‘Hau EZ da komun bat’, kalean pixa egitearen aurkako kanpaina jarri du abian Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/02/20 | Obrak, Zerbitzuak
  • Inauteriei begira, kontzientziaziorako kartelak banatuko ditu Udalak saltokietan; interesa duten bizilagunek ere beren etxe atarietan jartzeko kartelak jaso ahal izango dituzte, kultur etxean, datorren astelehenetik aurrera.

  • Urte osoan zeharreko jai eta ekitaldi handiak osasun-moduluekin eta komun kimikoekin hornitzeko lizitazioa jarri du martxan Udalak, lehenengoz.

 

Urte osoan zehar herrian ospatzen diren festa eta ekitaldi handienetako jaigune nagusiak osasun-moduluekin eta komun kimikoekin hornitzeko lizitazioa esleitu berri du udalak, lehen aldiz, bi urterako. Helburu horretara ia 100.000 euro bideratuko ditu Udalak. 

Udalak ez du baliabide propiorik, ez maila teknikoan, ez eta materialean ere, hornidura egin ahal izateko. Orain arte, gainera, zerbitzu hau aldian-aldian kontratatu izan da. Lizitazioak, urte osoko plangintza egitea ahalbidetu du, eta modu koordinatuan egingo da sailen artean.

Lizitazioak udalerriko festa eta azoka berezi nagusietako, auzoetako jaietako eta bestelako ospakizun berezietarako komunak aurreikusten ditu: besteak beste, Inauterietarako, Bertako Haragien Azokarako, Sanjoanetarako, Toloboleirako, Garagardo Azokarako, Babarrunaren Festarako, Gabonetarako edota zenbait auzotako jaietarako. 

Pleguak lantzerako orduan, gainera, zenbait festetarako komunen hornidura are gehiago indartu da, ate joka ditugun Inauterien kasuan bezala. Horrela, egun gutxi barru ospatuko diren Inauterietan, komunen kopurua handituko da, Alde Zaharrean, Nafarroa Etorbidean eta San Frantzisko pasealekuan, batik bat. 

Kontzientziazio kanpaina, kalean pixa ez egiteko

Era berean, Udalak kalean pixa egitearen aurkako kontzientziazio kanpaina landu du, baliabideak jarri arren, norbanako bakoitzaren ardura ere badelako, bai jaiegunetan, baina baita egunerokoan ere, bereziki asteburuetan. 

«Udalak inbertsio handia egiten du egun garrantzitsuenetan komunak jartzeko. Beharrezko zerbait da, jai giroan dagoenari zerbitzua emateko; baina baita bizilagun eta komertzioengan sortzen dituen ondorioak gutxitzeko, eta kaleen degradazioa txikitzeko. Arazoa, ordea, urte osokoa da, eta udalak ez du ahalmenik astero-astero halakoak leku askotan jartzeko. Hori dela eta ezinbestekoa da norbanako bakoitzak arduraz jokatzea, ingurukoekiko errespetuz. Horregatik ere bai mezua urte osora zabaldu nahi dugu, ez Inauterietara bakarrik», azaldu du Andu Martinez de Rituerto alkateak, komunak erabiltzeko dei egitearekin batera.

Hau ez da komun bat’ lelopean, hiru eremutan jarriko du fokua kanpainak: kale, atari eta erakusleihoetan. Azpimarratu nahi izan da herriko kaleak, inguruko bizilagunen etxebizitzen atariak eta saltokiak ez direla pixatokiak, ekintza horiek herritarrengan sortzen dituzten ondorioak azaleratzearekin batera: kiratsa edo osasunaren kontrako higiene falta, batik bat.

Bideo bat eta kartelak landu dira. Azken hauek urte osoan zehar egongo dira eskuragarri. Inauteriei begira ale batzuk jarri eta banatuko dira eta hori pasata erabiltzen jarraitzea da ideia, kontzientzia hedatzen jarraitzeko. Ondorengo egunetan Tolosako saltokietan banatuko dira. Beren etxe-atari edo fatxadetan jartzeko interesa duten bizilagunen komunitateek ere kartelaren aleak hartu ahal izango dituzte Kultur Etxeko sarreran, astelehenetik aurrera.

Errespetatu. Elkarbizi’ kanpaina orokorra

Aipatu kontzientziazio kanpaina marko orokorrago baten barruan kokatzen da. “Errespetatu. Elkarbizi” leloaren pean, udalak aurre egin nahi die egunerokotasuneko hainbat arazori, kontzientzia pizteko kanpaina-erronda baten bidez. Zerrenda horretako lehen kanpaina da komunena, baina aurrera begira beste batzuk egitea aurreikusten da, animalien gorotzei edota hondakinen bilketari buruzkoak, esaterako. 

Fitxategiak: 
PDF icon HAUEZDAKOMUNBAT.pdf

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA