2023ko aurrekontuen txosten grafikoa herritarren eskura jarri du Tolosako Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/01/27 | Ogasuna

Abenduan ospatutako Osoko Bilkuran onartu ziren 2023 urterako aurrekontuak eta baita aurten aurrera eramango diren egitasmo eta inbertsio nagusiak ere. Aurrekontu proiektua beraz, indarrean da jada horri jarraiki, Tolosako Udalak 2023ko  aurrekontuen inguruko txosten grafikoa jarri du, tolosar guztien eskura, udal webgunean.

Txostenak,  gardentasunaren bidetik eta modu ulerterrazean, grafiko eta irudi bidez, aurrekontuen helburu nagusiak, lehentasunak, alor bakoitzeko gastuen banaketa edota inbertsio nagusiak jasotzen ditu, besteak beste.

Aurtengoak, aurrekontu sozialak, errealistak eta jasangarriak dira. Helburu dute tolosarrei kalitatezko zerbitzuak eta kalitatezko arreta bermatzea eta arlo sozialean, ekonomikoan eta trantsizio energetikoan jartzen dute azpimarra berezia.

Horri jarraiki, Tolosako Udalak 33.306,422 milioi euroko aurrekontua izango du aurten. Arloka modu honetara dago banatuta: %26.93 Antolakuntza (8.969.903 milioi euro); %35,74 Herritarrak (11.902.207 milioi); %24,79 Lurraldea (8.256.526 milioi) eta %12.54 Inbertsioak (4.177.786 milioi).

Sail ia guztien aurrekontuak mantendu dira eta batzuk handitu egin dira, hain zuzen,  Gizarte Zerbitzuetakoa (200.000€ gehiago), Garapen Ekonomikokoa (230.000€ gehiago), Kulturakoa (74.000€ gehiago) eta Berdintasunekoa (80.000€ gehiago).

Inbertsio nagusien artean daude: udal eraikinen zaharberritzea ( Gizarte Zerbitzuetako bulegoak, hilerriko komunetan irisgarritasuna bermatzeko lanak, Emeterio Arrese goiko solairua, Zutani elkartearen lokalaren berritzea),  urbanizazio lanak (Araba etorbideko plazak, autobus geltoki berria Zumarditxikia proiektuaren baitan…), Larramendi auzo elkartearentzat lokala erosi eta atondu, trantsizio energetikorantz urratsak emateko lanak (eguzki plakak eta led argiak), proiektu berrien idazketa (Iurramendi pasealekuaren berrurbanizazioa, Antonio Lekuona eta Beotibar kaleen berrurbanizazioa, Amarotzeko frontoiaren estalkia, belar artifiziala Berazubin, Barrena kalearen berrurbanizazioa…), Arkauten Mendizaleen museo berria, altueran aparkalekua sortzeko azterketa eta Alde Zaharra biziberritzeko Plana.

Herritarren proposamenak aurrekontu proiektuan jasota

Horrez gain, aurrekontuen txosten grafikoak Tolosatzen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren baitan aurrekontu proiektuan txertatu diren herritarrek egindako proposamenen berri ere ematen du.

Aurtengoan, berrikuntzak txertatu dira herritarren parte hartzea errazteko helburuarekin. Hori hórrela, bi fasetan garatu da prozesua. Lehen fasean, tolosarrek online eta aurrez aurre
egin ahal izan dituzte proposamenak eta bigarren fasean, proposamenak teknikoki aztertu ondoren, bozketara pasatakoen artean interesgarrienak lehenetsi ahal izan dituzte herritarrek.
Guztira, 213 proposamen jaso dira, 673 boto eta tolosarrek lehenetsitako proiektuak aurrekontu proiektuan jaso dira . Hauek dira jasotako proiektuak:

  • Larramendiko jolas-kirol gunea sortzeko proiektua eta obra. 250.000€
  • Haur parkeak hobetu eta mota eta tamaina ezberdinetako parkeen eskaintza zabaltzea. 200.000€
  • Tolosako erdigunean pilota eta jolas-gune gisa erabiltzeko frontoi ireki-estalia sortzeko aukera. Azterketa. 20.000€
  • Patinajea modu seguruan praktikatzeko eremua sortzeko azterketa. 20.000€

Aurrekontu txosten osoa ikusgai hemen

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA