2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Plana aurkezteko ekitaldi irekia abenduaren 11ean Topic-en 18:30ean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/12/05 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Halaber, 2020 urterako aurrekontuetan jasotako egitasmo nagusiak azaldu eta Tolosatzen ekimenaren baitan legealdian zehar martxan jarriko diren partaidetzarako eta herritarren ahalduntzerako egitasmo berriak ere aurkeztuko zaizkie herritarrei ekitaldian

  • Alkatearen hitzetan “Udala garai berrietara egokitu beharra dugu herritarrei ahalik eta erantzunik eta zerbitzurik egokiena emateko, horregatik, legealdi honetan eraginkortasunean eta gobernantza eredu berrietan urratsak egitea ezinbestekoa izango da guretzat herri elkarrizketa sustatu eta herritarrekiko hartu-emana estutzeko”

 

Jakina da udalak antolamendu egitura berria txertatu duela eraginkortasunean urratsak egiteko. Izan ere, administrazioa arindu eta erabaki hartzeak azkartzea funtsezkotzat jo du udal gobernuak eta legealdirako helburu estrategiko gisa kokatu ditu, baita ere, herritarren ahalduntzea eta herritartasun aktiboa lortzea.

Gauzak horrela, udal egitura berria oinarri hartuta 2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Plana garatu du udal gobernuak datozen urteetarako helburu estrategikoak zehaztu eta aurrera eraman nahi diren proiektuak definitzeko. Modu honetara, era antolatuago batean lan egingo da, proiektu horiek urtez-urteko plangintza baten baitan kokatu direlako.

Plana politiko-teknikoz osatutako talde batek garatu du eta hortaz, plangintza egingarria da, teknikoki ere aztertu direlako bertan jasotako helburu, lehentasun eta proiektuak. Alkatearen hitzetan, “eraginkorragoak izaten lagunduko digun lanerako tresna garrantzitsua da, nondik gatozen eta nora goazen ikuspegiari erantzuten diona, teknikariekin elkarlanean garatu duguna, pertsonak, herritarrak, erdigunean kokatuz”. “Lehen aldia da Tolosako Udalean horrelako lanerako dokumentu bat eratzen dugula eta horregatik, herritarrekin partekatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu” gaineratu du Olatz Peon Ormazabalek.

Horretarako, saio irekia antolatu da datorren asteazkenerako, abenduak 11, arratsaldeko 18:30ean Topic-en. Ekitaldiaz baliatuko da udala garatutako dokumentua tolosarrei aurkezteko eta Legealdirako Kudeaketa Plana herritarrei banatzeko ere. Era berean, herritarren ahalduntzea ahalbidetzea, partaidetza sustatzea eta herritartasun aktiboa bultzatzea helburu estrategiko nagusiak izango direnez legealdi honetan helburu horiek lortzeko martxan jarriko diren egitasmoen berri ere emango da aipaturiko ekitaldian. “Herritarren ongizatea bermatu eta tokiko ekonomia sustatzea planaren oinarri nagusiak dira, gizarte ongizatea bermatzeko, baina garai berriek gobernantza eredu berriak ere eskatzen dituzte eta hortaz, herri elkarrizketa sustatzea eta herritarrekiko hartu emana estutzea lehentasunezkoa izango da legealdi honetan” berretsi du alkateak.

 

Tolosatzen: aurrekontuak lantzeko metodologia berria eta herritarren ahalduntzerako Eskola Irekia

Aurreko legealdian abiarazitako Tolosatzen prozesuari jarraiki eta berau hobetze aldera, aurrekontuak lantzeko metodologia berria jarriko da martxan datorren urtetik aurrera. “Hausnarketa prozesua egin genuen aurreko legealdi amaieran eta prozesua nola hobetu eta aberastu aztertu genuen, azterketa horren ondorioz, aurrekontuak lantzeko urte osorako lan eta partaidetza metodologia berria jarriko dugu martxan eta horixe partekatu nahi dugu herritarrekin beren parte hartzea funtsezkoa delako Tolosa elkarrekin hobetzen jarraitzeko eta elkarlanean etorkizuneko Tolosa marrazteko” aipatu du Olatz Peon Ormazabalek.

Ildo beretik, herritarren, erakundeen eta gizartearen ahalduntzeari lotuta, Tolosatzen Eskola Irekia proiektu pilotua ere jarriko du Udalak martxan eta ekitaldian honen nondik norakoak azalduko dira.

“Herritarren interesekoak diren gaiak jorratuko ditugu ekitaldian, ez da aurkezpen ekitaldi huts bat, tolosarren partaidetza sustatzeko martxan jarriko ditugun egitasmo berriak aurkezteko ekitaldi bat ere bada, elkarrekin eta elkarlanean marraztu dezagun gure etorkizuna” azpimarratu du Olatz Peon Ormazabalek, “horregatik, tolosar guztiak, gazte, heldu zein adinekoak, ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ditut” esanez amaitu du.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA