- Inbertsioetarako eta kapital transferentzietarako 5,2 milioi euro izango dira.
Gaur goizeko informazio batzorde iraunkorretan irizpen-proposamenei oniritzia eman ostean, datorren asteko osoko bilkurara eramango duen 2025 ekitaldirako behin betiko aurrekontua aurkeztu du udal gobernuak. Gastua arrazionalizatuz, helburu nagusia da Tolosaren garapen iraunkorra bermatzea eta tolosarron beharrei erantzutea.
39.198.600 eurokoa da aurrekontua, iazkoa baino %2.49 handiagoa, milioi bat inguru. Andu Martinez de Rituerto alkateak azaldu duenez, «herritarren ekarpenak kontuan hartuta ondu da proposamena. Ariketa hau funtsezkoa izan da lehentasun eta beharrak identifikatzeko, eta gastuek benetako eskakizunei erantzuteko. Oposizioaren proposamenak ere jasotzen ditu, eta beste zenbait kasutan norabide berean doazen proiektuak txertatu dira».
Lehen proposamena aurkezterakoan aurreratu moduan, lau erronka nagusirekin lerrotu ditu gobernuak proiektu horiek: jasangarritasunean sakontzearekin, kohesio soziala indartzearekin, herriko azpiegiturak modernizatuz eremu guztietako bizigarritasuna hobetzearekin eta administrazioa herritarrentzat irisgarriago egitearekin.
Gastu arrunta: kontratuetan hobekuntzak
Gastu eta sarrera arruntak orekatuta daude eta 304.620 euroko aurrezki gordina aurreikusi da. Hain zuzen, oinarrizko zerbitzuak mantetzeko gastu arrunta 33,3 milioi eurokoa izango da. Gastu osoaren %41a ondasun arrunt eta zerbitzuei dagokiona da, eta %9,28 igo da, 1,3 milioi. Esti Kortejarena ogasun zinegotziak azaldu moduan, «igoera horren atzean daude zenbait kontratutan txertatu diren hobekuntzak, langileen lan baldintzak hobetzen eta zerbitzua bera indartzen lagundu dutenak»: hala nola, eskuhartze psikosozialeko zerbitzuan (174.000 €), etxez etxeko laguntza zerbitzuan (233.786 €), kale garbiketan (370.000 €) edo kirol instalazioen kudeaketa kontratuan (517.000 €).
Udaleko giza baliabideena da bigarren zati nagusiena, gastu osoaren %32. Hori ere indartu egingo da: lanpostuen zerrendan bi postu sortuko dira –batetik, Etxebizitza saileko teknikaria, etxebizitza politiketan gehiago sakontzeko; bestetik, komunikaziorako teknikaria, gaur egungo kanpo kontratazioa amortizatu eta zerbitzua udaleratzeko– eta lan pilaketagatik denbora tarte baterako beste sei postu hornituko dira. ‘Lehen aukera’ programaren bidez, aurreko urteetan bezala, zazpi gazte urtebetez kontratatzeko diru kopurua ere txertatu da.
5,2 milioi, inbertsioetarako eta kapital transferentzietarako
Kapital transferentzien alorrean, familiei, enpresei, eta auzo, kultur eta kirol elkarteei dirulaguntzak banatzeko, zenbait aldaketa izango dira, iazkoarekin alderatuta. Besteak beste, Galtzaundik 11.000 euro gehiago jasoko ditu Euskaraldia dela eta; Berazubi Auzo Elkarteak ere 10.000 euroko igoera izango du, auzoaren 50. urteurrenagatik; Abesbatzen Europako Txapelketa Tolosan antolatzeko eta Topic zentroaren 15. urteurrena prestatzeko Tolosako Ekinbide Etxeak ere 20.000 euro gehiago izango ditu; Tolosa&Co merkatarien elkarteak, berriz, 7.000 euroko igoera izango du besteak, beste, kanpaina berrietarako, eta herriko saltokietan bonu kanpaina martxan jartzeko Gipuzkoako Merkataritza Ganberari 50.000 euro bideratuko zaizkio, 26.000 gehiago. Alor sozialetan, ‘Dementzia bizitzen’ proiektua garatzeko 6.000 euro bideratuko zaizkio Inmakuladari LHIri.
