Keinu txikien herri aliantza egutegi formatuan herritarren parte hartzea sustatzeko

Tolosako Udala
2020/12/02 | Tolosatzen
  • “Orain inoiz baino gehigo, Guztion artean Tolosatzen” prozesuan tolosarrek egindako ekarpenetatik abiatuta osatu da Tolosatzen aliantza.

  • Egutegi formatuan jaso dira herritarrek proposatutako keinu txikiak; hilabete bakoitzak gai nagusi bat izango du, tolosarrek hileroko gaiari lotutako keinuak egin ditzaten egunerokoan.

  • Egutegia etxe guztietara banatuko da, eskoletan ere bai, ikuspegi pedagogikoa duelako egutegiak eta tolosar guztien atxikimendu eta konpromisoa lortzea duelako helburu.

 

Ekainean abiatu zuen udalak “Orain inoiz baino gehiago, Guztion artean Tolosatzen” partaidetza prozesua, egungo egoerara egokituta eta egungo egoera hizpide, komunitatea sendotzeko helburuarekin.

Guztira 6 saio egin dira eta gai zehatzak landu dira: ongizatea, kultura, ekonomia eta ingurumena. Gai horiek ikuspegi ezberdinetatik aztertu dira: aurrekontuetarako proposamenak egin dira eta norbanako gisa egin ditzakegun ekintza edota keinu txikien inguruko hausnarketa eta lanketa egin da elkarrekin eta keinu txikien bidez Tolosa hobea eraikitzeko.

“Gizarte eta herri modura egoera guzti honetatik indartuago atera gaitezen gobernantza parte hartzailea paradigma berri honen erdigunean kokatzea ezinbestekoa da eta Tolosatzen herri aliantzaren bidez, ekintza txikien bitartez, herritarrak Tolosako errealitate berriaren eredu eta eraikitzaile izan daitezen sustatu nahi dugu” azpimarratu du, Joseba Ormazabal Komunitatea eta Gorbernantza arloko zinegotziak. “Horregatik herritarren parte hartze eta inplikazioa ezinbestekoak dira Tolosatzen Aliantzarako” gehitu du.

“Komunitate bat osatzen dugu eta keinu txikien bitartez jende askoren bizimodua alda dezakegu, komunitatean bat eginda, gure etorkizuna elkarrekin marrazteko, bakoitzaren begi eta begiradetatik abiatuta, herritar gisa ahaldunduz, komunitate gisa indartzeko eta elkar zaintzeko” esan du Ormazabalek.

 

Hilero gai bat eta keinu txikien sorta, ikuspegi pedagokiko batetik

Tolosa eraldatu, suspertu eta hobetzeko, herritarrek, udal teknikariek eta ordezkari politikoek egindako ekarpenetatik sortu da ekintza txikien sorta. Horiek egutegi batean jaso dira, herritarrek egunerokoan aplika ditzaten.

Hilabete bakoitzak gai bat izango du eta keinu txikien zerrenda gai horri lotuta. Tolosar guztien atxikimendu eta konpromisoa lortze aldera egutegia abenduan etxe guztietara banatuko da eta Tolosako ikastetxeetan ere banatuko da, ikuspegi pedagogiko bat ere baduelako egutegiak, eta lagun artean, familian... egiteko ariketa eta jolas modura ere planteatu baitu Aliantza udalak.

Ariketa honetan parte hartuz, tolosarrok gure egunerokoan komunitatea eta herria sendotu eta hobetzeko keinu txikiak egingo ditugu, Tolosa hobe baten alde.

 

Egitasmoa urtarriletik aurrera martxan

Egutegia abenduan banatuko da, urtarriletik hasita herritarrek keinu txikiak praktikan jar ditzaten. Udalak webgune bat sortu du eta bertan ikusi ahal izango dira hileroko keinu txikiak eta herritarrek aplikazio baten bitartez hilebete horretan egindako ekintzak markatu ahal izango dituzte, modu honetara, Tolosatzen aliantzaren betetze maila ezagutuko da.

Egitasmo honi lotuta komunikazio kanpaina berezia ere egingo du udalak hilero herritarrei gogorarazteko hileko gaia zein den eta hilebete horri zein keinu txikien sorta dagokion.