Gomendioen inplementazioa abiadura hartzen ari dela azpimarratu du Tolosako Herritarren Batzarrak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/27 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Herritarren Batzarraren bigarren saioa egin zen larunbatean, pleno aretoan.
  • Jarraipena egiten segitzeko prestutasuna azaldu dute parte hartzaileek; sei hilabete barru jarraipen txostena igorriko du udalak, eta urtebete barru saio presentziala egingo da.

 

Tolosako Herritarren Batzarrak osasuna eta ongizate emozionala hobetzeko egindako gomendioen inplementazioaren bigarren jarraipen saioa egin da asteburuan. Sei gomendioren inguruan zentratu da hitzordua, eta hartutako konpromisoei ematen ari zaien erantzuna azaldu du udal gobernuak. 

 

Besteak beste, arkitektura inklusiboa, etxebizitza, suizidioaren prebentzioa, gazteen aisialdia, natur guneen sorrera eta konfiantza instituzionala izan dituzte hizpide. Puntu horietako bakoitzari lotuta, hauxe ari da lantzen udala une honetan:

  • Arkitektura inklusiboa: Arkitektura eta Hirigintza Inklusiboari buruzko batzordea eratu du udalak eta Irisgarritasun Plana berritzeko lanetan da. 
  • Etxebizitza: Ekainean argitaratuko diren diru laguntzak egokitu egin dira; gune tentsionatu izendatzeko prozedura ere abiatu du udalak. Amarotz auzoko babes ofizialeko etxebizitzen bigarren fasea ere gauzatuko da. Horrez gain, gazte eta helduen arteko etxebizitza proiektu publiko komunitario batean lanean da udala. 
  • Suizidioaren prebentzio komunitarioa: Nerabeekin lan egiten duten profesional, herritar eta eragileen iritziekin diagnosia egiten dabil udala. Udazkenean horiei bideratutako formazio plana egingo da, eta datorren urtean jardueren programazio egokitua eta suizidioa prebenitzeko protokoloa landuko dira. 
  • Gazteen aisialdia: Nerabeen Parte Hartze Foroa martxan jarri du udalak, eta asialdirako aukerak aztertzeko galdetegia zabaldu da; egin dituzten proposamenak landuko dira orain. Gazte auzolandegiak ere indartu dira, eta espazio autogestionatu baten inguruko azterketa ere egingo da.
  • Natur guneen sorrera: Baratze parkean edo Baso Eskoletan hobekuntzak egin ditu udalak; energia komunitateen sorrerarako proiektu bat lantzen ari da, gainera, Uzturpe kiroldegian plaka fotovoltaikoak jartzeko proiektua martxan da.
  • Konfiantza Instituzionala: Aukera dagoen heinean, gomendioen inplementaziorako proiektuen barruan herritarren parte hartzea ahalbidetzen ari da udala. Horrez gain, balizko Herritarren Batzar Iraunkor batek beharko lituzkeen baldintzak aztertzeko prozesua abiatuko du. Auzoen mahaia ere eratu da, auzo-planak sortzea helburu izango duena. Herritarren parte hartzea indartzeko plataforma digital baten inplementazioa ere aztertzen ari da.

2023ko azaroan egin zen Tolosako Herritarren Batzarraren lehen jarraipen saioa, eta sei hilabeteren ondoren, gomendio horien inplementazioa martxa hartzen ari dela nabarmendu dute azken honetan parte hartu duten herritarrek. Are gehiago, aurrera begira ere proiektu zehatzen inguruan jarraipena egiten segitzeko borondatea agertu dute. Sei hilabete barru udalak jarraipen txostena helaraziko du, eta hurrengo hitzordu presentziala urtebete barru izatea adostu dute.

Dokumentuak:

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA