Keinu Txikien Aliantza, tolosarren bizitzak hobetzeko tresna

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/07/13 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Orain arte kontzienteki bizitzeko moduak, belaunaldikotasuna, berdintasuna, elikadura eta kontsumo moduen inguruko hausnarketa, gizartean parte-hartzea, eta ingurumena eta klima errespetatzeko bideak landu dira keinu txikien bidez.

  • Tolosatzen prozesuaren parte den Aliantza haurrekin ere landu da Haurren Hiria ekimenaren baitan eta euren ekarpenak egin dituzte.

  • Parte hartu eta begiratu hilaren hasieran zein diren hilabeteko keinu txikiak, praktikan ipini, eta amaieran ezagutu zure betetze maila galdetegi hau betez.

 

 

2021 hasieran aurkeztu zen Tolosatzen prozesuaren baitan Keinu Txikien Aliantza. Hilabete bakoitzean gai jakin bati lotutako keinu txikiak egitea du helburu, herritar guztien artean Tolosan balio jakin batzuk indartzeko: solidaritatea, berdintasuna, jasangarritasuna, tokikotasuna, besteak beste.

Tolosarrok komunitate bat osatzen dugu eta keinu txiki horien bitartez herritar askoren bizimodua aldatu eta hobetu daiteke, bakoitzaren begi eta begiradetatik abiatuta, herritar gisa ahalduntzeko, komunitate bezala indartzeko eta elkar zaintzeko.

Orain arte, hilabetez hilabete, gai hauei lotutako keinu txikiak landu dira: kontzienteki bizitzea, belaunaldikotasuna eta inklusioa, berdintasuna, elikadura eta kontsumo ohiturak, parte-hartzea eta elkartegintza, eta ingurumena eta klima. Uztailean keinu txikien gaia da gazte aktiboena, eta hurrengo hilabeteetan gertuko turismoa, mugikortasuna eta ohitura osasungarriak, kultura, birziklapena eta euskara izango dira ardatz.

Parte hartu egunerokotasunean keinu txikiak praktikan jarriz

Keinu Txikien Aliantzan parte hartzeko, begiratu hilabete hasieran hilabeteko keinu txikiak zein diren udalaren webgunean, Tolosatzen Aliantzari buruzko atalean, eta, amaieran, ezagutu zure betetze maila galdetegi hau betez.

Modu honetara, hileroko gaiari lotuta tolosarron konpromiso maila ezagutzeko aukera dugu guztiok, komunitate eta herri modura ditugun indargune eta ahulguneak ezagutzeko eta zein esparru indartu jakiteko.

Haurrek ere keinu txikiak landu dituzte Haurren Hiria proiektuan

Tolosako Haurren Hiria ekimenak helburu izan du ikasturte honetan emozioak eta sentimenduak ulertzearen inguruko lanketa egitea haurrekin. Horretarako, Keinu Txikien Aliantza ere izan dute hizpide, eta hilabetero keinu txikiak landu dituzte, eta berriak ere proposatu dituzte, hala nola, familiarekin egotea, kirola egitea, irakurtzea, eguneko momentuak gehiago gozatzea, elkarren artean ondo eramatea...

Aliantza, urte hasieran, helduen ekarpenetatik abiatu zenez, haurren ikuspegia txertatuko da orain, eta haintzat hartuko dira haurrek proposatutako keinu txikiak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA