Laskoain kalea eraberritzeko lanen bigarren fasea astelehenean hasiko da

Tolosako Udala
2021/05/07 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Lehen fasea amaitzeko, asfaltatze lanekin hasiko dira gaur eta datozen asteetan margoketa lanak egin eta hiri-altzariak eta kaleko argiak jarriko dira. Ekainaren lehen hamabostaldirako dena amaituta egotea aurreikusten da.

  • Oinezkoei lehentasuna ematea eta eremuaren irisgarritasuna hobetzea dira lanen helburu nagusiak. Kalearen eraberritzearekin bertako merkataritza jarduera ere sustatu nahi da, “Gune Biziak” proiektuaren bitartez.

 

 

Laskoain kaleko obrak martxa onean doaz eta azpiegiturak eta zorua eraberritzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Dagoeneko, lehen faseari lotutako lan sakonenak amaitzear daude, eta astelehenean hasiko dira bigarren faseari dagozkion lanak egiten. Lehen fasean Laskoain-Nafarroa etorbidea arteko eremuan egin dira lanak, eta orain Laskoain eta Gudari kaleen arteko eremuan egingo dira. Lehen faseko lanak amaitzeko asfaltatze lanekin hasi dira gaur, eta datozen asteetan margoketa lanak egin eta hiri-altzariak, lorategiak eta farolak jarriko dira. Ekainaren lehen hamabostaldirako lan horiek amaituta egotea aurreikusten da, eta ondoren zabalduko da eremua trafikora.

 

Bigarren fasea, astelehenean

Astelehenean ekingo zaie obraren bigarren faseko lanei eta, beraz, Nafarroa Etorbidetik edota Gudari kaletik sartu eta irten beharko dira Laskoain 14-16-18 eremuko aparkalekuetara. Tarteka sarbidea galarazita egongo da eta abisu bidez jakinaraziko da astebete lehenago. Lehen fasean bezala, etxeetako atarietara eta saltokietara oinezko sarbidea une oro bermatuko da.

Lehen faseko eremua trafikora zabaldu bitartean, ibilgailuak Paulo Rekondotik bideratuko dira eta bertatik sartu beharko da Felipe Digiols-Laskorain aparkalekura eta Foruen Etorbidetik Lopez Mendizabal aparkalekura.

Bigarren fase honetan ere, Lopez Mendizabal eta San Frantzisko arteko eremuaren eraberritzea gauzatuko da, eremu osoari itxura bateratua emanez.

 

Eremu atseginagoa

Kalea atseginagoa bilakatzea dute helburu Laskoainen egiten ari diren lanek. Bertako azpiegiturak berritu dira; jasangarritasunaren bidean, saneamendu sarea berritu da euri urak eta ur zikinak bereizteko, eta kale-argiztapen berria jarriko da Led argiak erabilita, energia kontsumoa murrizteko. Irisgarritasuna hobetzeko, espaloiak zabaldu egin dira eta espaloia zein errepidea maila berean jarriko dira. Hiri altzari berriak eta lorategiak ere jarriko dira eremu osoan.

Behin lanak amaitutakoan, “elkarbizitza gunea” izendatuko da Laskoain kalea, eremu honetan oinezkoek lehentasun osoa izan dezaten. Ondorioz, autoek abiadura murriztu beharko dute aipatutako gunean.

Kalearen eraberritzearekin bertako merkataritza jarduera sustatu nahi du udal gobernuak, Nafarroa Etorbidea edota Gudari kaleekin gertatu den moduan. Eta helburu horrekin ere, “Gune Biziak” proiektua garatuko da bertan, merkataritza paisaia berreskuratu eta merkataritza jarduera sustatzeko.

Euskal Herria plazako zoladura berritzeko lanak erritmo onean

Euskal Herria plazako arkupe azpiko zoladura berritzeko lanek ere aurrera jarraitzen dute, eta datorren astean hasiko dira harri berria jartzen Topic-eko arkupe aldean.

Udala herriko eremu ezberdinak eraberritzeko egiten ari den ahalegin eta plangintzaren baitan kokatzen dira Laskoain kaleko eta Euskal Herria plazako lanak, tolosarrei herri garbia, atsegina eta zaindua eskaintzea helburu hartuta dagoena balioan jarriz eta mantentzeko lanak gauzatuz, espazio publikoa egoera onean mantentzeko.