Charleville-Mézières-eko gazteekin elkartrukea egiten ari dira Tolosako ikasleak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/11/28 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Tolosako eta Charleville-Mézièreseko udalek duten senidetze hitzarmenari lotuta, abenduaren 5era bitartean egongo dira Frantzian ikasle tolosarrak
  • Bi herrien arteko elkar-ezagutza bultzatzea da egitasmoaren helburua, kultura ezberdinak ezagutu eta hizkuntza gaitasunak hobetzearekin batera


Tolosako Udalak eta Charleville-Mézières-ekoak iaz sinatu zuten senidetze hitzarmenaren barruan, Tolosako 41 ikasle Frantziara bidaiatuko dute gaur ikasle elkar truke programaren baitan. Herrikide, Laskorain eta Orixe ikastetxeetako DBHko 4. mailako eta batxilergoko ikasleak dira, eta abenduaren 5era bitartean egongo dira Charleville-Mézières-en, hiru arduradunekin batera. Bidaia Tolosako udalak finantzatu du.

Txotxongiloen bueltan sortutako senidetzea da Tolosaren eta Charleville-Mézières-en artekoa. 2017tik, ordea, lan lerro ezberdinak garatu dituzte industria 4.0n, 3D fabrikazio aditiboan, ikasleen elkar trukean eta hezkuntzan, lehen sektorean, gastronomian edota turismoan sakontzeko. Marko horretan dago kokatuta gazteen elkar truke bidaia hau ere. Kultura eta hizkuntza alorrean elkar ezagutza lantzea da helburua, hizkuntza erabileran trebatzeko eta kirol, kultura eta aisia gaiekin lotutako bizipenak lantzeko.

Bide batez, herriko gazteen artean harremanak sendotzea eta bizipen berriak sustatzea ere bultzatu nahi da. Horregatik, aurten lehen aldiz, hiru ikastetxeetako ikasleak elkarrekin ari dira parte hartzen bizipen honetan. Itunpeko ikastetxeen eta ikastetxe publikoen esperientziak eta hezkuntza proiektu ezberdinak ere ezagutuko dituzte, bai Tolosatik Frantziara joandako ordezkariek eta baita alderantziz ere.

Charleville-Mézières-eko ikasleen etxeetan egingo dute egonaldia Tolosako gazteek. Ikaskideekin batera egingo dituzten ekintzez gain, ikasle bakoitzak egonaldia egingo duen familiarekin ere igaroko du denbora. Hala, hizkuntza gaitasunetan trebatu ahal izango dira, eta autonomia pertsonalean garatu.

 

 

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA