-
Dagoeneko talde sustatzailea martxan da eta orain, herritarren partaidetzarekin, talde motorra sortu nahi du udalak urtarriletik aurrera Tolosatzen Eskola Irekia proiektua abiarazteko.
-
Nazioarteko proiektu baten baitan kokatutako dagoen Tolosatzen Eskola Irekiak helburu du udalaren eta herritarren arteko elkar-ezagutza eta harremana sustatzea, agenda partekatu bat garatu eta komunitatea sendotzeko.
Herritartasun aktiboa sustatzea eta herritarren ahalduntzea ahalbidetzea 2019-2023 Legealdi Planeko helburu nagusiak dira. Eta helburu horien baita dago kokatua, hain zuzen ere, Tolosako Udalak martxan jarri nahi duen Tolosatzen Eskola Irekia.
Proiektu berria herritarrei aurkeztu zieten joan den asteazkenean Topic-en antolatutako ekitaldian Komunitatea eta Gobernantza saileko zinegotzi eta teknikari arduradunek. “Batzen gaituenari helduz, herri modura ditugun erronkei aurre egiteko eta elkarlanean eta modu antolatuago eta koordinatuagoan lan egiteko beharrari erantzuteko sortu da proiektua” adierazi zuen Garikoitz Lekuona Komunitatea eta Gobernantza saileko teknikari arduradunak.
Azaldu zuenez Tolosatzen Eskola Irekia nazioarteko proiektu baten baitan kokatua dago. “Tolosa aukeratu dute herri pilotu modura gure herriak baduelako jada esparru honetan bide bat egina; baditugu hainbat herri esperientzia eskola irekiaren baitan kokatuko ditugunak: mugi, Tolosatzen plan estrategikoa, aurrekontu parte-hartzaileak... eta herrian oso errotuta eta inplikatuta dauden hainbat eta hainbat eragile eta talde ere baditugu eta guztiak, Eskola Irekira erakarri nahi ditugu, proiektu amankomun bat garatu dezagun, agenda partekatu bat osatzeko” azaldu duen Lekuonak.
Beraz, joan den legealdian martxan jarritako Tolosatzen prozesuaren jarraipen bat izango da Tolosatzen Eskola Irekia, urrats berri bat, herri elkarrizketa, elkar-ezagutza eta udalaren eta herritarren arteko harremanak indartzea helburu duena, komunitatea sendotzeko, agenda partekatu bat garatzeko, alegia.
Hortaz, elkarlana eta lankidetza dira proiektuaren oinarrian dauden balio nagusiak. “Herri elkarrizketa ikuspegi orokor batetik lantzea da asmoa, pertsonak erdigunean kokatuz, balioetan oinarritutako elkarrizketa ahalbidetzeko, herri esperientziak partekatzeko, agenda konpartitu bat garatzeko, udalaren, eragileen, taldeen eta herritarren arteko sinergiak indartzeko baliagarria izango dena; indarrak batuz, herri modura, era antolatuagoan lan egin eta erantzuteko”.
Lekuonak azaldu zuenez, proiektuak 3 ardatz nagusi ditu:
-
Herritarrak trebetasun sozialetan gaitzea.
-
Ahalduntze sozio-komunitarioa, balore publiko amankomuna sortzeko.
-
Herriaren, udaletxearen eta ingurunearen ezagutza.
Talde motorra eratzeko bilera abenduaren 17an, 18:30ean pleno aretoan:
Dagoeneko talde sustatzailea sortua dagoela jakinarazi zuen Lekuonak eta eta orain, herritarren parte hartzearekin talde motorra eratu nahi du udalak. Proiektua aurrera eramateko aholkularitza zerbitzua izango dute bai udalak eta baita parte hartzen duten talde, eragile eta herritarrek ere. “Dagoeneko gonbidapena bidali diegu herriko talde eta elkarteei eta tolosar norbanako guztiei ere parte hartzeko deia egiten diegu” gaineratu du Lekuonak.
Horretarako eta proiektu berriaren nondik norakoak xehetasunez azaltzeko bilera irekia egingo da datorren asteartean, abenduaren 17an, arratsaldeko 18:30ean pleno aretoan.