38,9 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du udal gobernuak datorren urterako

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/19 | Ogasuna
  • Udal gobernuak lau arlotan sailkatu ditu datorren urterako erronkak: jasangarritasun politiketan sakontzea, kohesio soziala indartzea, auzoen arteko oreka bilatzea eta administrazioa herritarrentzat irisgarriago egitea.

            

Tolosako Udal Gobernuak 2025 ekitaldirako aurrekontu proposamena aurkeztu du: 38,9 milioi euroko aurrekontua da, iazkoa baino 700.000 euro inguru handiagoa.

Igoera, baina, txikia izango da. Nagusiki, Aldundiaren Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik –hori da udalaren diru sarreretan nagusiena– aurreikusi baina %4,9 gutxiago jaso duelako udalak, abuztuan mutuialisten itzulketekin egin behar izan zuten zuzenketa medio. 

Oinarrizko zerbitzuak biltzen dituen gastu arrunta 34 milioi eurokoa izango da, oro har, giza baliabideetarako, argiteriarako, kultur eta kirol eragile eta auzo elkarteen dirulaguntzetarako, kale garbiketarako edo etxez etxeko laguntzarako, besteak beste. Azken hauen kontratuek igoera nabarmena izan dute, hobekuntzak tarteko. Inbertsioetarako eta proiektu nagusiak gauzatzeko, berriz, ia bost milioi euro izango ditu udalak. 

Lau erronka nagusi

Datorren urterako erronkak lau multzotan sailkatu ditu udal gobernuak: jasangarritasun politiketan sakontzea, gizarte kohesioa indartzea, herrian espazio atseginagoak eta auzoetan modu orekatuan sortzea eta udal administrazioa herritarrentzat irisgarriago egitea. 

Herri jasangarriago bat helburu, ingurumen, mugikortasun eta energia alorreko erronkei aurre egiteko proiektuak biltzen ditu aurrekontuak. Besteak beste, hondatuta dagoen Usabal kiroldegiaren instalazio termikoaren aldaketa; LED argiteriaren instalazioa; Hiribus zerbitzua indartzea eta markesina berriak jartzea; egun berezietan komunen zerbitzua gehiago indartzeko lizitazioa; edota, inbertsio potoloenen artean, Iurreamendi kalearen berrurbanizazioa, herriko bidegorri sarearen bi adarrak batzeko balioko duena.

Gizarte kohesioa da beste ardatzetako bat. Feminizatutako zaintza lanetako kontratuetako lan baldintzak hobetzeko udalak zenbait konpromiso hartu ditu, hala nola, etxez etxeko laguntza zerbitzuan –ordu poltsa igo da, gainera– eta arreta psikosozialaren zerbitzuan. Zaintza diagnosiarekin aritu da eta ari da udala orain; bada, ondoren, beste esparru batean jarriko du fokua: herrian hauskortasunaren egoera aztertzeko lanketa txertatu da aurrekontuan. Menpekotasun egoeran ez dauden, baina inguruan duten babes-maila zaurgarria (besteak beste, adinagatik) izan dezaketenen egoera da hori.

Tolosaren bizigarritasunari dagokionez, herri atseginago bat egiteko lanak herriko zonalde guztietan zehar orekatzeko helburua jarri du gobernuak. Helburu horrekin jarriko du martxan AuzoEkin proiektua: herria zortzi eremutan banatuko da, eta etorkizunera begira eremu bakoitzarentzat ekintza plan bana egitea da asmoa, inbertsioak leku guztietara bideratzeko. 

Alde Zaharreko Plan Integralaren bigarren zatia gauzatzeaz gain, beste hiru eremurekin abiatuko du udalak plan hori egiteko lanketa: Izaskun-Iparragirre-Bidebieta inguruarekin, San Esteban auzoarekin eta landa eremukoekin. Lan horiek txertatu dira aurrekontuan.

Gorriti plazako obra egitea izango da datorren urtera begira helburu nagusienetako bat. Badira beste zenbait lan ere, herritarren eta auzo elkarteen eskakizunetatik datozenak: hala nola, Iurre auzoan Euskaldun berria zubiaren inguruko errepidearen berrurbanizazioa, ferialekuaren egokitzapena, San Esteban auzoko berdeguneen handitzea, San Blas ermita inguruan oinezkoentzako bidea egiteko berrurbanizazio lanen lehen fasea (lurren desjabetzeak). Herrian asfaltatze lanak egiteko ere milioi erdiko partida txertatu da.

Iurramendin belaunaldi arteko etxebizitza eredu berriaren proiektua garatzeko partida ere aurreikusi da aurrekontuan, baita, hiri ekonomiari dagokionean, herriko saltokietan kontsumoa sustatzeko bonu kanpainarena ere.

Paraleloan, udala hirigintza alorreko proiektu gehiago ari da lantzen. Aurrekontuan txertatuta ez badaude ere, horiekin aurreratzen jarraituko du udalak eta, epeek emango balute, kreditu txertaketa bidez egikaritzen hasi daitezke. Egoera horretan dira, esaterako, Iurre 1-13 plazen, Araba etorbideko plazen edota Iurramendi pasealekuaren berrurbanizazioak; Arrameleko zubia eta biribilgunea egokitzea; Trianguloa plazako lurraren aldaketa; edota Arkaute etxeko mendizaletasunaren museoa.

Azkenik, udala eta administrazioa irisgarriago egiteko neurriak hartzen jarraituko du udalak. Webgune berria da, zentzu horretan, aurreikusten den inbertsiorik nabarmenena, behar berrietara egokitzeko. Tresna gehiagoren inplementazioa aurreikusiten da, hala nola, Decidim plataformarena, herritarren parte hartzea sustatzeaz gain, proiektuen jarraipena modu errazagoan egitea ahalbidetzen duena.

Aurrekontu proposamena aurkeztuta, aste honetan oposizioaren ekarpenak jasoko ditu udal gobernuak, eta horiek aztertu ostean osatuko da behin betiko aurrekontua. Andu Martinez de Rituerto alkateak nabarmendu duenez, proposamenak jasotzeko prest da gobernua: «Akordioak erdietsi nahiko genituzke. Beti da positiboa ideia berriak jasotzea. Dena dela, proposamen horiek beren finantzaketa landua izatea eskatu dugu». 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA