Partaidetza handia aurtengo aurrekontu partehartzaileen prozesuan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/03 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Guztira, 213 proposamen jaso dira. Ekarpenak banaka  eta teknikoki aztertu dira; orain bozketara pasako dira jasotako proposamenak tolosarrek ideia edo ekarpenik interesgarrienak lehenetsi ditzaten.
  • Bozketa fasea gaur zabalduko da eta zabalik egongo da azaroaren 6ra arte. Bozketa prozesua aurrez-aurre edo online egin ahal izango dira eta bozketa prozesuari buruzko argibideak emango dira gaur Kultur Etxean, 18:00etatik aurrera.

 

Berrikuntzak txertatu dira aurtengo Tolosatzen aurrekontu parte hartzaileen prozesuan. Tolosarrek Tolosa hobetzeko ekarpenak egiteko aukera izan dute eta prozesu parte hartzailearen lehen fasea amaituta, gaur abiatuko da bozketa prozesua jasotako ekarpenen artean ideia edota ekarpenik intesgarrienak lehenetsi ditzaten tolosar herritarrek.

 Berrikuntzek harrera oso ona herritarren aldetik

 Aurten abiatutako prozesuan tolosar askok parte hartu dute, guztira 213 proposamen jaso dira. Joseba Ormazabal, Komunitatea, Gobernantza eta partaidetza saileko zinegotzi arduradunak azpimarratu du “azken urteotan partaidetzaren alorrean Tolosatzenen eskutik egindako ibilbideak partaidetzaren kultura errotu du Tolosan; aurten berrikuntzak txertatu ditugu prozesuan online parte hartzeko aukera zabalduz, herritarrei parte hartzeko erraztasunak emateak lagundu du partaidetza areagotzen eta bistakoa da tolosarrek barneratua dutela partaidetzaren garrantzia eta udal erabakietan parte hartzeko inplikazioa; aurten partaidetza altua izan da eta oso pozik gaude berrikuntzek izandako harrerarekin eta tolosarrengandik jasotako erantzunarekin”.

 Jasotako ekarpenak banaka aztertu dira. Udaleko sail bakoitzak bere alorrari lotutakoak gainbegiratu ditu eta bozketara pasako dira teknikoki egingarriak direnak edo udal eskumenekoak direnak. Guztira 64 proposamen.

 Joseba Ormazabalek azaldu du antzeko proposamenak multzokatu egin direla, proposamen batzuk errepikatuta zeudela eta mantenu lanei lotutako proposamenak bozketatik kanpo geratu direla; “horiek baina urteko mantenu plangintzan jasoko dira” gaineratu du. Udal eskumenekoak ez diren proposamenak bozketatik kanpo geratuko dira, baina udala horiek bideratzen ahaleginduko da. Zaraten aurkako pantailei lotuta, “eskari asko jaso ditugu Izaskun auzoan, Iparragirren edota San Blas pasabideko zubian zaraten aurkako pantailak jartzeko, Foru Aldundiaren eskumeneko gaia denez, udala elkarlanean aritu da Aldundiarekin eta jada hasita daude pantailak jartzeko lanak eremu horretan” azpimarratu du Joseba Ormazabalek.

 Bozketa prozesua ere, aurrez aurre eta online

 Ekarpenak bezalaxe, ideia edo proposamen interesgarrienak aurrez aurre edota online lehenetsi ahal izango dituzte tolosarrek. Bozketa prozesuan 16 urtetik gorako tolosarrek parte hartu ahal izango dute eta bozketara pasatako 64 proposamenetatik, 3 lehenetsi ahal izango dituzte herritarrek.

 Jasotako proposamen bakoitzak fitxa-teknikoa izango du, dagokion balorazio teknikoarekin. Guztiak udal webgunean herritarren eskura jarri dira.

Aurrez aurreko bozketarako, postontziak jarri dira UDATE herritarren arreta bulegoan, kultur etxean eta Usabal kiroldegian. Eskuorria bete eta postontzietan utzi ahal izango dute herritarrek. Eta udal webgunearen bidez ere bozkatu ahal izango dira proposamenik interesgarrienak https://aurrekontuak.tolosa.eus/ atalean.

 Bozketa prozesua gaur abiatu da eta herritarrek azaroaren 6ra arte izango dute bozkatzeko aukera. Halaber, gaur arratsaldean, 18:00etan, informazio jardunaldia egingo da kultur etxean, tolosarrei bozketa prozesua eta jasotako ekarpenak azaltzeko.

 Bigarren fase honetan, beraz, herritarrek hainbat proposamen lehenetsi ahal izango dituzte eta udalak horiek 2023ko aurrekontu proiektuan txertatzeko azterketa egingo du.

 Amaitzeko, Ormazabalek gehitu du “prozesuaren helburua dela herritarrek zein gairi ematen dioten lehentasuna ezagutzea. Edozein kasutan proposamen asko dira oso interesgarriak eta hurrengo urteetako udal politiketan kontuan izango ditugu”.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA