2019-2023 Legealdirako Kudeaketa plana herritarrekin partekatu da

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/12/12 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Alkatearen hitzetan “eraginkortasuna, jasangarritasuna eta herri elkarrizketaren bidetik komunitatearen sendotzea izango dira 2019-2023 legealdi honetako gako nagusiak, pertsonen ongizatea eta tokiko ekonomia lehentasun gisa mantenduta, ongizate indibidual zein kolektiboa bermatzeko”.

  • 100 tolosar inguru gerturatu ziren atzo Topic-era datozen 4 urteetarako lehentasun eta proiektu estrategikoak ezagutzera. Herritarrek udal eraikin nagusietan eskuratu dezakete 2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Plana eta ikusgai dago dokumentua udal webgunean.

  • Halaber, komunitatea sendotzeko eta herri elkarrizketa sustatzeko martxan jarriko diren partaidetzarako eta ahalduntzerako egitasmo berriak ere aurkeztu ziren atzoko saioan elkar-ezagutza sustatu eta udalaren eta herritarren arteko hartu-emana urte osora zabaltzeko helburuarekin

Eskerrak emanez eta testuinguruari erreferentzia eginez hasi zuen Olatz Peon Ormazabal alkateak atzoko ekitaldia “garrantzitsua da nondik gatozen jakitea nora goazen zehazteko” azpimarratu zuen, “erronkaz beteriko testuinguru aldakor batean murgilduta gaude, paradigma berri baten aurrean alegia, aldaketak bata bestearen atzetik, azkar eta batera gertatzen dira gaur egun eta esparru guztietan eragiten dute gainera: hezkuntza, kultur kontsumoa, ekonomia, administrazioa, aisialdia… eta horrek gauzak egiteko modu berriak eskatzen ditu, gobernantza eredu berriak” azaldu zuen.

Ildo horretatik, aurreko legealdian pertsonak erdigunean kokatu eta administrazioa garai berrietara egokitzeko beharraz hausnartu zutela azaldu zuen. Lanerako erreminta berriak garatu zituzten 2019-2023 legealdian martxan jarriko direnak. Udal egitura berria, Legealdirako Kudeaketa Plana eta Tolosatzen prozesuari jarraipena emateko bide berriak kokatu zituen helburu horren baitan. Komunitatea eta Gobernantza sail berria ere eratu dela aipatu zuen, legealdi honetako helburu nagusietako bat, hain zuzen ere, komunitatea sendotzea izango baita.

Eraginkortasuna, gizarte ongizatea eta tokiko ekonomia, komunitatea sendotzeko herri elkarrizketa eta jasangarritasuna, legealdi honetako helburu eta gako nagusiak:

Aurrean ditugun erronkei eta bereziki herritarren beharrei modu egokiagoan erantzuteko eraginkortasunean urratsak egitea ezinbestekotzat jo zuen alkateak. Horretarako eta antolakuntza arloaren baitan, 3 egitasmo nagusi azpimarratu zituen Peonek: udal egitura berria txertatzea, herritarren arreta zerbitzu integrala sendotzea eta administrazio elektronikoa areagotzea.

Herritarren arloari dagokionez, legealdi honetan ere, gizarte babesa eta tokiko ekonomia lehentasunezkoak izaten jarraituko dutela jakinarazi zuen, ongizate indibidual zein kolektiboa bermatzeko. Horren haritik, zahartzaroari eta adineko pertsonen zaintzari modu berezian erreparatuko diotela nabarmendu zuen. “Gero eta gizarte zaharkituagoa da gurea eta ondorioz, beharrak areagotuz doaz esparru honetan eta ezinbestean behar berri horiei erantzun behar diegu, horretarako, adineko pertsonen ongizatea bermatzea eta prebentzioan azpimarra jartzea funtsezkoa izango da guretzat ” esan zuen alkateak.

Tokiko ekonomiaren garapen eta sustapena zutabe garrantzitsua izango da kalitatezko enplegua sortu eta hiri ekonomia sendotzeko eta bide horretan, udalak industria eta enpresa sarearen, merkataritza eta ostalaritzaren eta baserritarren bidelagun izatean jarraituko duela jakinarazi zuen, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren ildoei jarraiki. Eta turismoa ere, aukera berri modura, indartzen jarraituko da.

Herri elkarrizketa sustatzeari eta udalaren eta herritarren arteko hartu-emana estutzeari garrantzia berezia emango zaio datozen urteetan, komunitatea sendotzeko helburuarekin. Horretarako, herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea ahalbidetuko dira proiektu ezberdinen bitartez, horien artean, Emakumeen Etxea eta Tolosatzen Eskola Irekia izango dira, besteak beste, esanguratsuenak.

Lurralde arloan, jasangarritasuna, irisgarritasuna eta mugikortasuna izango dira gai nagusiak. Jasangarritasunaren bidetik, hainbat proiektu estrategiko azpimarratu zituen alkateak: Zumardi txikia berreskuratzea, aparkalekuen inguruko azterketa egitea, Rondilla kalearen berritzea, aldaketa klimatikoari aurre egiteko herri plana, kirol eta azpiegituren egokitze eta berritzea, landa auzoen etorkizunari buruzko azterketa eta etxebizitza hutsen birgaitzea, alokairua sustatzeko helburuarekin.

Hirigintza arloan legealdi honetan aurrera pausoak emango dira hainbat eremutan: Gorriti, San Esteban, Apatta Erreka, eta Plan Orokorraren berritzearekin batera, ospitale publikoa eraikitzeko zoruak ere definituko dira.

Tolosatzen prozesuan bide berriak:

Esan bezala, herri elkarrizketa sustatzea komunitatea sendotzeko estrategikoa izango da legealdi honetan. Aurreko legealdian egindako bideari jarraiki, herritarrekin aurrekontuak lantzeko metodologia berria aurkeztu zuten atzo Komunitatea eta Gobernantza saileko zinegotzi eta teknikari arduradunek. “2019an hausnarketa politiko-teknikoa egin genuen prozesua nola hobetu aztertzeko eta metodologia berria hausnarketa horren emaitza da. Metodologia berriarekin, udalaren eta herritarren arteko harremana urte osora zabaldu nahi dugu, urte hasieratik aurrekontuak herritarrekin lantzen hasteko eta modu antolatuago eta koordinatuago batean lan egiteko” adierazi zuen Joseba Ormazabal zinegotziak.

Garikoitz Lekuonak, Komunitatea eta Gobernantza saileko teknikariak aldiz, Tolosatzen Eskola Irekia proiektu berria aurkeztu zuen. Honek ere herri elkarrizketa sustatzea du helburu, baina bereziki elkarlana eta lankidetza oinarri hartuta, udalaren, eragileen, taldeen eta oro har herritarren artean sinergiak sustazteko eta elkar-ezagutzarekin bidetik agenda partekatua eratzeko helburuarekin.

Esan zuenez, abenduaren 17an talde motorra eratzeko bilera irekia egingo da udaletxeko pleno aretoan arratsaldeko 18:30ean eta herritar guztiak egitasmoan parte hartzera gonbidatuta daude.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA