- Bi zatitan banatu dira bilerak: aurreko aurrekontuetan garatutako proiektuen bilerak, urriaren 22tik azaroaren 9ra, eta 2019 aurrekontu parte-hartzaileak, azaroaren 12tik 22ra. Online, www.udala.tolosa.eus/aurrekontuak2019 estekan, eta etxez etxe banatutako liburuxkaren bitartez ere egin daitezke proposamenak.
- 2016an herritarrekin bat Tolosaren Argazki partekatua egin eta 2017an 2017-27 Plangintza Estrategikoa osatu ostean, 2017 eta 2018an aurrekontuei begirako proiektuak landu zituzten tolosarrek: 40 barneratu ziren 2017ko aurrekontuan eta 50 2018koan.
- 2017-27 Plangintza Estrategikoan ezarritako 73 ekintzak abian dira; guztiak. Ekintzen garapenerako martxan jarritako jarduera asko bete dira ere, eta ondorioz, herritarrekin batera jarduera berriak adosten jarraituko du Udalak, etenik gabe lan-ildo estrategikoak elikatzen eta betetzen joateko.
- Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “gorpuztu dira herritarrekin bat tolosatzenen landutako hainbat jarduera, dela Emakumeen Etxea, Zumardi Txikia, Oria ibaia... Elkarlanean egindako lanaren fruituak jasotzen hasiak gara eta haziak ereiten jarraituko dugu aurten”.
Hirugarrenez tolosatzen jarraituko dute tolosarrek eta aurten, hainbat berrikuntzekin gainera. 2016an herritarrekin bat Tolosaren Argazki partekatua egin eta 2017an 2017-27 Plangintza Estrategikoa osatu ostean, 2017 eta 2018an aurrekontuei begirako proiektuak landu zituzten: 40 barneratu ziren 2017ko aurrekontuan eta 50 2018koan. Aurten aukera izanen da horretarako, baina baita jada tolosatzenen sortu eta garatu diren proiektuetan parte-hartzekoa ere.
Guztira 17 bilera programatu dira, bi zatitan banatuta: garatutako proiektuen bilerak eta 2019 aurrekontu parte-hartzaileak. Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak, eta Joseba Ormazabal, Herritarrekiko harremanak, Partaidetza eta Informazioaren Gizarteko zinegotziak eskaini duten prentsa agerraldian aurkeztu dute aurrekontuei begirako plangintza. “Iaz egindako bileren ostean jasotako iradokizunei jarraiki aurrekontu parte-hartzaileen lanketa sektorialki egitea adostu da aurtengoan. Egokiagoa da alorrez alor inguru goxo batean, gertutasunez, egoera lasaian eta 80 pertsona gela batean batzeak eragiten duen zarata ekidinez hausnartzea etorkizun hurbil eta ertaineko Tolosari buruz” nabarmendu du Joseba Ormazabalek.
Aurrekontuei dagozkien bileren aurretik, ordea, tolosatzenetik eratorri eta 2019an jarraipena izango duten hainbat proiekturen saioak programatu dira ere: “gorpuztu dira herritarrekin bat tolosatzenen landutako hainbat jarduera, dela Emakumeen Etxea, Zumardi Txikia, Oria ibaia... horiek aparteko saioak izango dituzte gai horietan zentratuak guztiz – adierazi du Olatz Peon Ormazabalek-. Elkarlanean egindako lanaren fruituak jasotzen hasiak gara eta haziak ereiten jarraituko dugu. Uste dugu, gainera, gai zehatzek interes berezia sor dezaketela jendearengan, gertuago senti ditzaketela, sakontasun gehiagorekin lantzeko aukera izango dutela, eta bertatik, gonbidatu nahi ditugu ondoren aurrekontuen bileretan parte hartzera, proiektuari dagokion sail berean edo interesa duen alorrean”. Alkatearen iritziz, herritarrak herrigintzan “piztea” du balio nagusi: “guztiok gara herritar eta guztiok dugu zer esan. Herritarrekin bat lantzea gure herriaren etorkizuna aberasgarria da zentzu orotan”.
17 bilera presentzialez gain, liburuxka bat helarazi da Tolosako etxe guztietara prozesuaren berri eman eta etxetik herritar bakoitzak beren proposamenak luzatzeko aukerarekin. “Liburuxkak proposamenak egiteko gune bat du, tolosatzenen herritarrek ezarritako lau lan-ildoen eskemarekin, eta orritxo hori bete eta herrian zehar dauden postontzietan utzi dezakete herritarrek: Udalean, Kultur Etxean, Gorosabel eraikinean eta Usabal kiroldegian daude postontziok. Gauza bera egin daiteke internetez: formulario bat dago eskuragarri liburuxkaren eskema berarekin www.udala.tolosa.eus/aurrekontuak2019 estekan” gaineratu du Partaidetza zinegotziak. Antolamenduaren biko eskemari jarraiki, garatutako proiektuen bilerak eta 2019 aurrekontu parte-hartzaileak, horrela egituratu dira hitzorduak:
tolosatzen prozesutik eratorritako hainbat proiektuei buruzko saio monografikoak:
Gazteen ekintzailetza
Urriak 22, 18:30ean, Kultur Etxean.
