- Saio presentzialetan, udal teknikariez gain, 153 herritarrek parte hartu dute. 68 emakumek eta 85 gizonek. Postontzi eta web bidezko proposamenei dagokienean, 20 pertsonek helarazi dituzte ekarpenak.
- Joseba Ormazabal, Herritarrekiko Harremanak, Partaidetza eta Informazioaren Gizartea zinegotzia: “Tolosako gizartea oso parte hartzailea da. Udazkeneko saiook urteko lanketaren jarraipen gisa kontsideratu behar dira, baina balio erantsi batekin: urtean zehar alorrez alor egindakoa eta etorriko dena herri ikuspegian kokatzeko balio dute”.
- Gobernantza eredu berrian eta herritarrekiko hartu-eman aktiboan sakontzen jarraituz, urrats berriak lantzen ari direla aurreratu du Ormazabal zinegotziak: “'Komunitatea eta Gobernantza' departamentua sortzeko lanean gabiltza, eta zuzenki lotuta, Tolosako I Parte-hartze ordenantza nahi dugu jarri abian ere”.
Tolosatzenen baitan hirugarrenez gauzatu den parte-hartze prozesua pasa den azaroaren 22an amaitu zen, hilabeteko epean burututako 17 bileren ostean. Behin herritarren ekarpenak jasota, udal teknikariak guztiak aztertu dituzte eta aurrekontuaren osaketan dihardute orain ordezkari politikoekin batera.
Prentsa agerraldian xehetu dituzte Joseba Ormazabal, Herritarrekiko Harremanak, Partaidetza eta Informazioaren Gizartea zinegotziak, eta Garikoitz Lekuona, Partaidetza teknikariak, prozesuaren nondik norakoak; bertan jasotakoaren irakurketa orokor bat burutu dute, eta etorkizunera begirako tolosatzen -i buruz jardun.
Aurten, Tolosatzen prozesuaren baitan, 2019ko udal aurrekontuei begirako parte-hartze programazio integral bat osatu da, herritarrek presentzialki eta telematikoki proposamenak egiteko aukera emanaz. “Udalak eta herritarrak, elkarlanaren bidetik, etorkizun hurbila erakitzen jarraitu dugu hirugarrenez” - nabarmendu du Ormazabalek- “Herritarrei eskura genituen parte-hartze espazio desberdinak eskaini dizkiegu: saio presentzialen bitartez, udal eraikin nagusietan kokatutako postontziekin eta udal-web orrriaren parte-hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera zabalduz”.
Ormazabalek azpimarratu du Tolosako gizartea oso parte hartzailea dela: “udal departamendu desberdinen baitan burutzen diren proiektu desberdinen inguruan herritarren eta herri eragileen parte-hartzea etengabea eta jarraia da urte osoan zehar”. Udazkeneko saiook horiek guztien jarraipen gisa kontsideratu behar dira, baina balio erantsi batekin: urtean zehar alorrez alor egindakoa herri ikuspegian kokatzeko balio dute eta hurrengo urteari begira planteatzen diren ekimen berriak ere herri ikuspegiaren logikan kokatzea ahalbidetzen dute. Gainera, alorrez-alor jasotako ekarpen desberdinen arteko loturak identifikatzeko eta ekarpen guztiak helburu nagusien baitan koherenteki kokatzeko balio dute azken saio hauek”.
“Bestetik, aipatu beharra dago, urrats txiki baina sendoak ematen goazela administrazioan herritarrekin erlazionatzeko moduan. Urrats horien artean azpimarratzekoak dira lehen aldiz parte hartze programazio bat landu izana, kanal eta euskarri ezberdinen bitartez parte-hartze kultura sustatzen jarraitu dela (euskarri grafikoak, gif-ak, publizitatea, bideo promozionala...) eta udal departamendu desberdinen azken bi urteetako jardunari buruzko informazioaren berri, parte-hartzaileei zein maila publikoan, modu argi eta grafikoa batean eman izana”.
