Tailer batek eta bi hiltzaldik osatzen dute Tolosatzen Eskola Irekiaren urtarrileko eskaintza

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/01/10 | Komunitatea eta Gobernantza

 

  • Ongizate emozionala eta autozainketa ardatz hartuta, ‘Geure burua zainduz’ tailerraren beste saio bat eskainiko da, urtarrilaren 15ean, Saioa Garmendiarekin.
  • Jexux Mari Mujikak eta Xabier Lizasok hitzaldi bana eskainiko dute urtarrilaren 23an eta 31n, hurrenez hurren. 

 

Urte berriari hasiera emanda, aurrera jarraitzen du Tolosatzen Eskola Irekiaren egitarauak eta urtarrilean tailer batek eta bi hitzaldik osatuko dute eskaintza hori. 

Aurreko urteetan bezala, eskaintza oro har herritarren prestakuntza eta gaikuntzara bideratutako jarduerez osatuta dago eta Tolosako gizarte-eragileen, Udaleko sailen eta beste erakunde batzuen laguntzarekin eta parte hartzearekin osatu da. Urtarrileko bi hitzaldiak esaterako, Beti Ikasten elkartearekin elkarlanean antolatu dira.  

Hori horrela, lehenik eta behin ongizate emozionala eta autozainketa oinarri dituen ‘Geure burua zainduz’ tailerrari ekingo zaio urtarrilean, eta lehen saioa urtarrilaren 15ean izango da, Saioa Garmendiak gidatuta. Garmendia ongizate emozionalean, emozioen lanketan eta Mindfullnes-ean aditua da eta parte hartzaileei emozioen kudeaketarako eta autozainketarako erremintak eskeiniko dizkie. 

Izan ere, tailer horren helburua da partertzaileei bere burua zaintzeko autoestimua hobetzeko eta bere emozioz jabetu eta horiek partekatzeko espazio atsegin eta lagunkoia eskaintzea. Tailerra urtarrilaren 15ean hasi eta abenduaren 16a bitartean hamabost egunez behin eskainiko da,  talde txikitan eta bi txandatan antolatuta, Alondegia plazako Iturriza elkartean.  Urtarrileko lehen saioan lehen txanda 16:00etatik 18:00etara izango da eta bigarrena 18:00etatik 20:00etara. 

Plazak mugatuak dira eta izen ematea oraindik zabalik dago bi taldeak osatzeko. 

Egungo zailtasunei esperantzaz begiratzeko gakoak Jexux Mari Mujikaren eskutik 

Era berean, Jexux Mari Mujikak egungo zailtasunei esperantzaz begiratu eta heldu ahal izateko baldintzak eta aukerak izango ditu hizpide, urtarrilaren 23an, goizeko 10:00etan Topicen eskainiko duen hitzaldian. 

Mujika Filosofian eta Geografian zein Historian lizentziatua da eta hitzaldi honetan norberaren osasun emozional zein mentala oinarri hartuta, egunerokoari positibotasunez aurre egiteko gakoak eskainiko dizkie bertaratzen direnei. 

‘Do, Re, Ni’,  musika eta garapen pertsonala uztartzen dituen tailerraren aurkezpena

Xabier Lizaso pianista eta ikertzaileak garatutako ‘Do, Re, Ni’ egitasmoak neurozientzia eta musika uztartzen ditu eta helburu du musikaren bitartez garuna estimulatzea pertsonen garapen pertsonalean eragiteko. 

Urtarrilaren 31n tailer horien aurkezpen hitzaldia eskainiko du Lizasok, euskaraz, 10:00etan Topicen, aurrerago eskainiko dituen saioen dinamikak eta nondik norakoak azaltzeko.

Izen-emateak udalaren webgunean egin daitezke.

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA