- Zubia eraitsi behar ez izateko alternatiba gehiagoren bila aritu da Udala, baina kontsultatutako aditu guztiek zubia ordezkatzea aholkatu dute.
- URA Agentziak udalaren eskura jarri ditu zirriborro berriak, egungo zubiaren itxura gehiago gordetzen duten aukerekin; Udala informazioa aztertzen ari da orain, eta guztia landutakoan, herritarrekin saio irekiak egingo dira.
Maiatzaren amaieran Tolosako Udalaren eta Uraren Euskal Agentziaren arteko bilera izan da, Zubiberriaren etorkizuna argitu asmoz. 2023ko otsailean ezagutzera eman zen unetik proiektuak herrian eragin duen kezka ikusirik, zubia eraitsi ordez lehenago egin litezkeen beste lan mota batzuk lehenesteko eskatua zion Udalak URA Agentziari. Udal gobernua aditu gehiagoren iritzien bila ere aritu da denbora honetan, beste alternatiba batzuk bilatzeko. Hala ere, eraginkorrena zubia ordezkatzea dela azpimarratu dute bai URA agentziako teknikariek, baita kontsultatutako adituek ere.
Zein da arazoa?
EAEn uholde arrisku gehien duen guneetako bat da Tolosa. Zehazki, Alde Zaharra eta zabalgunearen zati bat –Zumalakarregi, Trianguloa, San Frantzisko, Nafarroa etorbidea– dira, halakorik gertatuz gero, kalte gehien jasango lituzketen zonak. Aktibitate ekonomiko ugariko eremua da, eta kalteak jasan ditzakete. Mapa honetan ikus daiteke eragin eremua.
Zergatik Zubiberria?
Tolosan, bi zubi dira, dituzten ezaugarriengatik, uholde arriskuari begira, arazo gehien eragin ditzaketenak: Naparzubia eta Zubiberria. Ondarearen ikuspuntutik, lehenak babes maila altua du eta, ondorioz, bietako bat ordezkatzekotan, bigarrena lehenetsi izan da.
Zubiberriaren baoek eta altuera txikiak gaitasun hidraulikoa gutxitzen dute, hau da, ur gehiago pasa ahal izatea galarazten dute. Bestalde, Zubiberriaren aurretik eta ondoren, sedimentu asko pilatzen dira Zumalakarregi pasealekuaren aldean. Zubiaren ordezkapenarekin urak ahalmen handiagoa izango luke sedimentuak ibaian behera eramateko. Gutxiago pilatuko lirateke eta ibai-oheak behera egingo luke URAren ustetan.
Zergatik ez dragatu?
Teknikoki egin badaiteke ere –horregatik jasotzen zuen lehen txostenak aukera hori–, ez litzateke eraginkorra izango uholdeen eragina murrizteko. Gainera, bestelako ondorioak ere eragin ditzake: ibilguaren beraren eta ibilguan kokatutako elementu estrukturalen ezegonkortasuna handitzea, maila freatikoa hondoratzea edota bertako habitatak suntsitzea. Ibai-eremu naturala berreskuratzea eraginkorragoa da.
Eta ibaiertzeko landareak?
Uraren abiadura moteltzen laguntzen dute landare horiek, eta horrek uholde arriskua gutxitzen laguntzen du. Gainera, ekosistemarentzat beharrezkoak dira, espezie ugari baitituzte. Espezie batzuk inbaditzaileak dira, eta horiek kentzea aztertzen dabil udala, baita zenbait gune zehatzetan landare edo zuhaixka batzuk kentzea edo kimatzea ere. Esate baterako, zubien begietan indar handiz hazten diren espezieak, pikondoak kasu. Plangintza batekin egin behar da esku hartzea, irizpide teknikoei jarraituta, biodibertsitatea sustatzeko. Landaredia modu indiskriminatuan kentzeak ez du uholdegarritasun arriskua murrizten.
Hurrengo urratsak
URA Agentziak udalaren eskura jarri ditu zirriborro berriak, egungo zubiarekin antza gehiago duten adibide hainbat erakutsiz. Hain zuzen, horixe izan da udalaren eskakizun nagusia –bai aurreko nahiz egungo agintaldiko gobernuena–: Zubiberriaren antzekotasuna ahal bezain beste gordetzea, beti ere, uholdegarritasun arriskuari begira gaitasun hidraulikoa handituz. Oreka hori gehien mantentzen duen proiektuaren alde egiteko eskatu dio Udalak URAri.
Informazio guztia lantzen ari da orain Udala, eta prest izandakoan herritarren eskura jarriko da guztia. Aditu talde baten laguntzarekin informazio eta parte hartze saioak ere egitea da asmoa, azalpen guztiak emateko, iritziak entzuteko eta obren eragina aztertzeko.
Ondoren URA Agentziak exekuzio proiektua landu beharko du. Argitu behar da, ondorioa argia bada ere, oraindik ez dagoela lanak abiatzeko datarik zehaztuta.
«Argi dagoena zera da: ezer ez egitea ez dela aukera. Benetakoa da uholde arriskua. Klima aldaketarekin, gainera, areagotu egin daitezke halako fenomenoak. Horregatik segurtasuna lehenetsi behar dugu. Pertsonalki pena handia dut, nahiago nuke halakorik egin behar izatera iritsi behar izan ez bagenu, baina egindako kontsulta guztietan jaso dugun erantzuna irmoa da. URAren exekuzio proiektuaren zain geratuko gara orain, eta udalari dagokigunez, lanen eragina ondo antolatzen jarriko gara, zubi hori komunikazio bide oso garrantzitsua baita. Denbora tarte batean bertatik ezin igaro ahal izatea ez da erraza izango», adierazi du Andu Martinez de Rituerto alkateak.