Zumardi Txiki eta Oria ibaia
Urriak 24, 19:00etan, Kultur Etxean.
Gizarte zerbitzuen alorreko elkarteen arteko topaketa
Urriak 29, 19:00etan, Kultur Etxean.
Hezkuntza Mahaia
Azaroak 5, 19:00etan, Kultur Etxean.
Udal ekipamendu soziokulturalak
Azaroak 7, 19:00etan, Kultur Etxean.
Pump-track
Azaroak 7, 13:30ean, Udaleko 4 pisuko bilera gelan.
Mugikortasun Plana
Azaroak 8, 11:00etan, Oriaburun.
Landa eremuko ibilbideak
Azaroak 8, 19:00etan, Oriaburun.
Mugi Tolosa
Azaroak 9, 9:00etan, Udaleko Batzar aretoan.
tolosatzen: aurrekontuak lantzeko saio parte-hartzaileak
Garapen ekonomikoa
Azaroak 12, 19:00etan, Udaleko Batzar aretoan.
Euskara eta hezkuntza
Azaroak 14, 19:00etan, Oriaburun.
Kirola
Azaroak 15, 19:00etan, Oriaburun.
Berdintasuna
Azaroak 15, 19:00etan, Kultur Etxean.
Ingurumena
Azaroak 19, 19:00etan, Oriaburun.
Gazteria
Azaroak 20, 19:00etan, Oriaburun.
Kultura
Azaroak 21, 19:00etan, Kultur Etxean.
Gizarte zerbitzuak
Azaroak 22, 19:00etan, Kultur Etxean.
Tolosatzenen ezarritako 73 ekintzak abian
2017-27 Plangintza Estrategikoak 73 ekintza barneratzen ditu lau lan-ildotan banatuta:
-
Baloreetan oinarritutako gizarte konprometitua eta inklusiboa sustatzea.
-
Herri hezitzaile eta irekia egitea, euskara mailan arnasgunea, kalea herritarren topagunea bihurtuz.
-
Garapen iraunkorrean herri aitzindaria izatea, klima aldaketaren aurrean konpromiso sendoa hartuko duena.
-
Garapen ekonomikoko eredu orekatua eta duina bultzatzea, pertsona erdigunean jarriz.
Ekintza guztiak daude abian. Ekintzen garapenerako martxan jarritako jarduera asko bete dira ere, eta ondorioz, herritarrekin batera jarduera berriak adosten jarraituko dugu, etenik gabe lan-ildo estrategikoak elikatzen eta betetzen joateko. Iaz, www.tolosa.eus web orria berritu zenetik, tolosatzen ekimeneko lan-ildoen betetze mailaren jarraipena burutu daiteke, sailez sail zein tolosatzen atalean. “Plangintza Partekatuaren jarraipena, ebaluazioa eta etengabeko elikatzea da ekimen parte-hartzaile honen berrikuntza eta aberastasunik handiena – nabarmendu du alkateak. Hori Tolosatzen gobernantza-ereduaren udal politikan txertatzearen ondorio da. Plangintza partekatu honek herritarren eta eragileen parte hartzea sistematizatzeko tresna bat eskaini du eta udal sail desberdinen arteko komunikazioa eta elkarlana erraztu, Gardentasun Legea betetzea ahalbidetzeaz gain”.
2016ko urtarrilean abiapuntua
4 fasetan banatu da Tolosatzen:
1. Fasea: Bisioa eta Diseinu Fasea.
2. Fasea: Argazki partekatua. Diagnostiko Fasea. 2016 (liburu urdina)
-
Datuak eskutan, egungo Tolosaren argazkia osatu zen herritar, herri eragile, udal teknikari eta ordezkari politikoen ekarpenekin.
3. Fasea: Estrategia eta Plana. 2016-2017 (liburu berdea)
-
Behin Tolosako argazki partekatua osatu eta ondorio nagusiak zehaztu eta gero, adostasunetik etorkizuneko Tolosaren norabideak zehaztu, horiek burutzeko ekintza nagusiak antolatu (Programak) eta lehen jarduerak definitzen ditu.
4. Fasea: Aurrekontuen lanketa, ildoen eta beren baitako proiektuen jarraipena eta kontu-emate Fasea. 2017-2027