Bide horretan, gobernantza eredu berrian eta herritarrekiko hartu-eman aktiboan sakontzen jarraituz, urrats berriak lantzen ari direla aurreratu du Ormazabal zinegotziak: 'Komunitatea eta Gobernantza' departamentua sortzeko lanean gabiltza; Gobernu Ireki bat helburu, plangintza adostua, parte-hartzea, zeharkakotasuna, komunikazioa eta gardentasuna oinarri dituen lan egiteko modua txertatu dugu legealdi honetan Udalean. Hori kudeatu dugu Udaleko lantalde batekin, berariaz bakoitzak bere jardun propioa zuena alor honetaz gain. Orain hori egonkortu eta departamentu izaera eman nahi diogu hainbat funtziorekin, tartean: partaidetza, plangintza estrategikoen kudeaketa, gardentasuna, herritarrekiko harremanak eta senidetze eta kanpo harremanak kudeatzeko. Bestalde, eta zuzenki lotuta, Tolosako I Parte-hartze ordenantza nahi dugu sortu ere.
173 parte-hartzaile
2018ko prozesuan sakonduz, saio presentzialen kasuan, bi parte-hartze espazio diferentziatu proposatu ziren, nahiz eta biak lotura izan beraien artean: batetik garatuak dauden proiektuen saioak, tolosatzenen baitan jada identifikatuta edota martxan dauden proiektuen lanketari zuzendutakoak, eta bestetik, 2019ari begirako saioak, jada martxan dauden proiektuei jarraipena emateko edota lan lerro edo proiektu berriak proposatzeko saioak.
Saio presentzialetan, udal teknikariez gain, 153 herritarrek parte hartu dute. 68 emakumek eta 85 gizonek.
Postontzi eta web bidezko proposamenei dagokienean, 20 pertsonek helarazi dituzte ekarpenak, Garikoitz Lekuona teknikariaren iritziz, “oso interesgarriak ekarpen hauek ere”. Hala ere, azaldu du zailtasun berezia suposatzen duela herritarrarentzat, saio presentzialekin alderatuta, tolosatzenen baitan onartutako ardatz desberdinen baitan proposamenak egin ahal izatea: “saio presentzialen abantaila nagusia saioak parte-hartze metodologia batez lagunduta burutzen direla da. Metodologiaren laguntzaz herritarra plangintzaren ardatz eta helburuetan kokatzea errezagoa da eta hortik beren ekarpenak egokiago lotu ahal izatea. Hausnarketa bat zabalduko dugu hurrengo saioei begira lotura hori errazagoa izatea lortzeko eta zuzeneko saioetan parte hartzen ez duen herritarra gaian kokatuagoa sentitu dadin.
Moldatzekoak badituztela du iritzi Joseba Ormazabal zinegotziak: “garrantzitsuena, programazio hau denboran zabalduagoa izatea (17 saio izan dira hilabeteko epean) eta iraila bukaera eta urrian zehar burutzea, Udalean aurrekontuekiko ditugun denboretara hobeto egokitzeko”.
Alor eta eduki desberdinetako 17 saio presentzialetan jasotako proposamenak asko izan dira eta lehen gerturatze bat egiterakoan, ekarpen guzti hauek bi multzotan sailka daitezke: egitasmo zehatzak eta ideia orokorrak. Lekuonaren hitzetan, azken hauek definizio handiagoa falta zaien egitasmoak dira: “hausnarketa bat eskatzen dutenak, baina ezinbestekoak direnak hurrengo urtean zehar lantzen eta definitzen joatea, orain arte bezala, bertatik eratorri ahal daitezkeelako epe motz-ertainerako ekimen edo proiektu berriak”. Honakoak dira maila orokorrean proposamen horiek Tolosatzenen ezarritako 4 ildo estrategikoen baitan laburtuta:
-
Tolosa, pertsona ardatz duen herria. Tolosa irisgarriago eta inklusiboago baten alde lanean jarraitu. Gako izango dira horretarako hiritartze lanketa eta Udala lantzen ari den Mugikortasun Plan berria. Behar bereziak dituzten kolektiboekin elkarlanean jardutea eta horretarako topaleku diren eremuak sortzea. Baita E.administrazioan gizartea formatzea ere.
-
Tolosa, herri hezitzailea eta kultur anitza. Tolosa euskararen eta sormenaren ikur izatea nahi dute herritarrek. Aliantza publiko-pribatuak sustatzea da herritarrentzako gakoa, eta aldiberean, partika eredugarriak lantzea. Gazteriaren beharrak aintzakotzat hartzea, diagnostikoa eginez eta beren beharrei erantzunaz. Baita genero zeharkakotasuna are gehigo indartzea ere. Herri mailako lanketa egitea, eragile ezberdinen arteko koordinazioa izanik oinarri (Hezkuntza Mahaian esaterako), edota aisiaren eskaintzan, zientzia eta teknologiei sarbidea ematea.
-
Ingurunearen babesa eta udalerriaren nortasuna mantenduko duen herri garapen iraunkor eredugarriak. Trantsizio energetikoan aurrerapausuak ematea, praktika eredugarrien bitartez. Espazio publikoa elkargune eta arnasgune izan dadin Zumardi Txikia bezalako espazioak berreskuratzea, edota baso eskola bezalako proiektuak indartzea. Herria eta landa eremuaren lotura indartzea. Edota udal ekipamenduen diagnostikotik abiatuz, urtez urteko ekintza plana adostea.
-
Tolosako garapen ekonomikoa sustatu hiri ekonomia, industria eta lehen sektorea oinarritzat hartuz. Ekintzailetza hauspotu merkataritza etorkizuneko erronketara egokitzen laguntzen jarraitzea, aliantza publiko pribatuan sakontzea, edota enpresaren, ikasketen eta ekintzaileen mundua batuko duen ekimen zabala.
Tolosatzenetik aurrekontuan txertatutako proiektu guztien xehetasunak 2019ko aurrekontua landuko den Osoko Bilkuran eskainiko dira.
2017/2018: ekintzen betetze maila
4 ildoen baitako 73 alorrak, guztiak, daude abian. Ekintzen garapenerako martxan jarritako jarduera asko bete dira ere, eta ondorioz, herritarrekin batera jarduera berriak adosten jarraitu du Udalak, etenik gabe lan-ildo estrategikoak elikatzen eta betetzen joateko. Iaz, www.tolosa.eus web orria berritu zenetik, tolosatzen ekimeneko lan-ildoen betetze mailaren jarraipena burutu daiteke, sailez sail zein tolosatzen atalean. Orain, atal bakoitzaren baitan, betetze mailaren txostena eskegi da; atal bakoitzeko ekintzen betetze maila zehazten du.
2016ko urtarrilean abiapuntua
4 fasetan banatu da Tolosatzen:
1. Fasea: Bisioa eta Diseinu Fasea.
2. Fasea: Argazki partekatua. Diagnostiko Fasea. 2016 (liburu urdina)
-
Datuak eskutan, egungo Tolosaren argazkia osatu zen herritar, herri eragile, udal teknikari eta ordezkari politikoen ekarpenekin.
3. Fasea: Estrategia eta Plana. 2016-2017 (liburu berdea)
-
Behin Tolosako argazki partekatua osatu eta ondorio nagusiak zehaztu eta gero, adostasunetik etorkizuneko Tolosaren norabideak zehaztu, horiek burutzeko ekintza nagusiak antolatu (Programak) eta lehen jarduerak definitzen ditu.
4. Fasea: Aurrekontuen lanketa, ildoen eta beren baitako proiektuen jarraipena eta kontu-emate Fasea. 2017-2027
-
2017ko aurrekontuan 40 proiektu barneratu ziren.
-
2018ko aurrekontuan 50 proiektu barneratu ziren.
-
2019ko aurrekontuaren txertatutako proiektuen xehetasunak Osoko Bilkuran eskainiko dira.