Tolosa hobetzeko 392 proposamen-eskaera egin dituzte herritarrek, aurrekontu parte-hartzaileen bitartez

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/10/03 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Orain, urria amaiera bitartean, teknikoki zein ekonomikoki aztertuko dira horiek guztiak eta irizpideak betetzen dituztenak bozketa fasera pasako dira.
  • Era berean, hilaren 30ean informazio saioa egingo da egindako lanketaren eta bozketa fasera pasa diren proposamenen berri emateko.

Urtetik urtera handituz doa tolosarren inplikazioa eta parte hartzea herrigintzan eta horrela erakutsi du, oraingoan, 2024ko aurrekontua osatzeko Tolosako Udalak abian jarritako parte hartze prozesuaren lehen faseak.

Hain zuzen, duela 2 aste ekin zitzaion aurrekontu parte-hartzaileen prozesuari eta denbora tarte horretan, Tolosa hobetzeko ekarpen eta proposamenak egin ahal izan dituzte 16 urtetik gorako herritarrek, aurrez aurre zein online.

Parte-hartze zifrei erreparatuz, iaztik hona asko handitu da jasotako ekarpen kopurua, ia bikoitza. Zehazki 392 izan dira herritarrek egindako proposamen-eskaerak, 123 aurrez aurrekoak eta 269 internet bitartez egindakoak. Pasa den urtean 213 eskaera jaso ziren.

Azterketa teknikoaren eta ekonomikoaren txanda

Orain, hilabete amaiera bitarte, jasotako proposamen-eskaera guztiak aztertuko dira, eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnak bozketa fasera pasako dira.

Izan ere, aurten, handiagoa izango da herritarren erabakimena prozesu honetan: alde batetik, parte hartze bidez erabakiko den aurrekontua handitu da, 500.000 eurora. Eta, bestetik, tolosarrek zuzenean erabakitzeko eskumena izango dute.

Hori horrela, azterketa tekniko-ekonomikoa amaitutakoan, herritarrek egindako proposamenen artetik gogokoenak hautatu eta udal aurrekontuaren 500.000 euro horiek zein proiektuetara bideratu erabakiko dute.

Horretarako, irizpideak betetzen dituzten proposamen guztiak urriaren 30ean argitaratuko dira, eta egun horretan abiatuko da bozketa fasea. Egun horretan bertan, halaber, informazio saioa egingo da egindako lanketaren eta bozketa fasera pasa diren proposamenen berri emateko.

Ondoren, azaroaren 5era arte izango da proposamenak bozkatzeko aukera eta behin epe hori igarota, bozka gehien jaso duten proposamenak, hurrenkeraren arabera eta diru-poltsa mugaren barruan, 2024ko udal aurrekontuan txertatuko dira.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA