- Lehen zozketa egin da, pertsona hautatuek gutuna jasoko dute eta izena ematen duten herritarren artean bigarren zozketa egingo da.
- Guztira, 32 tolosarrek parte hartuko dute Udalak sustatutako deliberazio egitasmoan eta prozesua amaitzean ordainsaria jasoko dute.
- Guztira 5 saio egingo dira urritik abendura bitartean, larunbatetan, 9:00etatik 18:00etara, osasun eta ongizate emozionalaren erronkaz aritu eta gomendioak egiteko.
Tolosan aurrera eramango den deliberazio prozesu aitzindariak eta berritzaileak badu hasiera data. Urriaren 22an egingo da Herritarren Batzarraren lehen saioa.
Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarratu du “Tolosa herritarren parte hartze alorrean abangoardian kokatu du prozesu honek, Tolosa aitzindaria izango baita horrelako prozesu baten garapenean, sinetsita gaudelako parez pare ditugun erronka konplexuei elkarlanetik erantzun behar diegula, politika publikoen garapenean herritarrak inplikatuz, eta horixe du helburu prozesu honek, herritarrak gai eta erronka publiko garrantzitsu baten eztabaidan inplikatzea eta udal honek konpromisoa hartzen du gomendio horiei jarraipena egin eta horiei erantzuteko”.
Udalak prozesu berritzaile honen aldeko apustua egin du hasieratik, udaleko alderdi politiko guztien babesarekin eta Arantzulab Gizarte Berrikuntza Laborategiaren eta ELGA, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen laguntzarekin, Tolosan gobernantza eredu berrietan sakontzen jarraitu eta partaidetzaren kultura Tolosan errotzen jarraitzeko. “Erakundeek eta herritarrek elkarrekin aritu behar dugu eta elkarrekin eraiki behar dugu agenda publikoa; Tolosan gobernantza eredu berriak errotzera eta indartzera dator prozesu hau, esperientzia berria izango da, oso garrantzitsua, herritarrek izango dutelako erabateko protagonismoa” esan du alkateak.
Zozketa zibiko bidez osatutako Herritarren Batzarra
Tolosako komunitatearen aniztasuna bermatuz, profil ezberdinetako pertsona talde batek osatuko du Herritarren Batzarra.
Lehen zozketa egin da udal errolda baliatuz, (16 urtetik gorako biztanle guztien artean) eta hautatuak izan diren 2400 pertsonek prozesuan parte hartzeko gonbidapen gutuna jasoko dute. Soilik gutuna jaso duten herritarrek izango dute Herritarren Batzarrean izena emateko aukera. Izena ematen dutenen artean bigarren zozketa egingo da 32 pertsonez osatutako taldea eratzeko.
Talde horrek osasun eta ongizate emozionalaz hausnartuko du eta agintari publikoei zuzendutako gomendio zehatzak garatuko ditu.
Zehazki ondorengo galderari erantzun beharko diote parte hartzaileek: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?
Osasun Mentalaren baitan ongizate emozionala, psikologikoa eta soziala daude. Horien inguruan deliberatu beharko dute herritarrek eta beren ikuspegia eman. Prozesuak aukera emango die herritarrei ongizate eta osasun emozionalaren egoera bertatik bertara ezagutzeko eta batzarreko gainerako kideekin eztabaidatzeko, ez da beharrezkoa gaian aditua izatea, aditu talde baten aholkularitza izango duelako batzarrak eta ondoren, aipatutako erronkari aurre egiteko gomendioak landuko ditu taldeak.
Prozesuak 3 fase izango ditu:
- Adituen eskutik informazioa jasoko da.
- Jasotako informazioaz hausnartu eta deliberatuko da.
- Tolosako Udalarentzat proposamen eta gomendioak egin eta idatziko dira.
5 larunbatetan, urritik abendura
Herritarren Batzarra 5 aldiz elkartuko da, eta parte hartzaileek larunbatetan egingo diren saio horietan guztietan parte hartzeko konpromisoa hartuko dute.
Saioak urriaren 22an, azaroaren 5ean, azaroaren 19an, abenduaren 3an eta abenduaren 17an izango dira (larunbatak) 9:00etatik 18:00etara (atsedenaldi eta otordu tarteak barne). Saio guztiak Tolosako Lanbide Heziketa Ikastetxean izango dira. Bileretan parte hartzeagatik, 444 euroko ordainsaria izango dute Herritarren Batzordeko kideek.
Abenduaren 19an egingo den azken saioan, udal ordezkariei aurkeztuko zaizkie herritarrek landutako proposamenak. Ondoren, udal arduradunek ekarpen horien guztien bideragarritasuna aztertuko dute eta azken saio batean, 2023an egingo dena, herritarrek egindako gomendioei erantzuna emango diete, zein inplementatuko diren eta zein ez eta zergatik azalduz.
Naiara Goia, Arantzazulabeko zuzendari nagusiak azpimarratu du, Tolosako prozesuak lankidetzazko gobernantzan sakontzeko aukera ematen digu, erakunde publiko eta gizarte zibilaren arteko harreman eredu berriei bide emanez. Herritarrekin deliberazio partekatuko espazio bat eraikitzeak, gure etorkizuna baldintzatuko duten erabaki publiko batzuetan herritarrei paper protagonista emateaz gain, herritarrek erakunde publikoekiko duten konfiantza handitzen laguntzen du. Tolosako egitasmoarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen beste Herritarren Batzar bat abiatu dugu, hain zuzen ere demokrazia deliberatiboko prozesuen inguruan ezagutza garatzeko, tokiko gaitasunak eraikitzeko eta gure erakundeetan deliberazio tresna hau instituzionalizatzeko baldintzak sortzeko”.