Inbertsioetarako eta proiektu nagusiak gauzatzeko, berriz, 5.204.920 euro izango ditu udalak. Jarraian, inbertsio nagusienen nondik norakoak:
-
Gorriti plazako eremuaren birgaitzea. Oztopoak bideratu ostean, obra 2025. urtean esleitu eta abiatzea da udal gobernuaren helburua. Lanak gauzatzeko eta obra zuzendaritzarako 855.000 euro bideratu dira.
-
Ikasgela. Udalak denbora darama gai honekin lanean. Lokala bera txukundu eta atontzeko 102.000 euro gorde dira. Lan horiek gauzatu bitartean, behin behineko beste soluzio batean ari da lanean udala.
-
Iurramendi kalea. Bidegorriaren bi adarrak –Araba etorbidetik eta Paper kaletik datozenak– batuko dituen urbanizazio obra egingo da, Iurramendi pasealekuan, ibaiaren alboan, sortzen diren arazoak ekidin nahian. 50.000 euro gorde dira.
-
Alde Zaharreko Plan Integrala. Bigarren faseko ekintza plana egiteko partida txertatu da aurrekontuan, 60.000 eurorekin. Ekintza plana egin ez ezik, gauzatzen hasi ahal izatea da helburua.
-
AuzoEkin. Pasa den astean aurkeztu moduan, herriko zortzi eremutan proiektu txikiak egitea aurreikusten da (zerrenda albistean). Hiru eremuren diagnostiko integrala egiteko partida ere txertatu da: landa eremuarena, eta Izaskun eta San Esteban auzoena.
-
Asfaltatze plana. Hiri eta landa eremuko errepide zatiak konpontzea izango da lanen xedea. 500.000 euroko aurrekontua izango da horretarako.
-
Tolosa-Ibarra lotunea. Ibarrako Udalarekin elkarlanean, Idoiaga-San Inazio inguruko segurtasuna hobetzeko urbanizazio obra egingo da. Horretarako iazko aurrekontuan helburu honetara bideratutako 110.000 euroei beste 40.000 euro bideratuko zaizkie.
-
Zutani eta Jatorkin elkarteak. Zutanik Berazubi auzoan izango du eraikin berria, pobrezia eta bazterkeria egoeran daudenei laguntza emateko. Obra proiektua eta obra bera egiteko 192.000 euro aurreikusi dira. Jatorkinen bulego berriaren proiektua idazteko 8.000 euro bideratu dira.
-
Usabal kiroldegiko instalazio termikoa. Galdara egoera kaskarrean dago, eta berritu egin behar da, eta sistema jasangarriago baten aldeko hautua egingo da. Aurreko emakidaren inbertsio planean ez zegoen jasota, eta premiazkoa da. Proiektuaren balioa 1.900.000 eurokoa da, eta Next funtsetatik 867.000 euroko dirulaguntza lortu duenez, udalak miloiaren bueltako inbertsioa egingo du.
-
Samaniego Ikastetxea. Haur Hezkuntzako eraikinean LED argiteria jarriko da, eta 192.000 euroko aurrekontua izango da helburu horretarako.
-
Baso publikoak. Baso publikoen azalera handitzeko bertako espezieak dituen lursail bat erostea da asmoa. 72.000 euro bideratuko dira.
-
LED argiteria. Belaten, Usabal kiroldegiaren inguruan eta Txarama inguruko Tolosako lurretan argiteria berritzeko 60.000 euro izango dira.
-
Udaleko webgune berria. Tramitazioa erraztu, eta informazio praktikoa herritarrentzako irisgarriago egitea helburu izango duen ataria lantzen ari dira udaleko hainbat sail. Aurretiazko lanak martxan dira jada, eta garapenerako 60.000 euro bideratuko dira.
Bestelako proiektu batzuekin ere lanean da udala paraleloan, eta aurrekontuan jasota ez badaude, proiektuak idatzi eta exekuzioa egiteko aukera dagoenean, epeek emango balute kreditu aldaketak egitea da asmoa, lan horiek gauzatzeko. Lan horien artean daude, Iurre 1-13 plazen berrurbanizazioak, ur filtrazioekin dauden arazoak konpondu eta plazak berak gaurkotzeko; Araba etorbideko plazen berrurbanizazioa, Iurramendi pasealekuaren berrurbanizazioa; Arrameleko zubia eta biribilgunea egokitzea; Trianguloa plazako lurraren aldaketa; edota Arkaute etxeko mendizaletasunaren museoa.
