Urkizun abeltzaintza sustatzeko ur depositua eraikiko da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/12/11 | Obrak, Zerbitzuak
  • Depositu berriarekin abeltzainen jarduera erraztu, sustatu eta beren bizi kalitatea hobetuko da eta landa eremuko ekonomia bultzatu, lurralde oreka mantentzeko eta landa eremuaren kontserbaziorako, izan ere, abeltzaintza beharrezko bezain onuragarria da ingurumenaren zaintzarako

  • Proiektua aurrera eramateko hitzarmena sinatu dute gaur Tolosako Udalak, abeltzainek eta Itelazpik. Tolomendik diruz lagunduko du ekimena.

 

Tolosako Udalak landa eremuko ekonomia sustatzea du helburu lurralde oreka mantentzeko, ingurumenaren kontserbaziorako eta tolosarrei bertako produktua kontsumitzeko aukera eskaintzeko.

Abeltzaintza beharrezkoa bezain onuragarria da ingurumenaren zaintza eta kontserbaziorako. Ingurumenaren ikuspegitik alturako larreak edukitzea onuragarria da interes handiko habitat-ak sortzen eta mantentzen dituelako, hortaz, abeltzaintza ustiapenak ahalik eta estentsiboenak izatea eta lurrari lotuta egotea ingurumenarentzat mesedegarria da beti.

Hori dela eta, landa eremuko ekonomia sustatze aldera, larreen hobekuntzarako proiektu ezberdinak garatu dira azken aldian inguruko udalerrietan.

Urkizun antenara iristeko bide berria eraiki da eta azpiegitura berriari esker, larreen erabilera erraztu egin da eta egun 5 baserri ezberdinetako abelburuak ibiltzen dira larrean. Guztira 100 abelburu. Halere, eremuak duen arazo nagusia ur falta da eta ondorioz, abeltzainek beren traktoreekin ur deposituak igo behar izaten dituzte larreak erabili ahal izateko.

Gauzak horrela, egungo beharrari eta bereziki abeltzainen eskariari erantzuteko, Artegietako antenako sabaian euri urak biltzeko depositua egingo da. Azpiegitura berriari esker, biltzen den euri ura erabili eta depositua zisternen bidez betetzeko aukera ere izango dute abeltzainek. Depositutik hodien bidez bideratuko da ura lursailetara. Proiektu erabat berritzailea da, beste inon ez delako antena baliatu eru urak biltzeko.

Ur depositu berriarekin abeltzainen jarduera erraztu, sustatu eta beren bizi kalitatea hobetuko da eta garraio gastuak eta denbora galtzeak murriztu.

Ildo horretatik, aldaketa klimatikoari aurre egiteko ezarritako bi lan ildo nagusiei erantzuten die proiektuak. Alde batetik, gasen isuria gutxituko da ura garraiatzeko joan-etorriak murriztuko direlako eta bestetik, azpiegiturak egungo egoerara egokitzea ahalbidetuko du, hau da aurreikuspenen arabera euri gutxiago baina intentsitate gehiagorekin egingo du datozen urteetan eta beraz, azpiegitura honek euri urak bildu eta erabiltzeko aukera eskainiko du.


Proiektua aurrera eramateko hitzarmena:

Tolosako Udalak, abeltzainek eta Itelazpik hitzarmena sinatu dute gaur goizean eta konpromiso zehatz batzuk ere hartu dituzte.

Tolosako Udalak proiektua eta obra egingo du eta lanen %50a finantzatuko du, gainerako %50a Tolomendik ordainduko du. Deposituaren jabetza udalak izango du eta erabilera arauak finkatuko ditu.

Itelazpik, antenako azpiegituran pilatzen den ura bildu eta hodi batez bideratuko du eta egokitzapen obra horien kostua Itelazpik berak ordainduko du.

Azkenik, abeltzainek depositua eraikitzeko beharrezkoa den zorua 30 urtez udalaren esku utziko dute, deposituaren mantenuaz eta ura beraien lursailetara eramateko beharrezko azpiegiturez ere arduratuko dira eta ura abeltzaintzarako soilik erabili ahal izango da.

 

Deposituaren ezaugarriak:

Iraunkortasun handiko hormigoizko depositua eraikiko da, erdi lurperatuta egongo dena paisaiarengan ahalik eta inpaktu gutxien izan dezan. Inguruan lizarrak landatuko dira.

Uraren garbitasuna bermatzeko dekantazio depositu txikia ere ezarriko da eta aireztapen naturala izango du kutsadura ekiditeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA