Zabalik da Belate eta Larramendi kaleen arteko oinezko pasabidea

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/10/16 | Obrak, Zerbitzuak
  • Zubian egiteke zeuden egokitzapenak eginda daudela eta dokumentazio guztia egokia dela ziurtatu ondoren, gaur goizean sinatu dira azken agiriak.
  • Zubia ireki eta martxan daude jada bi aldeetako igogailuak.

 

Gaur goizetik zabalik da Belate eta Larramendi kaleen arteko oinezko zubia. Zubian egiteke zeuden egokitzapenak eginda daudela eta dokumentazio guztia egokia dela ziurtatu ondoren, hilabeteetako atzerapenaren ondoren, goizean sinatu dira azken agiriak.

Bi izan dira zubiaren irekieraren atzerapenaren arrazoiak. Alde batetik, ikuskapenak egitean, gabezia batzuk antzeman zituzten teknikariek, eta horiek konpondu behar izan ditu enpresa arduradunak. Bestalde, eta behin konponketa horiek burututa, dokumentazio guztia aurkeztu behar zuen, obra amaierako baimenak eskuratu ahal izateko. Bada, pasa den astean jaso zituen udalak agiri guztiak, eta azken ikuskapena eginda, gaur eman da ontzat.

«Denbora honetan, eta atzerapenaz kontziente izanik, udaletik behin eta berriro exijitu diogu enpresari lanak berehalakoan amaitu zitzala eta dokumentazio guztia modu egokian aurkez zezala. Atzerapenak ezinegona eragin du auzoetan eta, hein batean, elkarbanatu ere egiten dugu sentipen hori. Hala ere, guztia ondo zegoela ziurtatu arte, eta dagokigun arduragatik, udaletik ezin izan diegu baimena eman», azaldu du Ander Figuerido hirigintza zinegotziak.

Zergatik egin da zubi hori?

Hasieratik zalantzak eragin dituen proiektua izan da, eta bada zubiaren beharraz galdetu izan duenik ere. Hori ikusirik, udal gobernuak, agintea hartu berritan, proiektua bertan behera uzteko edo moldatzeko, edota inbertsio hori beste zerbaitera bideratzeko aukerak aztertu zituen, azpiegituraren egokitasuna eta beharra zalantzan jartzen zituelako, eta mantenu-lanen kostuak udalak bere gain hartzea ekidin nahi zuelako, igogailuenak kasu.

Pasabidea  Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) egiturazko antolamenduaren parte da, eta urbanizazio-karga gisa zehaztuta zegoen. Zer esan nahi du horrek? Larramendi inguruko urbanizazio lanen plangintza egin zenean 2009an, garapen urbanistikoa egin behar zuen enpresari lan hori egiteko baldintza jarri zitzaiola. Hortaz, proiektua behin betiko etetea erabakiko balitz, eta urbanizazio-karga hori oso zehatza zela kontuan hartuta, ez zegoen azpiegitura horren truke beste ezer egiteko aukerarik aurreikusten. Lanak hasita izanda, gainera, ondorio juridiko eta ekonomikoak ekar zitzakeen ez egiteak. 

«Gure nahia ez zen zubia egitea. Beste ezaugarri batzuetako zubi bat beste lekuren batean edo auzorako beste ekipamendu bat egokiago ikusiko genuke. Baina, lanak hasita zeudenez genituen aukerak urriak ziren eta, gogoz kontra bada ere, zentzuzkoena eta bideragarriena lanekin jarraitzea zen», gehitu du Figueridok. Aldaketa bat egin zen, bizilagunen eskariei erantzuteko: Larramendi aldeko igogailuaren dorrea lekualdatu eta etxeetatik aldentzea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA