Herritarrek aukeratutako bost proiektu txertatuko dira 2024ko udal aurrekontuetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/11/21 | Komunitatea eta Gobernantza
  • 1.000 pertsona baino gehiagok eman dute bozka aurtengo parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan, iaz baino 364 gehiagok.
  • 500.000 € bideratu ziren parte hartze bidezko proposamenetara, eta herritarren lehentasunen hurrenkera jarraituz, bost proiektu egin ahal izango dira.

 

Herritarren inplikazio handia izan dute aurtengo parte hartzeko bidezko aurrekontuek: proposamen eskaerek eta bozketa fasean botoa eman duten herritarren kopuruak gora egin dute.

Hain zuzen, Tolosan erroldatutako 16 urtetik gorako 1.037 pertsonak eman dute botoa, iazko prozesuan baino 364 gehiagok. «Datu hauek erakusten dute badela herria hobetzeko nolabaiteko inplikazio eta konpromisoa herritarren partetik, eta poztekoa da», esan du Andu Martinez de Rituertok. 

Aukeratutako bost proiektuak

17 proiektu eraman ziren bozketa fasera, eta horietatik 5 egingo dira. Hau da, 2024ko udal aurrekontuetan lekua izango dute. Proiektu horiek esleitu dira herritarren lehentasunen arabera; bozketako emaitzen hurrenkera bera jarraituko da, alegia. Hauek izango dira:

  • Zerkausi gaineko terraza egokitu eta herritarrei irekitzea: bozka gehien jaso duen proiektua izan da, 344 boto, hain zuzen. Urte luzez itxita izan da, eta izan duen degradazioa konpondu, altzari batzuk gehitu eta sarrera-irteeran ordutegiak automatizatzeko hobekuntzak txertatuko dira. 

  • Tolosako haur eta nerabeei zuzendutako udaleku irekiak sortzea: Urte askotan izan den eskaera da, eta eskaintza hori deiseinatu eta martxan jarriko da. 303 boto jaso ditu proposamen honek.

  • Haurrentzako ur parkeak: Ia 300 boto jaso ditu. Enpresa batzuekin dagoeneko jarri da harremanetan udala eta, behin esleituta, leku egokienak identifikatuko dira enpresa horrekin eta Hirigintza Sailarekin.

  • Merkataritza Plana auzoetan: auzoetan komertzio txikiak babesteko, eta negozio berrien sorrera sustatzeko plan bat egitea proposatu da, auzoetan zerbitzu batzuk eskura izan ditzaten.

  • Larramendi auzoko jolas eta ariketa fisikorako gunea: Joan den urteko prozesuan atera zen proposamen hau, baina ez zen gauzatu, ezta aurrekontuetan txertatu ere. Hartu zen konpromiso hori berriz hartu du udal gobernuak, eta aurtengo beste proposamen batekin osatu. Aurten aurrekontuetan txertatuko da. Auzotarrekin egindako bileretan, gainera, behar hori azpimarratu zuten, eta orain egi bihurtuko da. Larramendi 3ko plazatxoan, kalistenia eta helduentzako ariketa fisikoa egiteko tresnak jarriko dira. Larramendiko plazan, berriz, Montetxe kalearen ondoan, futbol zelai bat eraikiko da, eta alboan jolas mahaiak, ping-pong-ekoak, esaterako.

 

Tolosarren ekarpenak eskertuz

Herritarren kezkak ezagutzea oso aberasgarria izan dela dio alkateak: «Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei egindako ekarpen guztiengatik. Bozketara pasatzeak ere ez du esan nahi egingo ez direnik. Kontziente gara jasotako proposamen guztiei ezin izango diegula bide eman orain, baina batzuei beste bide batzuetatik ahal bezain beste txertatzeko ahalegina egingo dugu».

Hain zuzen, proposamen-eskaera ugari jaso dira aurtengo prozesuan, baina zegokien saileko teknikariek egindako azterketa tekniko eta ekonomikoen arabera, asko ‘ez-bideragarri’ gisa katalogatu ziren. «Askok ez zuten proiektu izaera, interbentzio txikiak ziren. Hortaz, horiek mantenu-planean txertatuko ditu udal gobernuak. Beste batzuk udalaren eskumenetatik kanpokoak ziren. Eta beste batzuk, berriz, aurrekontua gainditzen zuten, eta beste lanketa mota bat behar dute», azaldu du Garikoitz Lekuona, Gobernantza eta Komunitatea Saileko teknikari arduradunak. 

Proposamen horiek egiterako garaian kontaktua eman zutenei banan-banan erantzungo die orain, eta lehenengoz, udalak, erabakia arrazoituz. 

Behin aurtengo prozesua amaituta, hurrengo urtekoari berehala helduko diotela azaldu du alkateak: «Dagoeneko hasiak gara hurrengo urteko prozesuan pentsatzen, ikusi ditugulako prozesu honetan hobetu eta argitu beharrekoak. Lan horretan sakonduko dugu datozen hilabeteotan, hurrengo urtekoa ere emankorra izan dadin».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA