Udalak hainbat zergen ordainketa atzeratu du eta bide publikoaren erabileragatiko tasa okupazioaren arabera kobratuko du

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/04/03 | Ogasuna
  • Zirkulazio-zergaren borondatezko ordainketa ekainaren 30era arte luzatuko da eta OHZrena, abuztuaren 1etik irailaren 15era.

  • Bide publikoaren, terrazen eta merkatuen okupazioari dagokionez, egindako erabilera bakarrik kobratuko da.

  • Udalak jakinarazi du zerga arloan erabaki gehiago har ditzakeela eta merkatari, ostalari eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko proposamen eta neurri ezberdinak aztertzen ari dela.

 

COVID-19k eragindako osasun-larrialdiaren eta alarma-egoeraren aurrean, Tolosako Udalak lehen zerga-neurriak hartu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamenaren haritik, modu koordinatuan jarduteko. Hartutako neurrien eta hartuko direnen helburua da eta izango da herritarrei, eta egoeragatik beren negozio itxi behar izan duten, tokiko merkatari eta ostalari eta udalerriko enpresa txiki eta ertainei laguntzea.

 

Udalek berretsi dute neurri horiek lehen urratsa baino ez direla eta Ogasun Sailak hainbat aukera aztertzen jarraitzen duela.

 

Zerga-epeak luzatuta:

 

Martxoaren 14an amaitu ez diren likidazioen eta data horren ondoren hasitako likidazioen borondatezko ordainketarako epeei dagokienez, epe horiek ekainaren 1era arte luzatuko dira.

 

Zirkulazio Zergaren borondatezko ordainketa ekainaren 30era atzeratu da, eta OHZ (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga) ordaintzeko borondatezko epea ere bai, abuztuaren 1etik irailaren 15era izango da.

 

Bide publikoaren, terrazen eta merkatuen okupazioari dagokionez, egindako erabileraren arabera kobratuko da tasa.

 

Merkataritza, ostalaritza eta industria-jarduerari babesa:

 

Udala gainerako erakundeekin koordinatuta ari da lanean, koronabirusak sortutako egoerari erantzun integrala emateko.

 

Atzo bertan, hainbat eskualdetako udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko bilera egin zuten, modu bateratuan eta norabide berean lan egiteko. Eragile ekonomikoen intereseko informazioarekin plataforma digitala sortu du Foru Aldundiak, eta laguntza ekonomikoei buruzko gida praktikoa ere kaletartu du.

 

Plataforma horretan sar zaitezke hemen: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/covid19ekonomia/hasiera

 

Udala, bere aldetik, dagoeneko ari da Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak abian jarritako laguntzak osatzeko hainbat neurri eta alternatiba aztertzen eta eragileekin kontrastatzen, Tolosako merkataritzari, ostalaritzari eta enpresa txiki eta ertainei laguntzen jarraitzeko helburuarekin, bai orain eta baita gero ere.

 

Udalaren lehentasuna une honetan pertsonen segurtasuna eta ongizatea bermatzea da, eta bizitzen ari garen krisi sanitario, ekonomiko eta sozialak sortutako beharrei erantzuten jarraitzea. Aurrerantzean, herritarren ongizatea bermatzen jarraitzea eta tokiko ekonomia suspertzea lehentasunezko kontuak izango dira, eta lan guzti hori gainerako erakundeekin eta eragileekin elkarlanean gauzatuko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA