halaber, asfaltatze lanak ere egingo dira urtarrilean 4 gune ezberdinetan: Andre Mari kalean, Rondilla kalearen atzealdean, San Blas auzoko hilerrirako bidean eta Usabalen, Antenarako bidean.

 

 

“Tolosa Badabil” Mugikortasun Plan berriaren baitan, eta mugikortasun asteaz baliatuta, 2020ko irailaren 23an, Larramendi eta Ibaiondoko kaleen eta Arrameleko zubiaren arteko bidegurutzea biribilgune bihurtzeko froga abiarazi zuen Udalak bertako trafiko fluxuak arintzeko helburuarekin.

Hortaz, semaforoz araututako bidegurutzea biribilgune sistema batera aldatu zen. Proba honek balio izan du ikusteko aldaketa honek zer nolako eragina duen auto ilaretan, segurtasunaren pertzepzioan, estres mailan… Probaren emaitzak adierazgarriak izan zitezen, beharrezkotzat jo zen astebeteko iraupena luzatzea herritarrak egoera berrira ohitzeko.

Probaldia amaituta ikusi da auto ilarak ia desagertu egin direla, baita puntako ordu-tarteetan ere eta oinezkoen zirkulazioari dagokionez, semaforoak kentzeak areagotu egin duela zirkulazioaren arintasuna.

Probaren arrakasta eta herritarren harrera ona ikusita Udalak erabaki du biribilgunearen behin behineko konponbideari eustea eta biribilgunea egonkortzeko beharrezkoak diren lanak gauzatzea, behin betiko biribilgunea eraikitzen den bitartean.

 

Semaforo eta bide-marrak kendu, plataforma eraiki eta zoladura konpondu

Egun dauden eta biribilgunea osatzen duten elementuak epe motzerako diseinatu ziren (bide-markak, segurtasun hesiak…) eta orain ezinbestekoa bilakatu da biribilgunea segurtasun eta funtzionaltasun baldintza egokietara egokitzea, dagoen galtzadaren eta espaloiaren espazioak kontuan izanda.

Biribilgunea egonkortzeko lanak urtarrilean hasiko dira, Gabonen ondoren, eta zehazki ondorengo lanak egingo dira: biribilgunea diseinatu eta erdiko irlatxo eta plataforma eraikiko dira, zoladura konponduko da, seinaleztapen horizontal zein bertikala egokitu eta hobetuko da, oinezkoentzako babes-hesiak jarriko dira arriskua dagoen zatitan egurrezko eta altzairuzko hesi mistoak erabilita eta oinezkoentzako pasabideetako galtzada-arrapalak murriztuko dira eremua irisgarriagoa izan dadin.

Bide argiztapena ere indartu egingo da, semaforoak kenduko dira eta dauden bide marrak ere bai.

Lanek 10 asteko iraupena izango dute eta Bixente Otegi Lizaso SL enpresa arduratuko da obrak gauzatzeaz, 33.445,79 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin.

 

Asfaltatze lanak 4 gunetan:

Era berean, Gabonen ondotik, asfaltatze lanak ere egingo dira Andre Mari kalean, Rondilla kalearen atzealdean, San Blas auzoko hilerrirako bidean eta Usabalen, Antenarako bidean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA