Informazio fasea amaituta, ongizatearen eta osasun emozionalaren inguruan deliberatzeari ekin dio Tolosako lehen Herritarren Batzarrak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/30 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Urritik hona dagoeneko 3 saioetan adituen informazioa eta arituen esperientziak jaso dituzte batzarkideek eta orain jasotakoaren inguruan hausnartu eta deliberatuko dute, gomendioak landu eta aurkezteko.
  • Azken saioa abenduaren 17an izango da eta bertan udal ordezkariei aurkeztuko zaizkie herritarrek landutako proposamenak. Ondoren, udal arduradunek ekarpen horien guztien bideragarritasuna aztertuko dute.

 

Tolosako lehen Herritarren Batzarra heldu da dagoeneko prozesuaren erdigunera. Urriaren 22an ekin zitzaion deliberazio prozesu aitzindari eta berritzaile honi eta orduz geroztik 3 saio egin ditu jada osasuna eta ongizate emozionala oinarri eta hizpide hartuta.

Prozesuan zozketa zibikoz aukeratutako 32 tolosarrek hartzen dute parte eta helburua da, guztiek elkarrekin ondorengo galderari erantzutea: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?

Informazio saioa amaituta, deliberatzeko garaia heldu da

Prozesu deliberatzaile hau bost saioz osatuta dago eta dagoeneko amaitu dira lehen hiruak. Horietan, parte-hartzaileek osasuna eta ongizate emozionalaren inguruan sakondu ahal izan dute, horretan adituak diren profesionalen zein arituen laguntzarekin.

Lehen saioan, esaterako, osasunaren eta ongizate emozionalaren eta lankidetza publiko-komunitarioaren marko orokorrak jaso zituzten; bigarren saioan, bakardadearen, feminismoaren, haur eta gazteen zein zahartzaroaren inguruan sakondu ahal izan zuten eta informazio saioa ixteko, hirugarren saioan, batzarkideek Tolosako esperientziak ezagutu ahal izan zituzten tokiko eragileen eskutik. Saio horretan, halaber, prozesuaren hurrengo urratsak irudikatze aldera, taldean deliberatzeko adostutako arauak, gomendioen egitura eta horien hainbat adibide aurkeztu zitzaizkien. Horri lotuta, deliberazio prozesuari hasiera emateko eta gomendioak nola landu praktikan jartzeko ariketa bat ere garatu zuten.

Orain arteko lanketa guztia ikusgai dago udal webgunean, www.tolosa.eus-en

Guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko gomendioak lantzen

Orain, informazio guztia jasota, lehen fase hori itxi eta abendura bitartean deliberazioan murgilduko dira batzarkideak, osasunaren eta ongizate emozionalaren inguruan gomendioak lantzeko.

Bi saio izango dituzte horretarako, abenduaren 3an eta abenduaren 17an, alegia. Azken saioan prozesuaren hasieran planteatu zitzaien galderari erantzuna emateko landutako gomendioak aurkeztuko dizkiete batzarkideek udal ordezkariei. Ondoren, udal arduradunek ekarpen horien guztien bideragarritasuna aztertuko dute eta 2-3 hilabeteko epean herritarrek egindako gomendioei erantzuna emango diete,  zein  inplementatuko diren eta zein ez eta zergatik azalduz.

Tolosako haurrak ere, deliberazioan murgilduta

Haurren Hiria proiektutik abiatuta, , ongizatea eta osasun emozionala lantzeko deliberazio prozesua egingo da 8-12 urteko haurrekin ere..

Kasu honetan, Herritarren Batzarra garatzen ari den prozesu berdina jarraituko da, noski, haurrei egokituta. Hori horrela, haur partaideak zozketaz aukeratu dira eta herriko hiru ikastetxeetako ikasleek hartuko dute parte.

Guztira 8-12 urte bitarteko 40 haurrek hartuko dute parte eta lau saiotan banatuta lau gai desberdin landuko dituzte: emozioak, dolua, bullying-a eta bakardadea. Haurren deliberazio prozesua abenduaren 16an hasiko da eta martxoa bitarte luzatuko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA