Laskoain kalea eraberritzeko lanen inguruko informazio saioak bizilagunekin eta merkatariekin

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/11/30 | Obrak, Zerbitzuak
  • Abenduaren 9an izango dira bi saioak: 13:30ean merkatariekin eta 19:30ean bizilagunekin, Kultur Etxean. Egungo egoera dela-eta, saioetan parte hartzeko baieztapena eman beharko da.

  • Laskoain kalea urbanizatzeko proiektuaren inguruko azalpenak eta zehaztasunak emango dira aurkezpen saioetan.

 

Laskoain kalea eraberritzeko lanak urtarrilean hasiko dira, Gabonen ondoren, eta horien inguruko azalpenak emateko saio bana egingo da eremu horretako merkatariekin eta bizilagunekin. Aurkezpen saioak abenduaren 9an izango dira, Kultur Etxeko areto nagusian, 13:30ean merkatariekin eta 19:30ean bizilagunekin. Informazio saioetan parte hartuko dute udal teknikariek eta obra gauzatzeaz arduratuko den enpresako ordezkariak proiektuaren nondik norakoak azaldu, epeak zehaztu eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Saioetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, abenduaren 4a baino lehen, gaur egungo egoera kontuan hartuta edukierak zaindu eta bertaratuko direnen segurtasuna bermatzeko. Saioetan parte hartu nahi duten merkatariek ooiartzabal@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943697521 telefonora deitu behar dute, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Bizilagunek, berriz, UDATE Herritarren Arreta Zerbitzura idatzi edo deitu behar dute: udate@tolosa.eus helbidera edo 010 edo 943654466 telefonoetara (7:15etik 14:15era eta ostegunetan 7:15etik 19:00tara).

 

Irisgarritasuna hobetzeko obra, oinezkoek lehentasun osoa izan dezaten

Laskoain kaleko azpiegiturak eta zorua eraberrituko dira. Besteak beste, hornikuntza sarea berrituko da eta hiri altzari eta lorategi berriak jarriko dira. Jasangarritasunaren bidean, saneamendu sarea ere berrituko da euri urak eta ur zikinak bereizteko eta Led argiak jarriko dira kale argiztapenean.

Irisgarritasuna hobetzeko, espaloiak zabaldu egingo dira, maila berean jarriko dira espaloi zein errepideak eta “elkarbizitza gunea” izendatuko da Laskoain kalea, oinezkoek eremu horretan lehentasun osoa izan dezaten. Ondorioz, autoek abiadura murriztu beharko dute aipatu eremuan. Zirkulazioaren norabideak bere horretan mantenduko dira eta aparkaleku kopurua murriztu egingo da espaloiak zabaldu ahal izateko. Zamalanetarako tokia ordenatu egingo da eta edukiontziak kokaleku berri batean jarriko dira.

Kalearen eraberritzearekin bertako merkataritza jarduera sustatu nahi du udalak, Nafarroa etorbidea edota Gudari kaleekin gertatu den moduan. Eta helburu horrekin ere, “Gune Biziak” proiektua garatuko da bertan, lokal hutsak merkaturatzeko egitasmoa, merkataritza paisaia berreskuratu eta merkataritza jarduera sustatzeko.

Construcciones Mariezcurrena S.L. enpresa arduratuko da lanak egiteaz, 546.470,63 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne), eta zortzi hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA