Tolosako haur jolastokien berritze lanekin jarraituko du Udalak 2023an ere

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/01/27 | Obrak, Zerbitzuak
  • Asteburuan, esaterako, Zuloaga auzoko parkea zabalduko du, guztiz itxura berrituta: zorua berritu da eta egurrezko jolas berriak jarri dira txikien gozamenerako.
  • Tolosako Udalak iaz baino 100.000 euro gehiago bideratuko ditu aurten herriko haur parkeak berritu eta hobetzera, mota eta tamaina ezberdinetako parkeen eskaintza zabaltzeko helburuz. Horrekin batera, 2023an zehar Larramendi auzoan jolas-kirol gune berria sortzeko proiektua eta obra egingo dira, Aldabako jolas tokia aldatuko da edota ur parke baten kokapen egokia aztertuko da, besteak beste.

 

Tolosako Udalak jarraipena emango die 2023an herriko jolastoki desberdinak berritzeko ekindako lanei. Azken hilabeteotan San Esteban auzoko parkea, Plaza Berrikoa edota Amaiurrekoa berritu ditu eta 2023an zehar gauza berdina egitea aurreikusi du herriko beste hainbat haur jolastokiekin.

Izan ere, Udalak Tolosako jolastokien inguruko azterketa egina du, bakoitzaren egungo egoera ezagutzeko eta diagnosi horren arabera parkeetan esku-hartzeko. Eta hain zuzen Plan hori oinarri hartuta jarraituko du 2023an haur jolastokiak eraberritzen.

Horretarako, 200.000 euroko diru partida jaso du aurtengo aurrekontuan, iaz baino 100.000€ gehiago, alegia. Helburua da, herritarrek Tolosatzen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan eskatu eta lehenetsitako eskaera honi erantzunez, Tolosako haur parkeak hobetu eta mota eta tamaina ezberdinetako parkeen eskaintza  zabaltzea.

Zuloagako parkea itxura berrituta

Azken hilabeteotan berritutako parkeei orain Zuloaga auzoko jolastokiaren berritzea gehitzen zaio. Izan ere, asteburuan, itxura berrituta zabalduko da aipatu jolastokia, zoru eta jolas berriekin. Zorua kautxuzkoa da, erorketen inpaktua minimizatzeko jarria eta jolasak egurrezkoak dira guztiak, Amarotz auzoko parkearen tankerakoak.

Jolaserako eta aisialdirako eremua berriak eraikitzeko urratsak eginez

Parkeen berritzearekin batera, 2023an zehar, jolaserako eta aisialdirako eremu berriak eraikitzeko urratsak ere emango ditu Udalak. Lanketa horrek, amaitu berri den eta gazteekin elkarlanean garatu den Haur, Nerabe eta Gazteen Ekintza Planean jasotakoari erantzuten dio.

Urrats horien artean, esaterako, Tolosatzen aurrekontu-partehartzaileetan herritarrek egindako proposamenari erantzunez, Larramendi auzoan jolas-kirol gune berria sortzeko proiektua eta obra egitea aurreikusi du, baita auzo horretako 3-5 eta 7-9 zenbakietako plazak ekipatzea ere.

Era berean, Tolosako erdigunean pilotan jolasteko eta jolas gune gisa erabiltzeko frontoi estalia sortzeko aukera aztertuko du, Amarotzeko frontoia estaltzeko proiektua egingo du, Aldabako jolastokia aldatuko du, ur parke baten kokapena aztertuko du eta Agaramunduko plazaren ekipamendua ere aztertuko du.

Ekimen eta azterketa horien guztien helburua da haur eta gazteentzat jolaserako eta aisialdirako eremu berriak, seguruak eta egokiak eskaintzea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA