-
Inbertsio soziala ia %9 igoko da eta 3 ardatz nagusi ditu gobernuaren aurrekontu proposamenak: herritarren babes soziala eta ongizatea bermatzea, hiri ekonomia suspertzea eta herri nortasunari eustea, kultura babestuz eta komunitatea sendotuz.
-
Olatz Peon Ormazabal: “Egungo testuinguruaren ondorioz, zaurgarritasun egoeran dauden edota behar bereziak dituzten herritar eta sektoreei gure laguntza eta babesa ematen jarraitzea da gure helburu nagusia, baita herriarentzat estrategikoak diren proiektuei ahal den neurrian eustea ere, herriaren garapen sozial, ekonomikoa eta jasangarria sustatzen jarraitzeko, herritarrekin elkarlanean”.
Tolosako Udal Gobernuak 2021eko aurrekontu proposamena aurkeztu du. Datorren urtean, Tolosak, 27.006.090 euroko aurrekontua izango du, iaz baino %1,35 gutxiago, zehazki 369.105 euro gutxiago.
Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Begoña Tolosa ogasun zinegotziak aurkeztu dute datorren urteko aurrekontu proiektuaren proposamena. “Larrialdi egoera batean gaude, eta beraz, salbuespenezko aurrekontu proposamena landu dugu, egungo egoerara egokitutakoa, egungo beharrei aurre egin eta erantzuteko helburuarekin” azpimarratu du alkateak.
“Denbora guzti honetan herritarrengandik gertu eta eragile eta sektore ezberdinekin harremanetan egon gara. Orain inoiz baino gehiago guztion artean Tolosatzen prozesuan herritarren kezka eta beharrak jaso ditugu eta hiri ekonomia mahaiaren bitartez sektore ezberdinen egoera ere gertutik ezagutu eta jarraitzeko aukera izan dugu” azpimarratu du alkateak.
“Bizitzen ari garen larrialdi egoerak eragin zuzena izan du herritarrengan, jarduera ekonomikoarengan, ekosistema guztiarengan, horregatik, datorren urtera begira landu dugun aurrekontu proposamenak 3 ardatz nagusi ditu: herritarren babes soziala eta ongizatea bermatzea, hiri ekonomia suspertzea eta herri nortasunari eustea, kultura babestuz eta komunitatea sendotuz. Baina lehentasun horietatik haratago ere, diru laguntza guztiak eta inbertsio publikoa mantentzearen aldeko apustua egin dugu, tokiko talde eta eragileen jarduna babesteko eta jarduera ekonomikoa sustatzeko”.
Alkatearen hitzetan aurrekontu proiektu honen helburua da, egungo testuinguruaren ondorioz, zaurgarritasun egoeran dauden edota behar bereziak dituzten herritar eta sektoreei laguntza eta babesa ematen jarraitzea eta herriarentzat estrategikoak diren proiektuei jarraipena eustea, herriaren garapen sozial, ekonomikoa eta jasangarria sustatzen jarraitzeko, herritarrekin elkarlanean.
Igoera nabarmena inbertsio sozialean, ekonomia suspertu eta kultura babesteko neurriekin batera
Aurrekontu osotik, 2.902.691 euro bideratuko ditu udal gobernuak Gizarte Zerbitzuen alorrera. Iazko aurrekontuarekin alderatuta, inbertsio soziala ia %9 areagotuko da datorren urtean eta hainbat lan ildo sendotuko dira. Besteak beste igoera izango dute:
-
Gizarte-larrialdietarako diru laguntzek: 82.250 euro gehiago.
-
Familientzako diru laguntzek. 70.000 euro gehiago.
-
Familia eskuhartzerako programak: 40.000 euro gehiago.
-
Eta alokairu ordainketa errazteko diru laguntza lerro berria sortuko da: 40.000 euro.
-
Beharrak areagotuko balira, orain arte bezala, diru lerro horiek handitzeko konpromisoa azaldu du gobernuak.
Hiri ekonomia eta enplegua sustatzea, lehentasunezkoa izango da, baita ere, datorren urtean. Horretarako, orain artean martxan jarritako lan lerroak mantendu eta hainbat indartuko ditu udal gobernuak, eta hiri ekonomia mahaiarekin elkarlanean jarduten jarraituko du, neurriak eta egitasmoak elkarrekin lantzeko eta adosteko.
Langabezian dauden herritarrei aukera berriak eskaintzeko, Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Gazte Planaren baitan, 2 pertsona kontratatuko ditu, eskualdeko enplegu planaren baitan beste 2 eta Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean langabezian dauden herritarrentzako formazioa eskaini eta enplegu azoka antolatuko da.
Enpresei zuzendutako ohiko diru laguntzak mantenduko dira, eta merkataritza eta ostalaritza sektoreak indarberritzen jarraitzeko ondorengo ekimenak proposatu ditu udal gobernuak:
-
Merkataritza eta ostalaritza bono berrriak: 120.000 euro.
-
Tolosa&Co elkartearekin hitzarmena areagotzea: 10.000 euro gehiago. (Guztira 40.000 euro)
-
Merkataritza lokalak birgaitu eta alokairuan laguntzeko programa: 70.000 euro.
-
Merkataritza biziberritzeko Berriz progama, saltokien eskualdaketarako: 35.700 euro.
Larunbateroko azoka indartzen jarraitzeko eta azokaren inguruko komunikazioa indartzeko, Azoka Lagunak egitasmoaren baitan, 30.000 euro gehiago bideratuko dira datorren urtean. Guztira 50.000 euro.
Kulturaren sustapenerako, kultur programaziorako aurrekontu osoa mantentzearen alde egin du gobernuak, baita kultur eragileei ematen zaizkien diru laguntzak mantetzearen alde ere, kulturalki herria bizirik mantetzeko, kultur jarduera babesten jarraitzeko.
Proiektu estrategikoekin ere aurrera
Lan kronogramak egokitu egin behar izan ditu udal gobernuak, baina helburua da 2019-2023 Legealdi Planean jasotako proiektuen baitan urratsak egiten jarraitzea.
Gauzak horrela, datorren urtean 2020rako aurreikusiak zeuden hainbat obra gauzatuko dira eta aurrera pausoak emango dira estrategikoak diren hainbat proiektutan: Zumardi Txikia, Kultur Etxeko proiektua, Emakumeen Etxearen obra eta Gorriti plazaren berroneratzea, besteak beste. Herritarrentzat espazioak berreskuratzen jarraitu nahi du udal gobernuak Tolosa herri atseginagoa eta jasangarriagoa bilakatzeko.
Ildo horretatik ere, trantsizio energetikoaren eta mugikortasunaren alorretan urratsak egiten jarraituko du udal gobernuak Hiribus elektrikoarekin, eguzki plaka berriak kokatuz, Led argiteria zabalduz herrian, oinezkoek lehentasun handiagoa izan dezaten elkarbizitzarako guneak sortuz edota bizikletaren erabilera sustatuz, besteak beste, bizikleta aparkaleku berriak jarriz.
Alokairuaren sustapena ere, lan lerro garrantzitsua izango da datorren urtean. Alokairuaren ordainketan laguntzeko diru laguntza lerro berria sortuko da (40.000 euro), etxebizitza hutsak alokairuan jar daitezen Etxebideko programak indartu eta irisgarritasun obretarako eta etxebizitzak birgaitzeko Etxebideko programa osatzeko laguntzak eskainiko dira (130.000 euro), eta jasangarritasun energetikorako laguntzak ere eskainiko dira (40.000 euro).
Amaitzeko, berdintasunak eta komunitatearen sendotzeak zeharlerro izaten jarraituko dute datorren urtean. Horretarako, Emakumeen Etxearen lehen fasearekin batera, Genero Indarkeriaren aurkako II. Protokoloa garatuko da eta Tolosatzen Eskola Irekiari jarraipena emango zaio.
Sor litezkeen behar berriei aurre egiteko konpromisoarekin
2021eko aurrekontua testuinguru berrira egokituta landu du udal gobernuak eta 2020an egin duen moduan, behar berriak sortu ahala, larrialdi egoerari aurre egiten jarraitzeko soberakina erabiliko duela jakinarazi du udal gobernuak edota beste aukera batzuk ere mahai gainean jar daitezkeela adierazi dute, zorpetzea, esaterako.
Edozein kasutan, udal baliabideak herritarren eskura jarri eta une oro herritarren beharrei erantzuten jarraitzeko konpromiso osoa duela baieztatu du udal gobernuak.
Oposizioak 14 egun proposamenak egiteko
Udal gobernuak atzo aurkeztu zion oposizioari gaur jendaurrean azaldutako proposamena. Oposizioak 14 egun ditu aurrekontu proiektua aztertu eta ekarpenak egiteko. Ondoren horien bideragarritasuna aztertuko da eta asmoa da 2021eko behin betiko aurrekontu proiektua osoko bilkuran onartzea.