- Joan den abenduaren 17an deliberazio prozesu aitzindari honen azken saioa burutu zen eta bertan, prozesu osoan zehar entzun eta landutakoa oinarri hartuta, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko landutako gomendioak aurkeztu zizkien batzarkideek udal arduradunei.
- Datozen urratsen artean, Tolosako Udalak gomendio horien guztien bideragarritasuna aztertuko du eta martxoan erantzuna emango die, zein inplementatuko diren eta zein ez eta zergatik azalduz.
Joan den abenduaren 17an amaiera eman zitzaion Tolosako lehen Herritarren Batzarrari. Prozesu berritzaile eta aitzindari honek helburu izan du herritarrak gai eta erronka publiko garrantzitsu baten eztabaidan inplikatzea.
Horretarako, Tolosako komunitatearen aniztasuna bermatuz, lehenik eta behin, zozketa zibikoz aukeratutako 32 tolosarren taldea sortu zen eta urritik abendura bitartean egindako bost saioetan, honako galderari erantzuteko ibilbidea jorratu dute batzarkideek: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?
14 gomendio guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko
Tolosako lehen Herritarren Batzarra demokrazia deliberatiboa eta lankidetzazko gobernantza praktikara eramateko ariketa izan da.
Ariketa hau 40 ordukoa izan da eta batzarkideak bost larunbatetan elkartu dira Tolosako Udalak proposatutako galderari erantzuna emateko. Lehen saioetan batzarkideek osasuna, ongizate emozionala eta lankidetza publiko-komunitarioaren inguruan sakondu zuten, horretan adituak diren profesionalen zein arituen laguntzarekin. Ondoren, deliberazio prozesuan murgildu ziren herriko erronkei erantzunak bilatzeko eta azkenik, hasierako galdera horri erantzuteko gomendio kolektiboak landu dituzte.
Hain zuzen 14 izan dira guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko batzarkideek landutako gomendio kolektiboak eta horiek guztiak aurkeztu zizkieten azken saioan, abenduaren 17an, alegia, Tolosako Udal ordezkariei. Izan ere, bertan izan ziren Tolosako alkatea, Olatz Peon eta Udala osatzen duten alderdi politikoetako ordezkari bana.
Hauek dira landutako gomendioak:
- Arkitektura inklusiboa
- Tolosarren ongizate emozionalaren egoera ezagutzen
- Denok dugu boluntario bat barruan
- Ongizate emozionalerako laborategia: Labea edo baratza kolektiboa
- Herritarren beharrak herriko zerbitzuekin asetzeko informazio gunea
- Etxegazte
- Arrakala digitala gainditzen
- Nerabeak, LGTBIQ+, suizidioa: arreta, hezkuntza eta esku-hartzeko programa
- Existitzen diren asoziazioetan boluntariotza garaikidea esperimentatzea: tutoretza, bitartekaritza, bidelaguntza zerbitzua
- Ontzi komunikatzaileak. Harremanak eta sareak sortzen dituzten ekimenak (adinik gabe)
- Espazioa eta aisia, gazteak (13/18)
- Gazteak eta elkarte gastronomikoak
- Gune berdeak
- Konfiantza instituzionala: parte hartzeko dinamika iraunkorrak
Era berean, gomendioez gain, prozesuan zehar sortu diren beste hainbat ideia ere jaso Udalari aurkeztutako txostenean. Azken saioan, halaber, bizitako esperientziaz ere mintzatu ziren batzarkideak: Herritarren Batzarrean parte hartzea zergatik erabaki zuten, deliberazio-saioetan jarraitutako prozesua, definitutako gomendioak, gomendioei jarraipena egiteko eskaera eta bakoitzarentzat deliberazioan parte hartzeak izandako eragin positiboa.
Udalari aurkeztutako txostena ikusgai dago hemen.
Deboluzio saioa martxoan
Batzarra deitzean hartutako konpromisoari helduz, Tolosako Udalak gomendio horien guztien bideragarritasuna aztertuko du eta martxoan horiei guztiei erantzuna emango die, zein inplementatuko diren eta zein ez eta zergatik azalduz.
Horrekin batera, datozen asteetan egitasmoaren ibilbidearen laburpen bideoa argitaratuko du Udalak, esperientziaren xehetasunak eta barnetik bizitakoak ezagutarazteko. Bertan partaideen testigantzak, talde sustatzailearen ikasketak eta balorazioa ikusi ahalko dira.