Udalak Euskal Herria plazako arkupe azpiko zorua berritzeko obren inguruko informazio bilerak egingo ditu

Tolosako Udala
2021/03/16 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Martxoaren 22an, astelehenean, izango dira, goizean bertako ostalariekin, hoteleko jabearekin eta Topic-eko ordezkariekin eta arratsaldean, 19:00etan, bizilagunekin, pleno aretoan.

  • Egungo egoera dela-eta, bileran parte hartu nahi duten bizilagunek baieztapena eman beharko dute osteguna bitarte UDATEra, herritarren arreta zerbitzura, deituta edota idatzita.

  • Era berean, datozen egunetan azokagileekin ere elkartuko da Udala proiektuaren zehaztasun eta nondik norakoak azaltzeko.

 

 

Hainbat hirigintza lanei hasiera eman zaie aurtengo urtean, esaterako, Laskoain kalea eraberritzeko lanei, eta datozen hilabeetan beste hainbat obrei ere ekingo zaie, horien artean, Euskal Herria plazako zorua berritzeko lanei eta Gernikako arbolaren bigarren faseari.

Euskal Herria plazako zorua berritzeko lanekin hasi aurretik, Udala bertako bizilagunekin, ostalariekin, Topic-eko ordezkariekin, plazan kokatuta dagoen hoteleko jabearekin eta azokagileekin elkartuko da proiektuaren nondik norakoak azaldu eta lanen inguruko zehaztapenak emateko.

 

Informazio bilerak martxoaren 22an

Bilerak martxoaren 22an, astelehenean, egingo dira. Goizean elkartuko da Udala bertako ostalariekin, Topic-eko ordezkariekin eta hoteleko jabearekin. Aste honetan bertan jarriko dira guztiekin harremanetan bilerarako.

Arratsaldean egingo da bizilagunekin bilera. Pleno aretoan egingo da 19:00etan. Bileran parte hartuko dute alkateak, udal teknikari eta ordezkariek eta obra gauzatzeaz arduratuko den enpresako kideek lanen berri emateaz gain, herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Bileretan parte hartzeko bizilagunek izena eman beharko da aurrez, gaur egungo egoera dela-eta edukierak zaindu eta bertaratuko direnen segurtasuna bermatzeko. Bileran parte hartu nahi duten bizilagunek, osteguna bitarte, UDATE Herritarren Arreta Zerbitzura idatzi udate@tolosa.eus edota 010 edo 943654466 telefonoetara deitu beharko dute (7:15etik 14:15era eta ostegunetan 7:15etik 19:00tara).

Era berean, datozen egunetan azokagileekin harremanetan jarriko da Udala eta larunbatero bertan beren postua jartzen dutenekin ere elkartuko dira udal ordezkariak.

Euskal Herria plazako arkupe azpiko zorua berritzeko lanak faseka egingo dira, ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko bertako bizilagun eta sektore ezberdinengan. Lanak hasi baino astebete lehenago jakinaraziko da obren hasiera eta zorua berritzearekin batera eserlekuak berritu eta iturria txukunduko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA