
Abenduko osoko bilkura egingo da bihar, eta besteak beste, 2026 ekitaldiko udal aurrekontua izango da eztabaidagai. Bilkuraren atarian, gobernuak behin betiko aurrekontu proposamena aletu eta haren nondik norakoak azaldu ditu.
42.733.800 euroko aurrekontua da. Udalaren ohiko funtzionamendurako diru-partidez gain, udal gobernuaren estrategiari lerrokatuta dauden egitasmoekin, herritarren eta oposizioaren ekarpenekin osatu da. «Tolosako Udalaren aurrekontua, oro har, nahiko egonkortua dago eta orokortasun batean, bere horretan mantentzen dira politika sozialetara bideratutako partidak edo zerbitzuei dagozkienak. Aurrekontu honen helburu nagusiak herri kohesionatuagoa eta jasangarriagoa bultzatzea eta bizitzeko atseginagoa egitea dira. Tolosarentzat garrantzitsuak diren zenbait proiektu ditugu aurten eskuartean, eta horiek egikaritu nahiko genituzke datorren urtean», azaldu du Andu Martinez de Rituerto alkateak.
Gastu eta sarrerak orekatuta daude, eta 875.400 euroko aurrezki garbia aurreikusi da. Inbertsioetarako, berriz, 7 milioi izango ditu udalak. Hauek dira aurreikusten diren inbertsio nagusienak:
-
Azpiegiturak eta urbanizazioak
-
Trianguloa plaza eraberritzeko obra: 1,7 milioi. Obra proiektua egina dago, eta aurki aurkeztuko da. Hilabeteetako lana izango da, eta ez bakarrik Udalak egin beharrekoa, baita garajeetako jabekideek ere. Hortaz, aurrekontuan gorde dena, udalari eta 2026 urteari dagokion zatia da.
-
Iurre 1-13 plazak: urbanizazio lanetarako 1,5 milioi gorde dira. Kasu honetan ere amaitzear da bizilagunen ekarpenekin egin den obra proiektua. Ondoren hitzarmena egin behar da jabekideekin. Aurrekontuan dagoena, Udalari eta 2026. Urteari dagokion lana da.
-
Asfaltatze plana: Beste 500.000 euro gorde dira, lan gehiago egiteko. Aurtengo plana gabonen ostean gauzatuko da. Kontratua sinatu berri da, eta aurki emango dira lan guztien xehetasunak.
-
Bestelako inbertsioak
-
AuzoEkin eta gainerako eremuak: 500.000 euro jaso dira, auzoek lehenetsi dituzten lanak egikaritzeko. Proiektu zehatzak aukeratzen eta aztertzen ari dira teknikoki une honetan. Herriko zortzi eremuetan egingo dira jarduketak.
-
Apeaderoa: ADIFek 2026an abiatu nahi ditu lanak. Geltokiko igogailua eta Monteskue auzora doan pasabidea egiteko Udalari dagozkion 330.000 euro gorde dira aurrekontuan; beste horrenbeste jarriko du Udalak hurrengo urtean.
-
Geltoki plaza: 90.000 euro aurreikusi dira, plaza berritzeko eta lur azpiko aparkalekua eraikitzeko proiektua idazteko.
-
Araba etorbidea: Plazak eraberritzeko proiektua eguneratzeko 18.000 euro txertatuko dira aurten. Bizilagunekin plazen zortasuna adostear da udala, eta hori eginda, proiektua eguneratu eta lizitazioari hasiera emateko aukera izango da.
-
Amarotz 1-8: Urbanizazio proiekturako 25.000 euro bideratuko dira.
-
Osasun ekipamendua: Iurreamendin Osasun Sailak eraiki asmo duen osasun zentrorako, bi lur zati eskuratu behar dira. Horretarako 50.000 euro gorde dira.
-
Arramele: komun publikoa egiteko 100.000 euro bideratuko dira.
-
Konpostaguneak: hirigunean dauden auzokonpostagailuetan egokitzapenak egin eta baratze parkeko konpostagune berriak egiteko 10.000 euro bideratu dira.
-
Eraikinetan obrak
-
Berazubi: Padel instalazioak berritzeko 100.000 euro bideratuko dira.
-
Usabal kiroldegia: Solariumeko zorua berritzeko 150.000 gorde dira. Horrez gain, gimnasioko ekipamendua berritzeko beste 50.000 izango dira.
-
Zerkausia berritzea: Eraikinari zaharberritze lanak egingo zaizkio, besteak beste, goiko terraza ireki ahal izateko. Helduleku eta ateen konponketa, margoketa lanak, xaflen aldaketa... egingo dira, besteak beste.
-
Leidor: LED argiak jartzeko 40.000 euro bideratuko dira.
-
Belena patioa: Bizikletak aparkatzeko azpiegiturak berritzeko eta plaza gehiago sortzeko lanetarako 50.000 euro bideratuko dira.
-
Hirigintza eta obra proiektuak (proiektuen erredakzioa)
-
Berazubi estadioa: Estadioa berritzeko 3. Fasearen proiektua idazteko 125.000 euro izango dira. Aurki emango dira xehetasun guztiak.
-
Samaniego: Ikaslab 2.0 proiektuaren idazketarako 20.000 euro bideratuko dira. Orixeko ikasleak zeuden lau gelak elkartu egingo dira, espazioa behar eta hezkuntza eredu berrietara egokitzeko.
Gastuak
Oinarrizko zerbitzuetarako gastu arrunta 35,2 miloi eurokoa da, iaz baino %5 altuagoa. Gastu arrunta, hiru taldetan banatzen da:
-
Langileak: Aurrekontu osoaren % 31 da, 13,3 milioi. Lanpostuen zerrendako langileez gain, atzeraezinak diren beharrei aurre egiteko hiru lanpostu hornituko dira, eta beste zazpi programa bidez. Urtero moduan, urtebeterako sei gazte kontratatzeko deialdia ere egingo da. Ezagutzaren transmisiorako programa bat egiteko 50.000 euro gorde dira, baita lanpostuen balorazioen berrikuspenarekin jarraitzeko 30.000 euro ere.
-
Ondasun arruntak eta zerbitzuak: Aurrekontuaren % 40a da —ia 17 milioi— eta, kontratuen aldaketa tarteko, %6,6 igo da iazkoarenkin alderatuta. Besteak beste, etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzeko, udaleku irekietan behar bereziak dituzten haurrentzako edo TAO zerbitzu berriarentzako egin dira igoera esanguratsuenak.
-
Transferentzia arruntak eta dirulaguntzak: % 11 da, 4,9 milioi. Mankomunitateei egiten zaizkien ekarpenak dira nabarmenenak, nagusiena zaborren kudeaketarako: 2,3 milioi. Dirulaguntzetan, zenbait igoera aplikatu dira, Tolosako Ekinbide Etxeari, esate baterako. Lerro berriak ere badira, Aranzadi edo Emmoarentzat, esaterako. Bonu kanpainak ere aurreikusi dira, komertzio txikirako eta Azokarako. Kultur beka bat ere sortuko da, 6.000 eurokoa, sortzaileentzat.