Oposizioaren ekarpenak, antzeko norabidean
Udal gobernuak aditzera eman duenez, oposizioak egin dituen ekarpenetatik gehienek bat egiten dute gobernuaren asmoekin, hein batean behintzat. Proposamenetako batzuk sartu dira aurrekontuan, eta jasota ez daudenetako askorekin antzeko norabidean jardungo da.
Azokarako eta merkataritzarako bonu kanpainen kasuan, bazegoen aurreikusia biak ala biak dinamizatzeko poltsa bat. Asteroko Azokaren kasuan, 15.000 eurora igo da partida hori. Eta saltoki txikien inguruan, norabidearekin bat etorri arren, gabonsariekin ez lotzea hobetsi da. Dena dela, Tolosa&Cori ohiko diru laguntza 5.000 euro igo zaio, elkarlanean ekintzak garatzeko, eta bonu kanpaina bat ere egiteko 50.000 euroko poltsa jarri da, 26.000 gehiago.
Ikasgelaren proposamena ere ontzat hartu du udal gobernuak, eta nahiz eta bestelakoa den asmoa, aurrekontuan txertatu du. «Denbora daramagu hau lantzen. Oriaburu eraikina ere izan da aztertu dugun aukeretako bat, baina gure ustetan bere ezaugarriengatik hobea den espazio bat dugu eskuartean, kaletik sarbide zuzena duena. Uste dugu behin betiko izaera izateko irizpide hori garrantzitsua dela. Hori lotu eta egokitu bitarterako, behin behinean beste espazio bat atontzekotan gara. Dena lotuta izatean emango ditugu xehetasun guztiak», azaldu du Ander Figuerido, hirigintza zinegotziak.
Hirigintzako lanei lotutako beste bi proiektu jasota geratu ez badira ere, lanek aurrera jarraitzen dutela zehaztu du Figueridok berak: «Iurre auzoko plaza berritzeko proiektua lantzen ari gara. Gero bizilagunekin parte hartze saio batzuk egingo dira plazen akaberak definitzeko, eta azkenik exekuzio proiektua idatzi beharra dago. Ondoren dator obra. Proiektuaren kopurua zehaztuta geratu bezain pronto, kreditu aldaketa egingo da behar den kopuruarekin lanak egin ahal izateko, ziur aski EAJk proposatutako 500.000 euroak baino gehiagokoa». Mendizaletasunaren museoaren harira, berriz, exekuzio proiektua faseka gauzatuko du udalak, kanpo finantziazioa bilatzearekin batera.
Santa Klara eremurako EAJk proposatutakoari dagokionez, Andu Martinez de Rituerto alkateak adierazi du martxan dagoen aparkalekuen azterketan jada landu dela eremu hori. «Inguru horretako mugikortasunari heltzeko, lehenago Zubi Berrirako behin betiko proiektua ezagutu behar da, eragina izango duelako. Komentua bera ere ez da udalaren jabetzakoa. Zumardi Txikian ibilgailuak atera ondorengo interbentzio txikia nolakoa izango den aztertuko da». Alondegia eta Lapurdi plazako aparkalekuen kasuan, berriz, emakida kontratuak daude indarrean, eta ezin dira kontratu horiek nolahala aldatu. «Alondegikoari 33 urte geratzen zaizkio oraindik, gehiegi. Lapurdi plazakoari gutxi batzuk, eta lanketan ari gara jada».
Amaitzeko, kiroldegiko inbertsioen inguruan, alkateak zehaztu du aurrez zegoen inbertsio planak ez duela baliorik dagoeneko, eta planean jasota ez zegoen premiazko inbertsio bat egin beharko dela, galdararena. «Horri lehentasuna eman behar izan diogu. BPXek egin behar zituen inbertsioak ere gauzatuko dira. Plaka fotovoltaikoei dagokienean, jartzeko azterketa bat egin behar da, eta badirudi egungo teilatuak ez dituela baldintza egokiak betetzen. Dena dela, galdara eta klimatizazio sistema berriak trantsizio energetikorako ditugun helburuak asetzen ditu datorren urtera begira.