Aitzindaria den Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun ordenantza osatu du Tolosako Udalak

Tolosako Udala
2022/07/15 | Tolosatzen

Tolosako Udalak aitzindaria den Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun ordenantza aurkeztu du.   Arautegi honen helburua da udalerriko bizilagunen eskubideak zehaztu eta garatzea, gardentasunaren eta herritarren partaidetzaren esparruan; herritarrek gai publikoetan parte har dezaten ahalbidetzea eta bultzatzea, parte hartzeko bideak ezarriz (lankidetzazkoak, elkarrizketa bidezkoak, deliberaziozkoak eta zuzenak); herritarren parte hartzeko tresnak zehaztea eta prozedurak ezartzea (gune egonkorrak, parte hartzeko prozesuak, herritarren ekimenak eta herritarren kontsultak) eta, elkartegintza eta herritartasuna sendotzea eta bultzatzea eta lankidetza publiko-soziala sustatzea.

Joseba Ormazabal, Gobernantza eta Komunitateko zinegotziak prentsaurrean adierazi duen moduan, “Udal gobernu honek barneratua du Gobernantzaren garrantzia. Argi dugulako, komunitate gisa ditugun erronkei elkarlanetik erantzun behar diegula eta komunitatea sendotzeko bide bakarra dela gobernantza eredu berrietan sakontzea”. Hala, azken urteetan egindako ibilbidea eta onartu berri duten ordenantza “gobernuaren konpromisoaren adierazlerik nagusienak” direla gaineratu du. Zentzu honetan, emandako hainbat pauso gogorarazi ditu: “Gobernantza eta Komunitatea saila sortu genuen legealdi hasieran eta Tolosatzen egitasmoaren eskutik, Tolosatzen Eskola Irekia eta herri aliantza garatu ditugu azken urteetan, aurrekontu partehartzaileekin batera”. Gainera, eskuartean gobernantza eredu berrietan sakontzeko beste proiektu garrantzitsu bat dutela aurreratu du: “Arantzazulab eta OCDErekin (Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Erakundea) elkarlanean garatzen ari gara, Tolosan prozesu deliberatibo ordezkatzaile bat aurrera eramateko”.

 

Partaidetzaren kultura errotzeko eta sendotzeko tresna

Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun ordenantza “aurrerapauso garrantzitsua” dela adierazi du zinegotziak. Izan ere, Tolosa “aitzindaria” izan da horrelako ordenantza baten garapenean: “Ikuspegi berritzaileak txertatu eta jaso ditugu ordenantzan, komunitatearen garapenean, trebakuntzan, berdintasunean eta ikuspegi feministan azpimarra jarrita. Ez baitago benetako gobernantzarik, herritarrak ez badaude benetan ahaldunduta, beraien eskubideetan eta betebeharretan. Ordenantza hau, beraz, gobernantza indartzeko tresna da. Partaidetzaren kultura Tolosan errotzen eta sendotzen lagunduko diguna. Kultura politikoa, demokratikoa, herrigintza bera eta administrazioa sustatu eta sendotzeko tresna da, alegia”.

Ekindako bideari jarraipena emateko ordenantza, herritarrekin bat, herritarrekin elkarlanean jarduteko osatu dute. “Hori da gure apustua eta konpromisoa. Esanez eta eginez egiten dugulako”, nabarmendu du Ormazabalek.

Modu partehartzailean garatu da ordenantza, eta zenbait saio egin dira osatzeko. Legeak eskatzen duen bezala, herritarren parte-hartze eskubidea bermatuz garatutakoa da arau berria. Genero perspektiba aintzat hartuz aurre ebaluazio eginez eta euskara eragileen ekarpenak jasoz osatu da, besteak beste. Gainera, maila politiko-teknikoan landua izan da eta horretarako, 30 bilera-saio baino gehiago egin dira eta 20 zirriborro osatu dira.

 

Herritarren eta Udalaren arteko komunikazioa indartzea

Alor desberdinetako legeak oinarritzat hartuz, lege esparru zabaletik abiatuz, alor desberdinetako aipamenak dokumentu bakarrean jaso eta Tolosako errealitatera egokitzen den partaidetza eta garapen komunitarioko eredua garatzen du ordenantza berriak.

Gainera, Udalaren eta herritarren arteko informazio-eskubideari, gardentasunari eta komunikazioari lotutako tresnak eta egiturak definitzen ditu, bai eta herritarren eta Udalaren arteko harreman-modu eta partaidetza-bide berriak arautzeko bitartekoak, mekanismoak eta prozedurak ere. Azken batean, herritarrak ardatz dituen gobernantza ereduaren Tolosako arau-oinarria da ordenantza, eta hiru alderdien arteko elkarlanean, adostasunez eta aho batez sortu du Udalak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA