Paper kalea eraberritzeko lanak kontratatzeko prozesua abiatu du Udalak

Tolosako Udala
2021/07/14 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Enpresek proposamenak aurkeztu ditzakete dagoeneko, eta obrak esleitu ondoren, hasiko dira lanak; enpresa esleipendunak 5 hilabete izango ditu obrak gauzzatzeko. Lizitazioaren prezioa 559.108,7 eurokoa da (BEZa barne).

  • Berrurbanizazio-obren helburua da espazioaren irisgarritasuna, segurtasuna eta kalitatea hobetzea, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan berriaren baitan.

 

Udalak martxan jarri du Paper kaleko berrurbanizazio-lanak kontratatzeko lizitazioa. Berrurbanizazio proiektua eginda dago eta maiatzeko osoko bilkuran kreditu aldaketa onartu zen obrei ekin ahal izateko.

Beraz, Udalak kontratazio-prozesua hasi du eta interesa duten enpresek abuztuaren 16ra arte aurkeztu ditzakete proposamenak. Jasotako proposamenak aztertu ondoren, obrak lizitatuko dira, lanekin hasi ahal izateko. Enpresa esleipendunak 5 hilabete izango ditu obrak egiteko. Lizitazioaren prezioa 559.108, 7 eurokoa da (BEZa barne).

 

Irisgarritasuna, segurtasuna eta kalitatea hobetzea, Mugikortasun Iraunkorreko Plan berriari jarraiki

Lan hauen bidez, Udalak espazioaren irisgarritasuna, segurtasuna eta kalitatea hobetu nahi ditu, Mugikortasun Iraunkorreko Plan berrian jasotako neurriak kontuan hartuz eta ezarriz. Izan ere, berrurbanizazio-proiektua egiteko hainbat alderdi eta plan aztertu dira: Mugikortasun Jasangarrirako Plana, Iurramendi Eremuko Plan Berezia, ibilgailuen trafikoa, oinezkoen eta bizikleten zirkulazioa, irisgarritasun-araudia, eta argiteriaren eta euri-uren udal-sareak, besteak beste.

Lanak Berazubi kaleko eta Iurramendiko biribilguneen artean egingo dira, eta, zehazki, galtzadan eta erdibitzailean jardungo da. Erdibitzailea kenduko da espazioa irabazteko eta txirrindulariak oinezko eta ibilgailu motordunetatik bereizteko. Beraz, bizikleta-bide berriaren zoladura eta seinaleztapena hobetuko dira, eta galtzadatik bereizita egongo da, izan ere, udalerriko bizikleta-ibilbide garrantzitsua baita bertakoa. Kalea 30km/h eremu gisa indartuko da, 3 metroko zabalerako errepideekin, asfalto inprimatuarekin eta oinezkoentzako pasabide goratuekin, zirkulazio-abiadura murrizteko eta pertsonen segurtasuna hobetzeko.

Era berean, oinezkoen irisgarritasuna hobetuko da, iparraldeko espaloia handituz, oinezkoentzako pasabide berriak sortuz eta kalearen erdialdea espaloiaren kotara igota. Autobus-geralekua berritu egingo da eta aparkalekuen egoera hobetuko da. Motozikletentzako aparkalekuak eta bizikletentzako hiru aparkaleku jarriko dira, eta mugikortasun urriko pertsonentzako 3 aparkaleku gordeko dira. Horren guztiaren helburua da espazioaren erakargarritasuna eta kalitatea handitzea, Mugikortasun Jasangarrirako Planaren baitan, aurerra eramango diren obrak eta Iurramendiko Plan Berezian jasotako etorkizuneko jarduketak bateragarri eginez.

Azkenik, lurpeko edukiontzi zaharren eremuak egokituko dira eta argiteria-sarea aldatu eta hobetuko da, argiteria, kalearen sekzio berrira eta oinezkoentzako pasabide berrietara egokitzeko eta eraginkortasun energetikorako LED argiak jarriko dira. Mendebaldeko biribilgunearen ondoan dagoen baranda kendu egingo da eta egungo hiri-altzariak mantendu egingo dira, baita dauden zuhaitzak ere, eta babestu egingo dira, obrek irauten duten bitartean kalterik izango ez dutela ziurtatzeko. Egungo irlatxoetan, bi biribilguneen ondoan, antolamendutik kanpo geratzen diren 3 zuhaitz baino ez dira kenduko, Mugikortasun Plan Jasangarriak jasotzen duen bezala, Berazubi kaleko biribilgunearen ondoko pasabideetako bat atzera eramango delako eta espaloia zabalduko delako, mendebaldeko biribilgunera sartzeko irlatxoa murriztuz.