-
Gabonen ondoren ekingo zaie lanei merkatariengan ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko.
-
Abenduan bilerak egingo dira bizilagunekin eta merkatariekin, proiektuaren eta lanen nondik norakoak azaltzeko.
Covid19ak behar berriak sortu ditu aurten eta horietara bideratu behar izan ditu indarrak eta baliabideak udalak. Larrialdi egoeraren ondorioz ere, administrazio epeak etenda izan dira hilabeteetan eta horrek atzeratu egin ditu 2020 urteko lanen kronogramak.
2020 urteko aurrekontuen egokitzapena egitean inbertsio publikoa mantentzearen aldeko apustua egin du udal gobernuak, 2019-2023 Legealdi Planean jasotako proiektuak aurrera eramaten jarraitzeko helburuarekin, inbertsio publikoaren bitartez jarduera ekonomikoa sustatzeko.
Gauzak horrela, dagoeneko Laskorain kalea eraberritzeko lanak esleituta daude eta Construcciones Mariezcurrena S.L. enpresa arduratuko da horiek aurrera eramatez, 546.470,63 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).
Gabonen ondoren, urtarrilean, ekingo zaiei lanei, merkatariengan lanek sor ditzaketen eragozpenak gutxitzeko, eta 8 hilabeteko iraupena izango dute.
Gabonak garai berezi bezain garrantzitsuak izaten dira Tolosako merkataritzarentzat, are eta gehiago, gainera, egungo testuinguruan, sektore guzti-guztiengan izan duelako eragina larrialdi egoerak eta beraz, obrak egun batzuk atzeratzeko erabakia bertako merkataritza jardueraren mesedetan hartu da.
Bizilagun zein merkatariekin informazio bilerak, baina, abenduan egingo dira betiere egoerak ahalbideratzen badu. Aurrez-aurreko bilerak egitea ezinezkoa bada, udalak beste aukera batzuk aztertuko ditu, telematikoki egitea, esaterako. Bileren datak eta formatua aurrerago zehaztuko dira.
Oinezkoek lehentasun osoa
Laskorain kaleko azpiegiturak eta zorua eraberrituko dira. Besteak beste, hornikuntza sarea berrituko da eta hiri altzari eta lorategi berriak jarriko dira. Jasangarritasunaren bidean, saneamendu sarea ere berrituko da euri urak eta ur zikinak bereizteko eta Led argiak jarriko dira kale argiztapenean.
Irisgarritasuna hobetzeko, espaloiak zabaldu egingo dira, maila berean jarriko dira espaloi zein errepideak eta “elkarbizitza gunea” izendatuko da Laskorain kalean, oinezkoek eremu honetan lehentasun osoa izan dezaten. Ondorioz, autoek abiadura murriztu beharko dute aipatu eremuan.
Zirkulazioaren norabideak bere horretan mantenduko dira eta aparkaleku kopurua murriztu egingo da espaloiak zabaldu ahal izateko. Zamalanetarako tokia ordenatu egingo da eta edukiontziak kokaleku berri batean jarriko dira.
Kalearen eraberritzearekin bertako merkataritza jarduera sustatu nahi du udal gobernuak, Nafarroa etorbidea edota Gudari kaleekin gertatu den moduan. Eta helburu horrekin ere, “Gune Biziak” proiektua garatuko da bertan, merkataritza paisaia berreskuratu eta merkataritza jarduera sustatzeko.
Gernikako arbolako obren eta Euskal Herria plazako zorua berritzeko lanen esleipenak ere martxan
Dagoeneko abiarazi ditu prozesu biak udalak eta aurreikuspenen arabera, obrei 2021eko martxoan ekingo zaie.
Euskal Herria plazako kasuan, arkupe azpiko zorua eraberrituko da eta Gernikako Arbolaren kasuan, ur hornidura eta saneamendu sarea berritzeko lanak amaituta, 2. faseari ekingo zaio.
Gernikako 2 faseko lanek helburu dute bertako irisgarritasuna hobetzea, mugikortasuna hobetzea, azpiegiturak berritzea eta genero ikuspegitik ere eremua seguruagoa bilakatzea.
Zehazki espaloi eta errepidea maila berean jarriko dira, espaloien zabalera handituz, oinezkoei lehentasuna emanez. Iparraldeko (anbulatorioko) eta hegoaldeko (jatetxeko) arrapalak berritu egingo dira irisgarriagoak eta seguruagoak izan daitezen
Zirkulazioaren noranzkoa bere horretan mantenduko da eta 14 aparkaleku ere mantenduko dira. Landarediz eta zuhaitzez hornituko da eremua, eserlekuak ere jarriko dira eta azpiegiturei dagokienez, aireko lineak lur azpian sartuko dira eta argiteria ere berrituko da, urbanizatutako eremu guztian LED argiak ezarriz, energia kontsumoa murrizteko.