San Frantzisko pasealekuko bidegurutzea eraberritzeko lanen lehen fasea amaituta, biribilgunea laster egongo da martxan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/05/17 | Obrak, Zerbitzuak
  • Saneamendu lanak egin dira, euri uren sarea eta ur beltzen sarea bereizteko, eta orain biribilgunea eraikiko da San Frantzisko eta Pedro Tolosa artean, oinezkoen ibilbideak, bidegorriak eta ibilgailuen zirkulaziorako galtzaden diseinua kontuan hartuta.
  • Lanak egin diren bitartean zerbitzu guztiak martxan mantendu dira uneoro.

 

 

Martxoan hasi ziren San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzea biribilgune bihurtzeko hirigintza-lanak. Udalak behin betiko soluzio bat diseinatu du oinezkoen ibilbideak, bidegorriak eta ibilgailuen zirkulaziorako galtzadak barne hartzen dituena. Helburua da eremu horretako bizi-kalitatea, bide segurtasuna eta irisgarritasuna nabarmen hobetzea.

Saneamendu lanak amaituta

Saneamendu lanak eginda, amaitu da San Frantzisko pasealekuko bidegurutzea eraberritzeko lanen lehen fasea. Lanen aurretik, euri uren sarea Alliri kaletik zetorren, eta San Frantzisko kalera iristean, ur beltzen sareakin bateratzen zen, eta araztegira bideratzen ziren guztiak. Saneamendu lanei esker, sare bakoitza bereiztea lortu da: orain, euri urak zuzenean ibaira bideratzen dira, eta ur beltzak, ur hondakinen araztegira.

Lanak egitean sakoneran hiru metro baino gehiago dituen zulo bat egin da eta hainbat sare gurutzatu behar izan dira, hala nola telekomunikazioak, saneamendua, elektrizitatea, ur-hornidura eta argiteria publikoa. Dena den, lanak egin diren bitartean zerbitzu guztiak martxan mantendu dira uneoro.

Biribilgunea, berehala

Saneamendu lanak eginda, urbanizazio lanak amaituko dira berehala eta biribilgunea eraikiko da San Frantzisko eta Pedro Tolosa arteko bidegurutzean. Horrez gain, inguruko kaleak ere berrasfaltatuko dira. Lanek hamar eguneko iraupena izatea aurreikusten da, eguraldiaren arabera.

Biribilgunearekin, eremuko bizi kalitatea nabarmen hobetzea espero da, ibilgailuen abiadura motelduz eta oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuz. Gainera, zaratak gutxitu eta emisioak murriztuko dira.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA