Gardentasun eta Gobernantzako ordenantzaren garapena martxan, partaidetzaren eta gardentasunaren kultura Tolosan errotu eta sustatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/02/04 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Uztailera bitartean garatuko da ordenantza berria, fase ezberdinetan, herritarren partehartzearekin, herritarrak lanketa honetan eragile aktiboak izatea lortu nahi baita.

  • Ordenantza berriak helburu du partaidetzaren kulturan sakontzea eta herritarren ahotsa kontuan hartuko duten gobernantza eredu berriak udal jardunaren egunerokoan txertatu eta sistematizatzea.

  • Olatz Peon Ormazabal: “gizartea eraldaketa prozesu batean dago murgilduta eta garai eta paradigma berriek egiteko modu berriak eskatzen dituzte, gobernantza eredu berriak eta lankidetzarako espazioak, herritarren partaidetza handiagoa, horregatik esparru horiek guztiak zehaztu eta arautzea eta herritarren ahalduntzea sustatzea ditugu helburu ordenantza berriarekin”

 

 

Legealdi Planean jasotako helburu eta ekintza estrategikoetako bat da herritarren ahalduntzea eta gobernantza eredu berrietan sakontzea. Eta zentzu horretan, Gardentasun eta Gobernantzako ordenantza garatzea aurreikusi eta jaso zen 2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Planean.

Olatz Peon Ormazabal, alkatearen hitzetan: “udala izanik herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa, ezinbestekoa da, gobernantza irekia eta partehartzailea sustatzea politika publikoak garatzeko unean. Gizartea eraldaketa prozesu batean dago murgilduta eta garai eta paradigma berriek egiteko modu berriak eskatzen dituzte, gobernantza eredu berriak eta lankidetzarako espazioak, herritarren partaidetza handiagoa, horregatik esparru horiek guztiak zehaztu eta arautzea eta herritarren ahalduntzea sustatzea ditugu helburu ordenantza berriarekin”, azpimarratu du.

Udalak ibilbide luzea du egina partaidetzaren esparruan, azken urteotan aurrera eramandako egitasmoen bitartez: Tolosatzen 2017-2027 plangintza estrategikoa, Tolosatzen aurrekontu partehartzaileak, Tolosatzen Eskola Irekia eta berriki martxan jarritako eta herritarrekin landutako Tolosatzen Aliantza.

Tolosatzen proiektuaren baitan aurrera eramandako egitasmo guztiek gobernantza eredu berri baten eraikuntza ahalbidetu dute, herritarren eta udalaren arteko zubiak eraikitzen lagunduz eta udal politiken kudeaketa parte hartzaileagoei bidea emanez. Ekindako bideari jarraipena emateko eta gobernantza eredu berrietan sakontzeko ezinbestekoa da ordenantza baten bitartez zerbitzuak eta prozedurak zehaztea, partaidetzari, gardentasuna, informazioari, kontu emateari eta herritarren ahalduntzeari begira.

Hortaz, ordenantza berriarekin urrats bat gehiago egin nahi da ekindako bidean helburu hartuta erakundeetatik gizarte eta politika egiteko modu berrietan sakontzea, eraldaketarako oinarriak lantzea eta jartzea, partaidetza oinarri duen kultura politikoa eta administrazioa sustatzeko.

 

Gardentasun eta Gobernantzako Ordenantzaren helburu nagusiak:

  • Partaidetzaren kulturan sakontzea, horretarako partaidetzarako araudi esparrua zehaztuz.

  • Partaidetza prozesuak udal antolaketan errotu eta sistematizatzea eta zeharkakotasunez lantzeko bideak zehaztea, udal teknikari eta politikarien prestakuntza eta ahalduntzearen bitartez, udal funtzionamendua herritarrei gehiago irekitzeko eta partaidetzan oinarritutako prozesuen kalitatea hobetzeko, partaidetzaren eragina udal politiketan eta erabaki hartzeetan bultzatuz.

  • Herritarren ahalduntzea eta lankidetza publiko-komunitarioa sustatzea.

  • Gardentasun eta komunikazio eskubide eta prozedurak definitzea eta partaidetza prozesuetan zehar eta arautegian gizon emakumeen arteko berdintasuna aintzat hartzea, emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua bermatzeko.

 

Ordenantzaren garapena, elkarlanaren esparrutik:

Tolosarrek zeresana izan behar dute herritarren partaidetza arautuko duen ordenantzaren eratze prozesuan. Alde batetik, herritarren partaidetza artikulatuko duen dokumentua izango delako eta bestetik, udalerriko herritarren eskubide sozialak bilduko dituelako; baina ez hori bakarrik, arautegi honen lan ildo berritzaileenetariko bat elkarlan publiko-komunitarioa garatzeko espazio berrien sorrera izango da eta baita ere, generoari buruzko aurre ebaluazioa egitea.

Generoari buruzko aurretiazko ebaluazioa eginez, neurri zuzentzaileak ezartzeko aukera egongo da, arau edota ekintza berriek berdintasun ikuspetigik eragin kaltegarriak izango dituztela hautematen bada. Era aldiz, eragin onuragarriak badituzte, horiek indartzeko eta beste neurri gehiagarri batzuk hartzeko aukera izango da.

Dagoeneko Udala hasi da dokumentua udal barnean lantzen. Prozesua uztaila bitartean gauzatuko da, fase ezberdinetan eta esan bezala, tolosarren parte hartzearekin, herritarrak lanketa honetan eragile aktiboak izatea lortu nahi baita.

Faseak:

  1. BARRURA BEGIRAKOA, urtarriletik martxora: prozesuaren diseinua egingo da eta araudiaren lanketa blokeka udal teknikari eta politikarien parte hartzearekin, ordenantzaren zirriborroa garatzeko.

  2. KANPORA BEGIRAKOA, kontrastea herritarrekin, martxotik apirilera: behin zirriborroa landuta herritarrekin partekatu eta landuko da garatutako dokumentua horretarako saio irekiak egingo dira eta elkarteekin ere bilerak deituko dira herritarren proposamenak jasotzeko.

Lanketa hau hiru mailatan egingo da:

  • Herritar antolatuekin (Herriko elkarteetako kideak)
  • Foro egonkorretako erakunde eta elkarteetako kideekin
  • Norbanako edo herritar antolatu gabeak.


Kontraste fasearen ondoren, jasotako ekarpenak aztertu eta baloratuko dira eta oinarrizko dokumentuan txertatu, behin betiko arautegia idazteko. Ekainerako ordenantza prest izatea aurreikusten da eta ondoren gizarteratuko da Gobernantza eta Gardentasunaren Ordenantza berria.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA