36 edukiontzi gehiago jarriko dira festa gune nagusienetan, Inauterietan kaleak garbiago izateko helburuarekin

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/02/24 | Obrak, Zerbitzuak
  • Are gehiago indartuko dira kale garbiketara bideratutako baliabideak: pertsona gehiago arituko dira garbiketa lanetan.
  • Horrez gain, karroza bakoitzari ere bina edukiontzi emango zaizkio.

 

Inauterietan ere kaleak garbiago izateko helburuarekin, baliabide gehiago bideratu ziren joan den urteko jaietan. Bide hori jarraituz, aurten ere are gehiago indartuko dira kale garbiketako baliabideak, komun, hondakinen bilketarako edukiontzi eta pertsonalari dagokionez.

Aurten pertsona gehiago arituko dira kale garbiketan lanean. Azken urteotan 40 langileko talde bat izan da egunero-egunero lanean; aurten 43 izango dira. Lanak 06:00etan abiatuko dira, goizerako kaleak txukun egon daitezen, asteartean izan ezik, 05:00etan ekingo baitiete lanei. Ostegun Gizenean eta Zaldunita bezperan –azoka eguna da– eguerdian ere egingo da garbiketa, Plaza Zaharrean eta Azokaren hiru guneetan. 

Edukiontzi gehiago ere jarriko dira: aurreko urteetan egin bezala, erdiguneko bilketa puntu nagusienetako edukiontzi arruntak aldatu eta obretan erabili ohi diren 13 edukiontzi handi –iaz baino 2 gehiago, Foru kalean eta Nafarroa Etorbidean– jarriko dira. Aldaketa Ostegun Gizeneko goizean zehar egingo da.

Horrez gain, jende gehien ibiltzen den eremuetan 1.000 litroko edukiontziak jarriko dira: 36 zehazki, erdia errefusa biltzeko eta beste erdia ontzi arinentzat. San Frantzisko pasealekuan zehar beira biltzeko hiru edukiontzi gehigarri ere jarriko dira. Horietako gehienak Zaldunita eguneko lehen orduetan jarriko dira dagokien lekuan.

Bestalde, karrozen elkartearekin ere urrats bat gehiago egingo da: igandetik asteartera karroza bakoitzari bina edukiontzi banatuko zaizkio, eta eurek hartu behar dute betetzean edukiontzi handietan husteko ardura, eta bueltan eraman beharko dituzte. Food-trucken inguruetan ere jarriko dira gisa horietako edukiontziak.

Pasa den astean aurreratu bezala, komun gehiago ere jarriko dira jai giro nagusienen inguruan, batik bat Alde Zaharrean eta erdiguneko kaleetan. 

Helburua bikoitza da: hondakinak botatzeko baliabide gehiago eskaintzea eta garbitzaileei beren lana ahalik eta modurik eraginkorrenean egiteko erraztasunak ematea. Iaz 54,5 tona hondakin jaso ziren, 2023an baino bost gehiago. 

Tolosako Udalak jai egunotan ere herria txukun mantentzeko eta arduraz jokatzeko deia luzatu die herritarrei zein bisitariei, guztion arteko elkarbizitza egokia bermatzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA