Dirulaguntzen Plan Estrategikoan laguntza-lerro berria eta kreditu aldaketak, uztaileko osoko bilkuran

Tolosako Udala
2023/07/28 | Ogasuna
  • Amarotz Auzo Elkartearen 50. urteurrenera 10.000€-ko dirulaguntza bideratuko du udalak; bide batez, herriko eragileen urteurrenetarako laguntza lerro berria sortzea onartu du, aho batez..

  • Iurreamendiko obren oinarrizko proiektua eta egikaritze proiektua idatzi eta obren zuzendaritza fakultatiboa emateko kontratua esleitzeko urratsa eman da.

 

Uztailaren 27ko osoko bilkuran hasierako onarpena eman zitzaion urteko lehen konpromiso kredituari, Iurreamendi Pasealekuan udalaren ekimenez eraikiko diren alokairu erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzan urrats bat gehiago emateko. Obren oinarrizko proiektua eta egikaritze proiektua idatzi, eta obren zuzendaritza egiteko kontratua esleitu ahal izateko ezinbestekoa zen onarpen hau, foru arauek jasotzen duten moduan.

Dirulaguntzen Eranskina eta 2023-2025 Tolosako Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa ere aldatu ziren, adostasun osoz, herriko eragileen urteurren ospakizunetara bideratutako dirulaguntzen lerro berri bat sortuz. Hori horrela, Amarotz Auzo Elkartearen 50. urteurrenera 10.000€-ko dirulaguntza bideratuko da.

Tolosako Ekinbide Etxeak 2023ko maiatzaren 25eko osoko bilkuraren erabakiaren aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoaren aurkako ebazpena ere onartu zen, aho batez. Euskal Herria Plazako 1. zenbakiko (TOPIC) lokalaren lagapena onartzeko osatu ziren emakida pleguen arabera funtsezko baldintza zen bermea aurkeztea, eta ez zen horrela izan. Udal Gobernua arazo honi irtenbide azkar bat emateko lanean da Tolosako Ekinbide Etxearekin batera, lehen egunetik. 

2022ko Tolosako Udaleko Sektore Publikoaren Kontu Orokorrak ere onartu ziren, aho batez. 2022ko urteko emaitza 6.035.000koa izan da, eta abenduaren 11n udalak zuen zorra 2 milioi eurokoa zen. Likidazioaren emaitza ikusita, aurrekontuen betetze maila %66,77koa da, aldiz, inbertsioen exekuzio maila, %30ekoa.

Beste hainbat konturen berri ere eman zen osoko bilkuran: besteak beste, 2022ko ekitaldiaren finantza kontroleko urteko planaren balantzea, Lan Esparruko Informazio Batzorde Iraunkorren osaketa, 2023ko 9. kreditu aldaketa -Amarotz Auzo Elkarteari bideraturiko dirulaguntza, Iurreamendiko Babes Ofizialeko etxeen eremuan euste horma egiteko obra zuzendaritza, eta alderdi politikoei egin beharreko diru ekarpenak finantzatzeko onartu zena-, eta 2023/1514 Dekretuarena, Alkate ohiak eskumenak bere gain hartzen zituena TAO zerbitzuko kontratazio berriaren lizitazioa huts deklaratzeko.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euskararen kontra, eta udalei euskara hutsez aritzea arautzen duen Udal Legearen 6.2 artikulua bertan behera utziz, hartutako azken epaiaren kontra mozioa aurkeztu zuten, EH Bilduk eta EAJk.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA