San Blaseko azpiestazioa eta linea elektrikoak berritu dira bizilagunen eskaerei eta beharrei erantzunez

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/10/18 | Obrak, Zerbitzuak
  • Iberdrolak erabat berritu du San Blas auzoan kokatuta dagoen Tolosako azpiestazioa eta etxebizitzen gainean zeuden zenbait linea lurperatu eta kendu egin dira segurtasuna eta inguruko bizilagunen ongizatea hobetzeko.

  • Egindako lanei esker azpiestazioko instalazioak modernoagoak, gaitasun handiagokoak eta inpaktu bisual txikiagokoak dira orain eta espazio berri bat berreskuratu ahal izan da Udalak egokitu eta tolosarren eskura jartzeko.

 

San Blas auzoko bizilagunen eskaerei erantzunez, eta Tolosako Udalaren bitartekaritzarekin, Iberdrolak hainbat hobekuntza egin ditu Tolosako azpiestazioan.

Gauzak horrela, berriki erabat berritu eta trinkotu da Tolosako azpiestazioa puntako teknologia ekipoak erabiliz. Potentzia handitu egin da (2x25 MVAraino) eremuaren eta udalerriaren etorkizuneko beharrei modu egokiagoan erantzuteko. Transformadore berriak zarata-maila txikikoak dira eta intsonorizatutako kaxetan kokatu dira inguruko bizilagunengan enbarazurik ez sortzeko eta haien ongizatea hobetzeko.

Instalazioak trinkotu direnez, ekipo elektrikoak aire zabalekoak izan ordez, eraikinen barruan kokatuta daude orain eta horrek asko murrizten ditu sor litezkeen arriskuak. Emaitza: instalazio modernoagoa, trinkoa, ahalmen elektriko handiagokoa, arrisku elektriko txikiagokoa eta inpaktu bisual- eta zarata-inpaktu txikiagokoa.

Lineak ezabatzea eta lurperatzea, segurtasun handiagoa izateko

Azpiestazioa berritzearekin batera, 30 kV eta 13,2 kV-ko lineen sarrera eta irteerak ere aldatu dira. Linea horiek, jatorriz, airekoak ziren, eta eraberritze lanen ondotik, lurperatu egin dira.

Era berean, etxebizitzen gainean zeuden bi linea kendu egin dira, auzotarren eskariei erantzunez. Zehazki, 13,2 kV-ko 280 m-ko linea eta zirkuitu bikoitzeko 30 kV-ko 110 m-ko linea kendu dira.

Era koordinatuan gauzatutako proiektua, auzotarren beharrei eta eskaerei erantzuteko

Patxi Amantegik, Ingurumen eta Obra eta Zerbitzuak sailetako zinegotzi arduradunak balioan jarri nahi izan du elkarlanean garatutako proiektu hau eta Iberdrolak bizilagunen eskariei erantzuteko izan duen borondatea eta egindako ahalegina ere eskertu ditu: “udalak bitartekari lanak egin ditu proiektu honetan, bizilagunen beharrak eta eskaerak jaso eta Iberdrolari helaraziz; horri esker, hasierako proiektuak aldaketak izan ditu bertako bizilagunen premiei erantzuteko eta Iberdrolak, San Blas auzoko bizilagunen eskaera guztiak aintzat hartu ditu. Horregatik, Tolosako Udalaren, bizilagunen eta Iberdrolako teknikarien artean era koordinatuan gauzatutako proiektua dela esan dezakegu” azpimarratu du Amantegik.

“Hobekuntzak nabariak dira, bertako bizilagunen ongizatearengan noski, baina baita instalazioei dagokienean ere, etorkizuneko beharrei erantzuteko segurtasunari eta potentzialtasunari lotuta gaitasun handiagoko instalazio berrituak ditugulako” adierazi du Amantegik.

Parke berria herritarren eskura

Amantegik azaldu duenez, azpiestazioa trinkotzeari eta hainbat linea lurperatu eta kentzeari esker, auzoan herritarrentzako gune bat berreskuratu da. “Obrak amaituta, berreskuratu den eremua egokitzeko eta tolosarren eskura jartzeko lanak zehaztuko ditugu; ez da oso eremu handia, baina parke bat sortzea da gure asmoa auzoan bizi diren bizilagunen ongizatea hobetzeko eta bertako bizilagunei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin” amaitu du Amantegik.

Azkenik, Iberdrolako i-DE enpresako teknikari eta arduradunek nabarmendu dute proiektu luzea eta teknikoki zaila izan dela, tamaina handiko instalazio bat berritu behar izan delako, inguruko bezeroei elektrizitate-hornidura uneoro mantenduz. “Uste dugu lortutako hobekuntzek konpentsatu egiten dutela bizilagunek obretan zehar jasan behar izan dituzten eragozpenak. Eskerrak eman nahi dizkiogu, gainera, Tolosako Udalari, elkarlanean aritu garelako erreformaren nondik norakoak zehazten, baimenak lortzen eta instalazio berria bideragarri egiteko alderdi guztiei erreparatzen” esan dute enpresako teknikari eta arduradunek.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA