Zumarditxikiko 100 aparkalekuak Alondegia eta Lapurdiko aparkalekuetan jarriko ditu Udalak Alde Zaharreko bizilagunentzat erabilgarri

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/03 | Obrak, Zerbitzuak

Tolosako udalak gaur arratsaldean aurkeztu die Alde Zaharreko bizilagunei Zumarditxikiko aparkalekurako landutako alternatiba, hain zuzen eremu honetako bizilagunengan izango baitu eragin handiena honen eraberritzeak. Aurkezpenean izan dira Tolosako alkatea Olatz Peon, Xabier Balerdi zinegotzia eta herriko aparkalekuaren azterketa egin duten enpresako ordezkariak.

Alkateak azpimarratu du Tolosako Udala lan mardula egiten ari dela azken urteetan Zumarditxikia berreskuratu eta tolosarren eskura jartzeko. “Aurreko legealdian ekin genion proiektuaren lanketari, herritarrekin; eta ezarri genituen eremu honek bete beharreko baldintza eta helburu nagusiak eta baldintza eta irizpide horien baitan landu da proeiktua”.

Proiektuaren garapenarekin batera, epe motz ertain eta luzera begirako aparkaleku aukerak landu eta aztertu ditu Udalak. “Epe ertain eta luzera begirako alternatiben gainean lanean jarraituko dugu; epe motzera genituen aukeren artean, Ibaiondo kalekoa baztertu egin behar izan genuen indarrean dugun Mugikortasun Plana dela eta, beraz, lurazpiko aparkalekuak erabiltzeko aukera behin betiko alternatiba gisa lantzeko LEBER enpresarekin azterketa sakona egin dugu” azaldu du alkateak.

Zumarditxikia berreskuratzeko proiektua herritarrei aurkeztu aurretik azaldu nahi izan du Udalak aparkalekuen alternatiba. Aipatu behin betiko alternatiba lantzeko, esan bezala, Tolosako Udalak herriko aparkalekuaren eta bereziki Zumarditxikiko eta lurazpiko aparkalekuen erabileren inguruko azterketa sakona egin du Leber enpresaren gidaritzapean. Enpresa hau, garraioaren eta trafikoaren antolaketan espezializatutako aholkularitza enpresa da. Azterketa horren baitan, Zumarditxikira sartu edo bertatik irteten den kotxe bakoitza eta horien egonaldiak aztertu dira eta emaitza gisa, bertan aparkatzen diren ibilgailuen gehiengoa  (ia %80) Alde Zaharrean bizi diren pertsonenak direla ondorioztatu da. Emaitza horiek oinarri hartuta landu du Udalak gaur aurkeztutako alternatiba.

 

Zumarditxikiko plazak Alondegia eta Lapurdiko aparkalekuetan erabilgarri

Bileran azaldu den moduan, Zumarditxikian, gaur egun, 100 aparkaleku plaza daude.  Plaza gehienak %78 Alde Zaharreko bizilagunek erabiltzen dituzte eta, gainera,  kotxe asko ez dira mugitu ere egiten. Aparkalekuen %18 kanpotik datozen pertsonek erabiltzen dituzte, eta horiek egonaldi motzak egiten dituzte eta gainerako plazen  %4a Alde Zaharrean bizi ez diren tolosarrei dagokie. Kanpotik Tolosara izapideak egitera edota erosketak egitera datozenek badute eta izango dute non aparkatu egindako azterketaren arabera: San Estebanen, lurrazpiko aparkalekuetan edota egonaldi laburreko aparkalekuetan.

Datu horiek kontuan hartuta, eta erabiltzaileen gehiengoa Alde Zaharreko bizilagunak direla aintzat hartuta, bertako bizilagunentzat (Alde Zaharra, Euskal Herria plaza inguruko bizilagunak eta Santa Klarako bizilagunak barne hartuta) Zumarditxikiko aparkalekuaren alternatiba diseinatu du Udalak eta 100 plaza horien ordez,  Alondiga eta Lapurdiko lurrazpiko aparkalekuetan aparkatzeko aukera emango zaie, Udalak horretarako dirulaguntza emanez.

 

%50eko dirulaguntza

Alde Zaharreko bizilagunek bi bono modalitate izango dituzte aukeran ibilgailua Alondigan edo Lapurdin aparkatzeko: gaueko modalitatea eta egun osokoa.

Bonoen kostua 55€ eta 115€koa da hurrenez-hurren eta Tolosako Udalak bonoen kostuaren %50a ordaintzeko dirulaguntza emango die hilero Alde Zaharreko bizilagunei, hau da, hileko kostuaren erdia ordainduko du. Horri jarraiki, eguneko modalitatea 27,5€koa izango da hilero eta egun osokoa, aldiz, 57,5€koa. 

Diru-laguntza hau jasotzeko ezinbestekoa izango da Alde Zaharrean erroldatuta egotea eta aparkaleku pribaturik jabetzan ez izatea. Dirulaguntza emateko bizikidetza unitatea kontuan hartuko da. Bizilagunek ez dute plaza zehatz bat izango, TAOaren funtzionamendu bera izango baitute lur-azpiko aparkalekuek. Halaber, orain arteko berezitasun eta onura berdinez gozatzen jarraitu ahal izango dute Alde Zaharreko bizilagunek. Hau da, TAO txartela ere mantendu ahalko dute orain arteko baldintzak mantenduz.

Dirulaguntzak emateko ordenantza jada martxan du Udalak, Zumarditxiki eraberritzeko lanak hasterako Alde Zaharreko bizilagunek bonoen eskaera egiteko aukera izan dezaten. Ordenantza udal webguneko iragarki taulan dago ikusgai eta behin-betikoz onartzen denean zabalduko du Udalak dirulaguntzen deialdia.

 

Deialdia zabaltzearekin batera azalduko dira eskaerak egiteko bideen, aurkeztu beharreko dokumentazioaren edota ordainketen inguruko xehetasunak.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA