2024 ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/06/02 | Ogasuna
  • 2024ko behin betiko aurrekontua 45.108.324.27 eurokoa izan da.
  • Emaitza orokorra positiboa izan da, 403.456,26 euroko superabitarekin.


Tokiko erakundeen ekonomia- eta finantza-kudeaketaren araudian ezarritakoa betez, 2024ko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioaren inguruko datuak eman dira maiatzeko osoko bilkuran.

Hasieraz onartutako aurrekontua 38.245.967 eurokoa izan bazen ere, urtean zehar egin ziren kreditu aldaketak medio, behin betiko aurrekontua 45.108.324.27 eurokoa izan da.

Gastuen aurrekontuaren exekuzio maila orokorra %71,5ekoa izan da, 32.253.730,64 euro. Bi ataletan banatuta dago: gastu arruntak eta kapital eragiketak. Lehen kasuan, exekuzio maila altua izan da, %84koa. Hemen sartzen dira ohiko funtzionamendurako eta herritarren zerbitzu publikoak eskaintzeko gastuak (hornidura, zerbitzuak, dirulaguntzak elkarteei...).

Kapital eragiketen barruan, inbertsioen exekuzioa %26,4koa izan da; kapital transferentziena, berriz, %13,37koa. Azken hauen kasuan, gauzatzeke geratu den partidarik handiena Amarotz auzoko babes publikoko etxe berrien ingurukoa da. VISESA sozietateari 1.152.000 euroko diru-ekarpena egingo dio Udalak, eta aurreikusten da ekarpena epe laburrean egitea.

«Inbertsioen exekuzio maila ez da nahiko genukeena bezain altua. 2024an zailtasun handiak izan ditugu sail batzuetan lanpostuak hornitzean: hutsune eta behin-behinekotasun handia izan da, eta horrek proiektuak aurrera ateratzea zaildu du. Hala eta guztiz ere, egin ez diren inbertsio horiek ez dira baztertu, eta baliabide teknikoak berreskuratzen ari garen heinean, garatzea aurreikusten da», azaldu du Esti Kortejarena Ogasun zinegotziak.

2024ko aurrekontuaren emaitza orokorra positiboa izan da, 403.456,26 euroko superabita izan du, hain justu. Aurreko itxitako ekitaldietako gastuak (78.043,78 euro) doituta, superabita 325.412,48 eurokoa izan da. Horrenbestez, aurtengo gerakina 22.368.011 eurokoa da.

Datuokin, bete dira aurrekontu egonkortasunaren, finantza egonkortasunaren eta gastu araua betetzeko legeak ezarritako helburuak. Tolargi eta Tolosa Gasa sozietateek ere oreka finantzarioaren helburua bete dute. Tolargik 356.041 euroko irabaziak izan ditu; Tolosa Gasak, berriz, 217.205 eurokoak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA