San Frantzisko pasealekuko 47 zenbakidun etxebizitza eta 'Euskaldun berria' oinezkoen pasabidearen arteko espaloien urbanizazio konponketak gauzatuko ditu Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/11/27 | Obrak, Zerbitzuak
  • Urbanizazioaren egoera nahiko ona da gune berdean eta garajeen gainean, baina bi espaloiek patologiak ezberdinak dituzte, batez ere zuhaitzen sustraiek eragindako mugimenduagatik.
  • Honen aurrean, Udalak baldosak desmuntatu, lurzoruaren maldak berreraiki eta eremua urbanizatuko du.
  • Lanek 46.580 euroko kostua izango dute eta 6 asteko epean amaitzea dago aurreikusia.
  • Udalak lanean dihardu herriguneko hainbat eta hainbat eremu birgaitu eta berroneratuz. Herriaren eraberritze plana du abian, non Bidebieta auzoa, Bizkaia kalea, Nafarroa etorbidea, Batxiller Zaldibia edota Pedro Tolosaren birgaitzeak, beste hainbaten artean, amaitu diren; egun abian diren Gudari Kalea edota Kale Nagusiko pasabideak; eta hastear den Gernikako Arbolaren II. Fasea.

San Frantzisko pasealekuko 47 zenbakidun etxebizitza eta 'Euskaldun berria' oinezkoen pasabidearen arteko bi espaloien urbanizazio konponketak hasi berri ditu Udalak. Lanek 46.580 euroko kostua izango dute eta 6 asteko epean amaitzea dago aurreikusia.

Zehazki San Frantzisko pasealekua eta Oria ibaia elkartzen diren puntuan sortzen den oinezkoentzako gunean burutuko dira lanok, Oria ibaiko pasarela eta San Frantzisko 47 eraikinaren arteko espazioan. Eremuak triangelu forma du. Espaloi zati bat San Frantzisko ibilbidearen trazatua jarraituz eta bestea Oria ibaiaren ibilbidea jarraituz. Bien artean eremu berde bat sortzen da.

Urbanizazioaren egoera nahiko ona da gune berdean eta garajeen gainean, baina bi espaloiek patologiak ezberdinak dituzte:

  • San Frantzisko aldeko espaloiak 3,60 metroko zabalera dauka. Barnealdean gune berdea eta kanpoaldean errepidea. Zuhaitz lerro bat dago espaloiaren mugan. Zuhaitzak asko hazi dira eta sustraiak zintarriaren eta baldosen artean hedatu dira, ondorioz baldosak altxatu dira espaloiaren maldak deformatuz. Hori dela eta, euri urak ez dira errepideko hustubideetara bideratzen eta putzuak sortzen dira.

  • Oria ibaiaren alboko espaloiak ere 3,60 metroko zabalera dauka. Barnealdean gune berdea eta kanpoaldean ibaia mugatzen duen horma. Kasu honetan zuhaitz lerroa erdian kokatzen da. Eremu honetan zuhaitzen sustraiek ez dute arazorik sortu, baina lurzoruaren asentamentu bat izan da, eta puntu baxuena espaloiaren erdialdera pasatu da, ur-ebakuazio puntuak baino baxuago.

Honen aurrean, Udalak baldosak desmuntatu, lurzoruaren maldak berreraiki eta eremua urbanizatuko du:

  • San Frantzisko aldeko espaloian, lehenik eta behin zuhaitzen sustraiek eragindako kalteak konponduko dira, horretarako, baldosak altxatu eta sustraiak kenduko dira. Ondoren, 1 metro zabalerako lerro berde bat sortuko da. Bertan, 20-40 zm altuerako zuhaixka herrestariak landatuko dira (adibidez Cotoneaster dammeri). Horrela, sustraiek lekua izango dute hazteko urbanizazioa pitzatu gabe. Bestalde, zuhaizka hauek mantenimendu txikia eskatzen dute eta errepidearen eta espaloiaren artean barrera bisual bat sortzen dute. Gainontzeko espaloia, 2,40 metroko zabalerarekin gaur egun bezala geldituko da. Lerro berdearen eta espaloiaren arteko luzera guztian hustubide sareta bat kokatuko da espaloiko urak jasotzeko. Hustubide horiek gaur egungo euri uren ebakuazio sarera konektatuko dira. San Frantzisko 47 eraikinaren aparkalekuen parean, baldosak altxatu, sustraiak garbitu, eta zoladura lehendik dagoen eran kokatuko da.

  • Oria ibaiaren alboko espaloia altxatu ondoren, oinarria asentatuko da. Maldak sortuko dira puntu baxua espaloiaren erdian kokatuz. Hustubide berriak lerro baxu horretan zehar jarriko dira, lehendik dagoen kolektorera konektatuta. Ezarriko diren baldosek gaur egungoen ezaugarri berdinak izango dituzte. Zuhaitzentzako 1x1 metroko alkorkeak egingo dira, ondoren zoladura drenante bidezko kapa zurrun batekin beteta.

Udalak lanean dihardu herriguneko hainbat eta hainbat eremu birgaitu eta berroneratuz. Herriaren eraberritze plana du abian, non Bidebieta auzoa, Bizkaia kalea, Nafarroa etorbidea, Batxiller Zaldibia edota Pedro Tolosaren birgaitzeak, beste hainbaten artean, amaitu diren; egun abian diren Gudari Kalea edota Kale Nagusiko pasabideak; eta hastear den Gernikako Arbolaren II. Fasea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA