Osasun eta ongizate emozionala, Tolosan aurrera eramango den deliberazio egitasmo ordezkatzailerako gaia

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/06/09 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Abendutik hona, Tolosako Udala prozesua bera eta Herritar-Batzarraren diseinua eta inplementazioa lantzen aritu da Arantzazulab eta ELGAren laguntzarekin.
  • Gaia ordezkari politiko guztien artean aukeratua izan da  pandemiak are eta ageriagoan utzi duen erronka bati erantzute asmoz: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?

 

Gobernantza eredu berrietan sakontzeko helburuarekin, eta Tolosan deliberazio egitasmo ordezkatzailea abiarazteko, abenduan Tolosako Udalak hitzarmena sinatu zuen Arantzazulab Gizarte Berrikuntza Laborategiarekin.

Ordutik hona, ELGA (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) eta Arantzazulab-ekin batera, Tolosako Udaleko ordezkari politikoak eta Komunitate eta Gobernantzako teknikaria prozesua bera finkatzen eta Herritarren-Batzarra diseinatzen eta aurrera eramateko bideak lantzen aritu dira. Horretarako, nazioarteko adituen eskutik formakuntza saioak jaso dituzte, besteak beste, zozketa zibikoari buruzkoak, prozesu deliberatzaile ordezkatzaileen faseei buruzkoak edota komunikazioari buruzkoak. Era berean, urte hasiera geroztik, Tolosako udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi politikoetako ordezkariek lan saio ugari egin dituzte gaia eta galdera zehazteko.

Egunotan ere, deliberazio publikoaren instituzionalizazioari buruz hausnartzeko eta nazioarteko esperientzia desberdinak ikertu eta ezagutzeko jardunaldiak egin dira TOPICen, ELGAko ordezkarien eta aditu desberdinen parte hartzearekin.

Lankidetzazko gobernantza eta demokrazia indartzeko egitasmoa

“Gizarte gisa ditugun erronkei elkarlanetik egin behar diegu aurre, elkarlan publiko-komunitariotik eta horretarako ezinbestekoa da gobernantza eredu berrietan sakontzea, gobernantza eredu berrien aldeko apustua egitea, estrategia ausartagoen eta prozesu berritzaileen bidez, politika publikoen diseinuan inplikatzeko herritarrak, guztion ekarpen eta konpromisoa ezinbestekoak direlako gure etorkizuna eraikitzeko” azpimarratu du Olatz Peon Ormazabal alkateak.

“Horrelako deliberazio prozesuak demokrazia bera indartzen dute, parte hartzea, komunitatea, elkarlana, direlako herrigintzaren giltzarriak.Tolosan gobernantza eredu berriak errotzera eta indartzera dator prozesu berritzaile hau, erronkei modu adostuan, parte hartzailean erantzuteko, elkarlanetik eta elkarlanean” adierazi dute udal ordezkariek.

“Prozesu berritzailea izango da, gainera, bai Tolosan, baita lurralde osoan ere, Tolosa aitzindari izango delako horrelako prozesu baten garapenean, eta azpimarra jarri nahi dugu kontu honetan, kontzientzia har dezagun proiektuaren garrantziaz” gaineratu dute.

Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?

Galdera zehatz horri erantzun beharko diote tolosarrek prozesu deliberatibo honen bidez.

Covid19 pandemiak agerian utzi du komunitate kohesionatu eta indartsu bat izatearen garrantzia eta beharra eta zenbat eta lotura eta harreman gehiago pertsonen artean orduan eta osasuntsuagoa dela komunitatea.

Zentzu horretan, tolosarren osasun eta ongizate emozionala udalerri gisa dugun erronka sozial kolektiboetako bat da; erantzun kolektiboa eskatzen duena, duen dimentsioagatik eta konplexutasunagatik.

Isolamendua, depresioa, antsietatea eta bakardadea bezalako errealitateak eta arazoak, besteak beste, gure inguruko adin guztietako pertsonengan ematen dira, eta nabarmenagoak egin dira oso denbora laburrean.

Gainera, luzaroan, arazo hauen aurrean estereotipoak eta estigmak sortu izan dira, hainbat eremutatik aurre egiten saiatu garenak. Tolosako Udalak hainbat prebentzio-proiektu gauzatu ditu osasun emozional komunitarioa zaintzen laguntzeko. Aldi berean, Tolosako komunitatea osasun-arazoei eta ongizate emozionalari aurre egiteko laguntza-sareak sortzen saiatu da. Baina ekimen horiek guztiak ez dira nahikoak izan.

Estigmak hausteko eta elkarrekin lan egiteko garaia da, gizarte gisa dugun erronka honi erantzun kolektiboak bilatzeko.

Ausaz aukeratutako 32 herritarrek osatuko dute Herritarren-Batzarra

Herritarrekin deliberazio prozesua udazkenean abiaraziko da, talde sustatzaileko eragileak azken hilabeteetan prozesuaren diseinuan lanean ari badira ere Irailean zabalduko da izen ematea eta azaroan egingo da zozketa zibikoa herritarren panela, hau da, Herritarren-Batzarra osatzeko, tolosar komunitatearen  aniztasuna bermatuz. Guztira, 32 tolosarrek parte hartuko dute deliberazio egitasmoan.

Parte hartzaileek lehenik eta behin formazioa jasoko dute adituen eskutik, eta ondoren udalak zehaztutako gaiaren inguruan hausnartu eta deliberatuko dute agintari publikoei zuzendutako politika publikoko gaiei buruzko gomendio eta proposamen zehatzak lantzeko.

Prozesuaren nondik norakoak  irailean aurkeztuko dira saio ireki batean.

Naiara Goia, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak azpimarratu du Tolosako egitasmoa “esperientzia garrantzitsua da, herritarrekin lankidetzazko gobernantza modu berrietan sakondu nahi dugunontzat”, izan ere,“Arantzazulab-en xedea da, batetik,  prozesu hauen inguruko ezagutza garatzea, ezagutza hori erakunde sistemaren eskura jartzea; eta bestetik,  deliberazio prozesuak hedatzeko eta instituzionalizatzeko aukerak aztertzea.  Deliberazio publiko ordezkatzailea tresna bat da, beste hainbaten artean, gobernantza inklusiboagoa sustatzeko,  herritarrei paper protagonista ematen dielako zenbait erabaki publiko hartzerako orduan. Gainera, Tolosan abiatutako ekimenean nazioarteko bidelagunak izatea garrantzitsua da ezagutza geureganatzeko, tokiko gaitasunak garatzeko eta herritarrak agenda publikoaren eraikuntzan modu esanguratsuan inplikatzeko prozesu hauek eraginkorragoak izateko”.

Amaitzeko, Claudia Chwalisz, ELGAko Herritarren Partaidetza Berrikuntza arduradunak adierazi du Tolosako udalerria Gipuzkoako herritarren parte-hartze alorrean abangoardian dago, eta aitzindaria izango da horrelako prozesu baten garapenean. Udalak, gainera, denbora darama herritarrak politika publikoen diseinuan inplikatzen, herritarrei ahotsa emanez: aurrekontu parte-hartzaileak, Tolosatzen Eskola Irekia, herritarrak ahalduntzeko eta gaitzeko helburuarekin. Gaur, Tolosako Udalak urrats bat gehiago egingo du herritarrak erabakien erdigunean kokatzeko,   lankidetza publiko-komunitarioaren bidez guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko bidean. Bereziki pozgarria da Tolosako Udaleko kide politiko guztie azaldutako konpromiso sendoa,  arrakastarako funtsezko osagaia baita. Espero dut Tolosa eredugarri izatea beste udalerrientzat, antzeko prozesuak abiatu daitezen, herritarrek gero eta pisu handiagoa izan dezaten politika publikoen garapenean”.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA