- Pasa den asteburuan egin zen saioa eta bertan udal ordezkariek ondoko bost gomendioen lanketaren inguruko azalpenak eman zituzten: arkitektura inklusiboa; nerabeak, LGTIQ+, suizidioa: arreta, hezkuntza eta esku-hartzeko programa; espazioa eta aisia, gazteak (13/18); gune berdeak eta konfiantza instituzionala: parte hartzeko dinamika iraunkorrak
Pasa den larunbatean Tolosako Herritarren Batzarra osatzen duten herritarrak eta udaleko ordezkariak batu ziren Tolosako kultur etxean. Saioaren helburua Udalaren partetik herritarren gomendioak ezartzeko egindako bidea aurkeztea izan zen. Horrekin batera, aurrerantzean emango diren hurrengo urratsak argitu zituzten udal ordezkariek eta orain arte egindako lanketa herritarrekin kontrastatu zen.
Ongizatea eta osasun mentala hizpide
Ongizate eta osasun mentala izan zen Tolosako Herritarren Batzarrak jorratu zuen gaia; herritarrak erabaki publiko batzuetan modu esanguratsuan inplikatzea bilatzen du Tolosan lehenengoz egin den herritarren deliberazio egitasmo berritzaile honek. Hain zuzen ere, gaiaren inguruan herritarren 14 gomendio egin zituen herritarren batzar honek. Udalak hartutako konpromisoari helduz, larunbatean izan zen lehen itzultze-saioa.
Andu Martinez de Rituerto alkateak hasi zuen saioa azalduz Tolosako Udalarentzat egitasmo honek duen garrantzia eta gomendioak ezartzeko Udalaren konpromisoa berretsi zuen. Ondoren, udal ordezkariek hitza hartu zuten, eta hurrenez hurren, aipatutako bost gomendioen ekintzen berri eman zuten: Rituertok, arkitektura inklusiboa gomendioetan egindakoa deskribatu zuen; Xarles Iturbek nerabeak, LGTBIQ+, suizidioa eta espazio eta aisia, gazteak; Aitor Agirresarobek, gune berdeak eta Josune Sanzek, konfiantza instituzionala.
Aurkezpenaren ostean, batzarkideak lau taldeetan banatu ziren. Talde bakoitzean, bi gomendiori buruz gogoeta egin zen. Lehenik, batzarkideek beraien galderak zehaztu zituzten eta lehen ebaluazio bat egin zuten, ondoren udaleko ordezkariekin galderak zein kezkak kontrastatzeko aukera izan zuten. Saioa isteko Tolosako Udaleko Gobernantza eta Garapen komunitarioko teknikari Garikoitz Lekuonak azkeneko balorazioak jasotzeko erronda dinamizatu zuen. Horren ostean, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak, Naiara Goiak, gomendioen inplementazioari jarraipena emateko hurrengo urratsak aurkeztu zituen. Eta azkenik, Andu Martinez de Rituertok azpimarratu zituen orain arte inplementazioan izandako erronkak, eta hurrengo hilabeteetan emango dituzten urratsak deskribatu zituen.
Udal ordezkariek batzarkideei proposatu zieten aurreikusita ez zegoen itzulpen saio bat egitea 2024ko maiatzean, orain arte aurreratu ezin izan diren ekintzak gauzatuko baitira hurrengo hilabeteetan, eta horien berri ematea proposatu zuten prozesuaren hasieran 2024ko urrian aurreikusita zegoen itzultze-saioa baino lehen.
Aurrekariak: Tolosako Herritarren Batzarraren ibilbidea
2022an Tolosako Udalak eta Arantzazulab-ek Tolosako Herritarren Batzarra abiatu zuten nazioarteko zein tokiko hainbat eragilerekin elkarlanean. Nazioartean bidelagun izan dituzte ELGA erakundeko lan taldea, eta gurean Aztiker, Deliberativa, Aktiba (EHUko ikerketa taldea) eta Prometea.
2022ko urrian zozketa zibikoaren bidez, alegia, ausaz edo modu aleatorioan, Tolosako 32 herritar hautatuak izan ziren Herritarren Batzarrean parte hartzeko. Batzarkideak tokiko aniztasuna deskribatu zezaten zenbait irizpide jarraituta aukeratuak izan ziren, zehazki: adina, generoa, hezkuntza-maila eta Tolosako zein auzoetan bizi ziren.
32 batzarkideek 2022ko urritik eta abendura bitartean 40 orduetan deliberatu egin zuten, betiere, Udalak abiapuntuan proposatutako galderari erantzuteko: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?
2022ko abenduaren 17an batzarkideek 14 gomendio aurkeztu zizkioten Tolosako Udalari. Tokiko erakundearen ordezkariek barne lanketa egin zuten hurrengo hilabeteetan eta 2023ko martxoaren 25ean udal ordezkariek gomendio bakoitzari erantzun zioten zehaztuz: zein gomendio inplementatuko zituzten eta nola, eta zeintzuk ez zituzten inplementatuko eta zergatik. Saio horretan udaleko ordezkari politikoek eta batzarkideek erantzunaren kontrastea egin zuten, eta hainbat galdera eta zalantza azaleratu ziren.
Egitasmoaren web-orrian batzarkideek egindako gomendioak eta Udalaren erantzuna jasotzen dituzten dokumentuak eskuragarri daude. Geroztik, Tolosako Udaleko lan taldeek ekin diote hartutako konpromisoak inplementatzeari. Aurten bost gomendioen lanketarekin hasi dira:
A. Arkitektura inklusiboa
H. Nerabeak, LGTIQ+, suizidioa: arreta, hezkuntza eta esku-hartzeko programa
K. Espazioa eta aisia, gazteak (13/18)
M. Gune berdeak
N. Konfiantza instituzionala: parte hartzeko dinamika iraunkorrak